PETRARKA BAKARKA
Uda honetan bizkar-zakuan eraman dudan liburu bat banuen, laguna bezala, nire aiduru-denborak oro ausaz bete dituena, Petrarkaren Bizitza bakartia izeneko saiakera hain zuzen ere. 1346ko obra batek nola goza dezake XXI. mende laurdeneko izaki herbala? Hauxe izan da nire buruari askotan egin diodan galdea... eta ez dut oraino arraposturik atzeman, irakurtzeko plazer soilaren muineko isiltasuna salbu. Edonoiz ustiatu ditut italiar idazle mozkotearen hitzak Axularren doinuan mintzo zitzaidan bitartean, bere ohar eta greziar zein latindar pentsalariekiko erreferentzia ugariekin: Virgilio, Anbrosio, Pline zaharra, Ovidio, Juvenal, Horazio -ez Miamiko espertoen burua, ez...- Zizero eta Seneka, besteak beste. Agustin eta Deuteronomaren egileak ere hor zeuden Petrarkaren lumapean...
Francesco Petracca (1304-1374) edo Petrarka, Dante Alighieri (1265-1321) eta Bocacciorekin (1313-1375) batera, literatura italiarraren oinarrian dago. Hiruek, askotan goraipatu zuten zenbat zor zion beren italiera estandarrak Okzitaniako tradizioari eta bertako trobadoreei. Toskaniako Arrezon sorturiko Petrarkak gainera, ikasketak Carpentras eta Montpellierren egin zituen, gurasoekin desterruan bizi zen bitartean. Erran behar da Petrarkaren familia Avignonera etorri zela pontifikatu zismatikoen aldekoa zelako. Ama gazterik zendu zitzaion eta orduan hasi zen poesia idazten. Bolonian ere ikasi zuen dretxoa anaiarekin. 1327ko apirilaren 6ko goiztirian Laura ezagutu zuen Avignonen -ez Twin Peakseko Laura Palmer, ez...- eta Danteren Beatriz bezain ospetsua bilakatu zen Petrarkaren amodioren objektua: Sadeko Laurak hamazazpi urte zituen eta harremanak hamar bat urte iraun zuen. Petrarka ezaguna da, ikerlari garaikideek dudak dituzten arren, 1336an, Malaucene aldetik abiatuz, bi anaiek artzain baten gidaritzapean egin zuten Ventoux mendiaren igoeraren narrazio ederragatik. Europa osora hedatzen zen halako sare kultural aberats bat bazuen inguruan, testu grekoak eta latinak elkarrekin aztertzeko eta komentatzeko.
1338tik aitzina, Rene Char (1907-1988) poetaren aldiria ere den Fontaine du Vaucluse herrian errotu zen Petrarka, Sorgues ibaiaren hegietan, bakartasun handian, Avignoneko mondanitate hutsaletatik urrun. Bere liburutegia bertan instalatu zuen eta poesiari, pentsamenduari eta bakartasunari eman bizitza bat eraman zuen: “hemen egin dut nire Erroma, nire Atena, nire aberria” idatzi zuen bere lagun mina zen Cavailloneko apezpikuari, erantsiz :”nik bizitza lasaia nahi dut, poeta izatearekin aski dut!” Etxola horretan izkiriatu zuen, 1346an De vita Solitaria edo Bizitza bakartia gogoeta liburua, nik udaran, gozamenez leitu dudana. Idatzi bitartean bi baratza batera lantzen zituen, itzalpean zeukana, poesiarena, eta bigarrena, bere mahastia, landuena. Canzionere edo Kantutegi ospetsua Vauclusen osatu zuen, izuri beltzarengatik Laura zendu ondoko hilabeteetan, Erromara itzuli bezperan.
Petrarka, beti, munduan eta mundutik urrundu beharrez ari zen eta Bizitza bakartia liburuan zalantza hori ongi erakusten du, antikitateko idazle ikonikoen testuetan bermatuz. Bakartasunaren on eta gaitzez mintzo zaigu hemen, horrek ematen duen libertatearen dentsitateaz eta honen premiazko baldintzez. Azkenean, hiria eta mundua gaitzesten ditu, baina halere onarpena behar du, erakutsi nor den, zelako poeta ona den guztiek jakin dezaten. Petrarka minberarentzat bakartasuna ez zen ihesaldi bat, jende hautatuek sortzen zuten batasun proiektu bat baino, ondasun unibertsal bat hots.
Eta horretan da testu hau hain garaikidea: kontsumo gizartearen burbuila tentagarrietatik at irudikatzen ditugu geure buruak, sare sozialen atzamarretatik eskapatzen saiatzen edota kabana baztertu bateko aizolbean gurbil irauten, ezer eta deus gabe. Iruditzen zait Petrarkaren 1346ko Bizitza bakartia, Henri Thoreauren 1854ko Walden hartatik biziki hurbil dagoela, bata bestea gabe ezin direla ibili, elkarren osagarri fidelak direlako.
Maite dugu bizitza bakarti hau.