Oroimena sortzailea da
Laurogei urteren bueltan idatzi zuen Santiago Ramon y Cajalek oroimena aintzira bizia, aldakorra eta plastikoa dela, eboluzionatzen duena, eta espazioaren, denboraren eta pertsonen nozioak asimilatzen eta desasimilatzen dituena, baina prozesu horretan arrazoimenari errepresentazio mutilatuak edo aberastuak ezartzen dizkiola.
Modu sinpleagoan esanda, oroimena sortzailea da eta sortzaile izate horrek, hau da, oroitzapen-biltegi aseptiko bat izan ordez, grabaturiko egitate eta datuak ordenatu, moldatu eta eraldatzeko duen gaitasunak laguntzen digu haiek gure orainaldiko ikuspegiarekin koherenteak egiten.
Sarritan burmuinean gertatzen diren prozesu berreraikitzaile eta eraldatzaile horiek gure borondatetik kanpo egiten ditugu, kontzientziatik landa. Horregatik, sarri askotan fede onez eta itsu-itsu sinesten dugu gure oroitzapenak egiazkoak direla. Beste batzuetan, noski, nahita saiatzen gara gustuko ez ditugun oroitzapen-pusketak itxuratzen eta edertzen, kontzientzia osoz.
Oroimenak sormenerako duen gaitasunak mesede egin diezaguke, paper garrantzizkoa jokatzen baitu gure defentsa mekanismoetan, gure autoestimu eta oreka psikologikoa babeste aldera.
Halaber, ulertzeko zaila den egoera batean gaudela sentitzean ere, laguntzen digu egoera berritxuratzen eta hari zentzua ematen, norberarentzat bezala gainerakoentzat ere. Oroitzapenak berreraikitzen ahalegintzen da oroimena, antsietatea, nahasmena eta ondoeza sortzen diguten inkoherentzia eta kontraesanak albait gehien gutxitzeko.
Harvardeko Unibertsitateko psikologiako irakasle Daniel Schacter-ek oroimenaren “bekatuei” buruzko liburu bat idatzi zuen. Honen hurrengo artikuluetan zehazkiago emango dugu bekatu edo akats horien berri; hemen azpimarratuko dugu irakasle horrek dioela, bere neurrian, oroimenaren akats horiek lagundu ere egin diezaguketela. Esaterako, harrokeria akatsa da baina autoestimu dosi doia eta norberarengan segurtasuna izatea onuragarriak dira. Era berean, lizunkeria konpultsiboa eta bereizigabea giza tragedia askoren parte da, baina sexualitate indartsua plazer-iturri garrantzitsua da, eta espeziearen jarraipena elikatzen du. Oroimenaren akatsek, dosi moderatuetan eta egoera egokian, babestu egiten gaituzte.
Bai, egia da, ahanzturak eta oroitzapen okerrek ondorio negatiboak izan ditzakete baina oroimen “perfektua”k ere, zehatza bezain gupidagabea izango litzatekeenak, bizi ditugun esperientziak zehatz-mehatz kalkatzera eta erreproduzitzera mugatzen denak, denborarekin izaten ditugun ñabardurak edo aldaketak kontuan hartu gabe, onura baino gehiago kaltea ekarriko liguke.
Denok edo ia denok desitxuratzen ditugu gure oroitzapenak. 2000. urtean Chicagoko Daniel Offer psikiatrak esperimentu bat egin zuen. Hamalau urte zituztenean hirurogeita hamar gazte osasuntsuri galderak egin zizkien, eta hogeita hamabost urte geroago berriro galdera berberak egin zizkien. Bigarren aldi horretan, nerabezaroan ere galdera berberak egin zizkiela gogorarazi zien, eta orain errepikatu egingo zituela ohartarazi zien. Ondoren, pentsaera aldetik hamalau urtera atzera egitera animatu zituen, orduan erantzun zutena gogora ekartzeko. Bada, hiru hamarkada eta erdi geroago emandako erantzun asko oso desberdinak izan ziren.
Adibidez, parte-hartzaile gehienek hamalau urterekin erlijioak bere bizitzan paper garrantzitsua jokatzen zuela adierazi zuten bitartean, haietatik laurdenak bakarrik baieztatzen zuen orain, erlijioak hamalau urterekin eginkizun garrantzitsu hori zuela. Halaber, nerabezaroan ia denek adierazi zuten gurasoek fisikoki zigortzen zituztela, eta hiru hamarkada luze igaro ondoren, helduen heren batek bakarrik gogoratzen zuen zigor horiek jaso izana.
Zer da etxean bizitzearen okerrena? galderari dagokionez, gaztetan, hamarretik lauk adierazi zuten erosotasun materialik ez zegoela, eta hamarretik batek bakarrik ez zuela babes emozionalik. Bigarren itzulian, ordea, erantzunak justu alderantzizkoak izan ziren: gehienek adierazi zuten familiaren etxean bizitzearen okerrena babes emozionalik eza izan zela.
Argi pixka bat ematen digute oroimenaren izaeraz.