Sorgin-orratzak, eskuak eta bihotzak
Katamotza, sorgin-orratza eta armiarma. Horiek izan ziren animalia bat izango banintz, zein aukeratuko nukeen galdetu zidatenean burura etorri zitzaizkidan lehenak. Eguzki-printzak eskuineko leihotik sartu eta harrizko paretan desegiten ziren, animalien izenak idazten zituzten eskuak argituz. Hogeita hamar esku. Hamabost bihotz. Denok egin genuen ariketa bera. Gehiegi pentsatu gabe, begiak ixterakoan guregana hurbiltzen ziren izakiak papereratu eta agerpen horien zergatia azaltzen saiatu ginen. Ondoren, aulkiekin zirkulu bat osatu genuen eta idatzitakoa elkarri kontatu genion.
Ariketa amaitu eta gero, bazkaltzen ari ginen bitartean, sorgin-orratz bat ikusi nuen mahaiaren gainean hegan egiten. Aveyroneko landetxe berean igarotzen nuen laugarren eguna zen. Ordurako tximeleta, erle, liztor eta euli asko ikusiak nituen, baina burruntzi edo sorgin-orratz bakar bat ere ez. Aurreko egunetan emandako paseo luzeetan ere ez nuen ibairik edo ur-eremurik aurkitu. Baina hor zegoen, beste mundu batetik ateratako izaki urdinkara, berdexka, harrien artetik ihes egiten zuten landareekin jolasean.
Braiding Sweetgrass liburuan, Robin Wall Kimmerer botanikari eta idazle indigenak lurraren agentzia eta maitatzeko gaitasuna aldarrikatzen ditu. Bere ustez, lurrarekin konektatzen gaituen harremana ez da norabide bakarrekoa: habitatzen dugun planeta maitatzeak transformatzen gaitu, ingurunea defendatzeko eta ospatzeko aukera ematen digu, baina lurrak ere gu maitatzen gaituela sentitzen dugunean, hartu-eman horretaz kontziente izatera iristen garenean, lotura sakratua delaz jabetzen gara. Denok horrela pentsatuko bagenu, autorearen arabera, ez genuke maite gaituena kaltetuko.
Denbora luzez pentsatu izan dut mundua leku ankerra dela, hobe nukeela jaio izan ez banintz. Maite ditudan pertsonen sufrimenduak eta jasan dudan indarkeriak gizadia begi txarrez ikustera eraman nau, baina lurra, natura, unibertsoa, inguratzen nauen guztia ere begi horiekin ikusten aritu naizen galdetzen diot orain neure buruari. Beti bilatu izan dut edertasuna gauza guztietan, horretarako ez dut arazorik izan. Baina ez naiz amaiera zoriontsuetan, dena ongi aterako dela sinesten duen horietakoa. Eta izugarri kostatzen zait pentsatzea lurrak maita nazakeela.
Agian horregatik tematzen da hainbeste unibertsoa. Animalien izenak elkarrekin ahoskatu genituen goiz hartatik, sorgin-orratzak etengabe izan ditut jarraika. Leku guztietan daude: bisitatzen ditudan museoetan, parkean, supermerkatuan, irakurtzen ditudan liburuetan, abestietan, lagunekin edo senideekin ditudan solasaldietan. Batzuetan hitza besterik ez da: dragonfly, demoiselle, libélula, sorgin-orratz. Bestetan irudia, azalean burruntzien marrazkiak dituen koaderno bat, belarritako batzuk. Edo 70 zentimetroko hegoak dituen Meganeura eder baten fosila. Burrunba edo dardara txiki bat gorputzetik gertu. Etxe barruan sorgin-orratz bat sartu zaiola esaten didan laguna.
Azkenean, lurrak, unibertsoak edo odonatuek esan nahi didatena ulertu nahian, intsektuen sinbologiari buruzko informazioa bilatu dut. Burruntziek transformazioa irudikatzen dute: uraren erreinutik haize-lasterretara igarotzeko jauzia, aldaketa onartzeko beharra. Aldi berean, oreka eta abileziaren adierazle dira. Hauskorrak diruditen arren, helikoptero bat aurretik eramango lukeen haizete bat lerro zuzenean zeharkatu dezakete, eta harrapakinen %95a ehizatzea lortzen dute. Azkenik, irideszentziak eta maitagarriekin duten antzekotasunak misterioa, edertasuna eta erreinu espiritualarekin lotzen ditu. Sorgin-orratzekin topo egitea seinale bat dela esan ohi da.
Baina datuak eta metaforak alde batera utzita, odonatuek Frantzian igarotako egunak ekartzen dizkidate gogora: Susanne eta biok tximista batek kiskalitako zuhaitzaren azpian eserita, ernetzen hasiak ziren hosto eta kimuei begira; Kathrineren eskua nirea bilatzen, lurrean etzanda, zuzeneko musika entzuten genuen bitartean; Simoneren begitazioak, desioak eta beldurrak, sinboloak hitzekin azaldu eta olerki bilakatzeko ahaleginak; Michaela nire etorkizuna irakurtzen, eta konturatu gabe idazten; purpurina, xaboi-ponpak eta ilargi beteari eskatu genizkion gauza guztiak. Landetxera heldu ginenean, denok genuen bularra zeharkatzen zigun zauri handi bat, eskuak eta begiak odolez beteta. Sendaketa bilatzen genuen. Mina eramango zuen konjuru bat, zauria ixteko hariak eta orratzak. Argia bilatzen genuen. Baina nik beste zerbait aurkitu nuen: egunero lurrak maita nazakeela gogorarazten didan intsektu txiki bat, edo beste modu batean esanda, etorkizunean sinestea posible dela erakutsi didaten hogeita hamar esku, hamabost bihotz. Transformazioa, oreka, hauskortasuna, indarra. Eta batez ere, mundua ikusteko modu berri bat, begi konposatu handi batzuekin. Eskutik helduta. Ilargi betearen azpian hegoak astinduz.