zutabea :: Itxaro Borda 2023/11/29

NOBELAREN AZKENA?

 

Errateko duena surrealismo tapaki baten azpian itotzen saiatuz, poesia “daratulutan” dabilen bitartean, nobelagintza bere aldetik, Europan bederen eta parte handi batean, auto-kontaketa ahalik zintzoenaren bidean sartua da: idazleek -haboroxienak emazteak- gertatu zaiena baino ez dute kontatzen, gertatu zaien zakarrenaren inguruan aritzen dira, interpretazio teorikoak orrazten dituzte, aitortu beharra ezin gordez. Errealitatearen gainean bermatu imajinazioa gutxiesten eta probintzietako idazleen esku uzten da. Ezin uka hondar urteotan lekukotasun gogorreko lanak leitu ditugula: haurtzaro masakratuak, intzestuak eta umeenganako eraso sexualak, lehen pertsonarik gordinenean narratuak. Gure Christine Angot distiratsuak ireki zuen gerla, 1999an L’inceste plazaratu zuenean, giro aski garratz batean. Sentimentalismoa, erruduntasuna, fioritura literarioak bazterturik, bere aitarengandik bortxatua izan zelako jakilegoa eman zigun, eleberriko lehen lerroan “hiru hilabetez homosexuala” izan zela agertu ondoren. Irakurlea familien barneko biolentzien urmaeletan galdu nahi zuen, galdera soil bat buruan: zertarako plantatu gaur Balzac-en “Aita Goriot” edo “Ilusio galduak” irakurtzen?

Neige Sinnoren Triste tigre obrarekin buruzka gabiltza i-phoneko pantailan, irakurtzeko aplikazio bati esker. Hogei urte beranduago baliabide teknikoak kanbiatu dira baina gaia hor dago, hemen halaber intzestua dela aurtengo Femina saria ukan duen diskurtsoaren bizkar hezurra. Berrehun orrialde biluzi, narras eta tentsiodunetan, erasotzaileak ze neurritaraino moldatzen duen biktima ikertzen du, biktima bereziki haur hotza denean. Funtsezko eskakizunak pausatzen ditu, duda frankorekin, hitz egiteak erasoak berriz gertatuko ez direla ez duelarik batere segurtatzen: Frantzian, zenbakiek diote, eskola bateko hamar umeetatik batek eraso sexualak jasaten dituela. Hainbat nobela saritu publikatu dira Christine Angotenaren eta Neige Sinnoren honen artean, Springoraren “Onarpena” eta Kouchnerren “La familia grande” kasu. Euskal herrian ez da oraino literatura-hizpidera etorri familia barneko bortizkerien tematika erreala, baina menturaz, dikea laxatuko denean, guztiok itoko gaitu, bakoitzaren baitan oroitzapen beltzak harrotuz. Baina ez ahantz, hortxe ditugula fikzioaren bahetik datozkigun Jon Miranderen “Haur Besotakoa”(1972), Iñaki Mendigurenen “Haltzak badu bihotzik” (1998) edo Katixa Agirreren “Amek ez dute” (2019) ankerrak: Obabako umeak ez dira beti biziki ongi tratatuak...

Liburu batek arrakasta edukitzeko behar ote du auto-aitorpenen xendra jorratu? Zer pasatzen da nobela eredu klasikoagoarekin? Lan literario batean nahi al dugu idazlearen nortasun egiatia derrigor aurkitu? Irakurlearen gose “inpudikoaren” asetzea al da idazlearen funts bakarra? Gure bizitza propioen miraila al da biolentzia sexualak aztertzen dituen lan batean bilatzen duguna? Idazlea salbatzen ahal dute zintzotasun osoan eskaini aitormen horiek? Idaztea terapia bat da? Eskakizun soberaxko, ezta? Neige Sinnok, Triste tigre nobelaren une batean egiten dituenak, intzestua bezalako egikera larriak azaltzeko orduan autobiografiaren, errelatoaren, lekukotasunaren eta fikzioaren ezintasunak onartzen dituenean. Literatura, zerbait izatekotan, kontsolamendua izan daitekeela ondorioztatzen du, artea delako eta hezurraren muina zirikatzea lortzen duelako. Egia da lan hunkigarria dela berea, prentsan irakurtzen diren istorio tragikoetatik hurbil, agian ere podcast bidez entzuten ditugun true crimes sailen edo plataformetako telesailen ildotik datorkiguna.

Idaztea, gaur egun, norbera idaztea bihurtua da. Autoreak ez dio bere buruari bera ez den beste bat izateko eta beratik kanpoko istorioak harilkatzeko eskubiderik ematen. Emakumezko batek ezin du gizonezko bat irudikatu, zuri batek ezin du beltz baten ikuspuntu literariorik partekatu, klase ertaineko sortzaile bat ez da txiro baten lekuan jartzen ahal, jabetze edo desjabetze kultural ekintza itsusirik egin gabe. Zepoan “trikutu” gara eta solilokio literario etengabean, min egiten diguna baino ez diogu ematen horren aiduru dagoen irakurleari.

Itxaro Borda