Misterioa misterioa da
Ezohiko gertaerak, fenomeno arraroak edo azalpen arrazionalei izkin egiten dieten gertakariak aproposak izan dira telebista formatu ezberdinak sortzeko. Etxe sorginduetatik hasita esoterismoraino, satanismotik pasata, denetariko kontuak jorratu izan dira. Ikus-entzulea informatu eta, aldi berean, entretenimendua eskaintzeko asmoa izan dute eduki horiek. Emaitza: programa batzuen kasuan, kalitate aldetik txukun samarra, interesa pizteko modukoa. Baina, beste batzuetan, kosta ahala kosta zaleen arreta bereganatzeko maila kaskarreko saio sentsazionalistak ere egin izan direla aitortu beharra dago.
Adinean gora goazenontzat, azalpen argirik gabeko lehenengo gertakaria UFO (unknown flying object) edo objektu hegalari ezezagunena izango zen seguru asko. Umeak ginenean, eta baita gaztetan ere, bolo-bolo ibili zen kontu hau. Zeruan argi ezezagun batzuk ikustea nahikoa zen espekulazioetan hasteko. Pertsonek, halakoak ikustean, arrazoi ezberdinak aipatu ohi zituzten azalpen gisara. Baina objektu hegalari ezezaguna gure planetatik kanpoko espaziontzi bat zela ziurtzat ematen bazen, haien barnean estralurtarrak guregana etorri zirelako hipotesia plazaratzeko aprobetxatzen zuen zenbaitek. Jakina, halako ikuskapenak iturri oparoa izan dira ez soilik telebistarako, baita fikziozko lanetarako ere; literaturak eta zinemak asko edan dute hortik. Zerrenda luzea osa daiteke guztiak aipatzen hasiz gero. Urteak pasa arren, zeruko argi arraroak hor egon dira; bolada batzuetan gehiago ikusi dira, eta bestetan gutxiago, baina fenomenoa gaur egun arte iritsi da. Aldea da telefono mugikor adimendunek kamarak dituztenez, pertsonek grabatu egiten dituztela eta, ondorioz, sarriago izaten direla hizpide. Lehen bezala, ustezko adituek argitzeko ahalegina egiten dute baina azalpen arrazionalek ez dituzte pertsona guztiak asebetetzen, eta batzuek nahiago dituzte iritzi irrazionalak sinetsi.
Nik misterio kontu hauetan badut interesa, baina ez naiz zale friki bat. Saio batzuk ikusten ditut, baina, oro har, edukiaren arabera. Mamuen agerpena edo haien antzematea, esate baterako, nahiko sarri agertzen da saio hauetan. Baina ez da atzo goizekoa. Grezia klasikoan dataturik daude halako lehenengo agerpenak. Duela 2000 urte baino zaharragoak dira, pentsa! Era berean, Satan, mefistofeles, aingeru eroria edo gure artean “txerren” izena ere hartzen duenaren akzioak ere klasiko bat dira. Antzinatik jorratu dira, jakina, gizakiak erlijioak asmatu zituen garai berekoak baitira. Badakizue, edozein kontakizunek protagonistarekin batera antagonista bat izan behar du. Luze eta zabal landu dira pertsonaia horren eragin eta jarduna, pertsona batzuengan izan duen arrastoa ez baita nolanahikoa izan. Magia beltza, deabrukeriak, exhorzismoak… gaiak askorako ematen du. Makina bat liburu idatzi eta pelikula egin dira horren inguruan ere.
Egia esan, gaur egun ere “misterioa” delako zakuaren barnean sartu daitekeen zerbait gertatzea ez da arraroa, lehendik nahikoa ez bazegoen: fenomeno paranormalak, psikofoniak, edo hil aurreko esperientziak… Azken hauek pertsona batzuek izan dituzte heriotzaren atarian izan direnean. Beste batzuek, aldiz, ez. Izan dituztenek antzeko kontakizuna egiten dute, gutxi gorabehera: tunelaren amaieran ikusten den argi bat aipatzen dute, gure senideak zain ditugun leku imajinario bat non bakean gauden… Eta nik galdetzen dut: ez al da izango gizakiok gure eboluzioan garatu dugun mekanismo bat mundu hau era jasangarri batean uzteko? Horrela, irudi hauek gure garunaren emaitza baino ez lirateke izango, egoera berezi batean dagoenean. Beste kasu batzuetan bezala. Azken finean, errealitatea deritzoguna gure garunak zentzumenen bidez jasotzen duen informazioaren interpretazio bat baino ez da. Eta beti ez da zuzena. Beti ez du zehatz-mehatz antzematen aurkezten zaiona. Horregatik du bere tartea magiak, esate baterako, ilusio bidez, nolabait iruzur egiten zaiolako gure organo horri. Nire irudipena da urte batzuk barru, zientziak eta medikuntzak aurrera egin ahala, misteriotzat jotzen diren zenbait kontu argituko direla eta horien atzean dagoen arrazoia gure burmuina izango dela; guk pertsonok errealitatea pertzibitzeko erari lotuta egongo da gertakari horien azalpena. Hala ere, gure gogo arrazionalak azaldu ezingo dituen gertaera harrigarri batzuk geroan ere egongo diren ustea dut. Vujadin Voskov futbol entrenatzaileak esaldi famatua erabili zuen kirol ezaguna definitzeko: “futbola futbola da”. Beharbada, tautologia bera erabiliz esan beharko genuke: misterioa misterioa da.