zutabea :: Maria Gorosarri 2022/03/02

MARTXOAREN 8aren LEHEN EHUN URTEAK

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 1977an M8a instituzionalizatu zuen. Euskal Herrian orduantxe deitu zen lehen aldiz, baina Espainian Dolores Ibarrurik 1936an M8a antolatu zuen. Zelan izan daiteke? Bertsio ofizialak New Yorkeko fabrikan hildako emakume langileen oroimenarekin lotu du egun hori, sutearen kearen kolorea morea izan zela esateraino. Gertaera hori, baina, 1915eko martxoaren 25ekoa da eta, beraz, ez dator M8arekin bat. Gainera, zegoeneko, sufragistek more kolorea erabiltzen zuten.

AEBtako bertsio horrek M8a ezkutatu digu, gure gaitasuna mugatu du. Emakumeok biktima bezala erakusten gaituen gertakari batean oinarritu dute gure aldarrien eguna. Baina M8a irabaztea posible dela erakusten duen eguna da eta, beraz, mito gutxi behar duena.

Begi-bistakoa da emakumeen parte-hartzeak iraultza sozialen norabidea finkatu duela. Versailleserako martxan bertan, 1789ko urriaren 5ean, 4.000 andre langilek eta nekazarik Frantziako erregea Parisera eraman zuten, Frantziako Iraultzari bide emanez. Handik ia ehun urtera, 1869an, Lyongo fabriketako 8.000 andre langilek laneguna hamar ordura jaisteko grebak abiatu zituzten.

Emakumeon eskubideen aldarrikapena egun bakarrari lotzea, ordea, XX. mendearen hasierakoa da. Boto eskubidearen aldeko borrokan, Clara Zetkinek Alemanian 1907an Emakume Sozialisten Nazioarteko Biltzarra sortzearekin batera gauzatu zen. 1908an, AEBetan Emakumeen Egun estatubatuarra ospatu zen. Europan, 1911n Nazioarteko Emakumeen lehen Eguna deitu zen, Parisko Komunaren 40. urteurrenean, eta milioi bat andrek parte hartu zuten.

1917ko Nazioarteko Emakumeen Egunean, gainera, San Petersburgoko andre langileek greba egin zuten. Handik lau egunera Tsarrak abdikatu zuen eta emakumeei boto eskubidea eman zieten. Orduan, Errusiako Iraultza hasi zen, 1789an Parisko andreen grebarekin gertatu zen bezalaxe. Horren omenez, Emakume Langilearen Eguna martxoaren 8an finkatu zuten Clara Zetkinek eta Rosa Luxemburgek. Geroago, 1922an, Leninek Sobiet Batasunean jaieguna izatea onartu zuen. Espainian 1936an ospatu zen, lehen aldiz, Dolores Ibarrurik gidatuta. Euskal Herrian, baina, 1977ra arte ez zen deialdirik egon, nahiz eta emakumeen aldarriak kalean defendatu eta feminismo berba euskaraz 1931tik erabili (Antonio Mª Labaienek Euskal Eguna antzezlanean).

Indarkeriarik gabe bizitzeko eskubidea

XX. mendearen azken laurdenean, NBEk M8a instituzionalizatu eta gero, ordaindu bako lanen ardurak azaleratu zituzten emakumeek egun horretan. Izan ere, gizonen greben antzera, emakumeen grebek lanaldia bertan behera uzteko deia dakarte. Huraxe ez bezala, greba feministek zaintza ardurak ere ikusarazten dituzte. Esaterako, Islandian, 1975eko urriaren 24an, andreek egin zuten greba mugarria izan zen.

Emakumeek greben bidez defendatutako eskubideak lortu ahala, baina, erreakzio patriarkala gero eta bortitzagoa da. Legeek gizonen pare ipintzen gaituzten bakoitzean, erreakzioa dago. Erasoekin ordaintzen dugu legeek gure eskubideak jasotzea. Gaur egun emakumeon aurkako indarkeriak erakusten duen krudeltasuna gizonek gerretan bakarrik ezagutzen dute. Horregatik, XXI. mendean, aldarri feminista nagusia andreok ere indarkeriarik gabe bizitzeko eskubidea da. Horrela, 2017an, lehenengo M8tik ehun urtera, nazioarteko greba deitu zen.

Andreon aurkako indarkeriak helburu bakarra dauka: gure eskubideen defentsan amore ematea. Horretarako, beharrezkoa den neurriko indarkeria aplikatzen du matxismoak. Une honetan, feminismoaren aldarriak munduan zabaldu direla, emakumeoi muturreko krudelkeriarekin eraso egiten digute. Gutxiespenak eta irainak, bikote harremaneko indarkeria eta sexu erasoak zein erailketak erasoaldi berberaren urratsak baino ez dira.

Martxoaren 8aren lehen ehun urteek eskubideak irabaztea posible dela gogoratzen digute. AEBek zabaldutako genealogia faltsua geuretzat onartzeak, ordea, feminismoa banalizatzen du. Legeetan eskubideak jasotzeaz harago, emakumeok ere indarkeriarik gabe bizitzeak gure gizartearen justiziaren neurria ematen du.

Maria Gorosarri
Emakumeok biktima bezala erakusten gaituen gertakari batean oinarritu dute gure aldarrien eguna.
Entresaka