Ninaren mendekua
Ninak odolaren koloreko soinekoa jantzi du. Ninak eskopeta bat du esku batean, zigarroa bestean. Indarkeria gosez dago Nina. Eta guk, zinema pantailaren beste aldean gauden ikusleok, gustuko dugu indarkeria hori, berea den zauria gurea sentitzen dugulako. Izter artetik jausten zaion zurruztada gorriaren pare, haserre korronte bat nabaritzen dugulako erraietatik igotzen. Andrea Jaurrietak zuzendutako filmeko protagonistak justizia nahi du, baina ez ziurraski erasotzailea baino gehiago erasotua epaituko lukeen justizia; bere barreneko sua, gorrotoarena, lasaitu dezakeen justizia bakarra baizik: mendekuarena.
Jaurrietaren filmak wensterraren kodeak erabiltzen ditu botere harremanen dinamikaren eta sexu indarkeriaren erretratu zorrotza egiteko. Bakero eta indioen arteko norgehiagokari erreparatzeari utzi izanagatik, bere soiltasunean baliagarri eta zilegi izaten jarraitzen duen generoaren osagai garrantzitsuenak aurkituko ditugu kontakizunean: injustizia bat, mendeku gosez datorren heroia, gaizkilea, herri txiki baten lehortasun eta etsai-giroa. Isiltasunak tenkatzen duen tentsio ia jasanezina. Baina goazen banan-bana:
Injustizia. Generoak, adinak eta posizio sozialak ematen dion boterea bere desirak asetzeko baliatzen dituen gizon zuri heteronormatiboak eragindakoa. Bere biktima izango denaren adina, ezjakinasuna, inozentzia eta balioespen beharra bere goseak asetzeko erabiltzen duena. Onespenaren muga lausoetaz aprobetxatzen dena delitua den hori beste zerbaitetan bilakatzeko, biktimak ez beste inork sinetsiko ez duen ipuin bat eraikiz. Kontakizuna ez da grisetan murgiltzen kasu honetan, gertatu dena indarkeria da eta horretan ez dago zalantzarik. Batzuetan gauzak bai badira zuriak edo beltzak. Eta hau beltza da.
Gaizkilea. Ez dago zalantzarik zein den gaizkilea, eta gaizkilea izan badela. Epaitua dago jada, ez dago zalantzaren itzalik inon. Hala behar du, eta eskertzekoa ere bada ikuspegi hau, behingoagatik eta behingoz kulparen pisu osoa harengan jartzen denean. Ez daukagu denborarik, ez gogorik ere, balantza horretan pentsatzeko.
Herria. Filmaren ikuslearen begietan ez bezala, fikzioan agertzen zaizkigun herritarrentzat gertatutako indarkeria egoera ez da berez indarkeria egoera argi bat. Lotsatzeko zerbait da. Isiltzeko eta gordetzeko zerbait. Esan gabeko paktu edo kode sekretu bat balego bezala, denek dakite zein den jarraitu beharreko protokoloa, horrelako zerbait gertatzen denean: beste alde batera begiratu. Eta baztertutako begirada hori, biktima bakarrik eta babesgabe uzten duen isiltasun hori, indarkeriaren parte bilakatzen da. Oholtza erdian gertatzen ari den eszena azpimarratzen duen koroa da herria.
Heroia. Mendeku nahiak aspaldian utzitako herrira itzularazten duen pertsonaia zoragarria: Nina, Patricia López Arnaiz ikaragarri batek hezurmamitzen duen protagonista. Western onenen gisako pistolari bakarti, sumindu, isil eta misteriotsua, aldi berean zauritu eta zaurgarria agertzen zaiguna. Iraganean irentsitako ipuina deseraiki eta injustiziaren kontzientzia osoa hartu duen emakumea. Odolaren ordainetan, odola nahi du Ninak. Zalantzarik gabe, fikzioak eman diezagukegun pertsonaia horietako bat sortu du Arnaizek kasu honetan: emakume boteretsu bat.
Fikzioaren errepresentazioaz eta erreferenteak sortzeko gaitasunaz eta beharraz ari garenean, horrelako pertsonaietaz ari gara hain zuzen ere. Pertsonaia indartsuak, izateko modu berriak aurkezten dizkiguten pertsonaiak. Eta zalantzarik gabe, emakumeok beharrezkoak ditugun pertsonaia horietako bat da Nina-k aurkezten diguna. Western honek ez du esku-kolpez irekitzen diren ate bikoitzeko taberna zuloen, basamortuaren ezezaren erdian zintzilik dauden herri lehorren, eguzkiak erretako aurpegi urratuen edo arroka atzean ezkutaturik fletxak jaurtitzeko prest dauden indioen beharrik. Western honek badu bere heroi propioa eta ez da Clint Eastwood: Nina da.