Artikulua :: Leire Ugadi 2026/03/12

MARRAK ETA TRAZUAK

Idazten hasi zara.

Ez daukazu argi zergatik egin duzun, nork jarri dizun arkatza eskuan, edo noiz ireki duzun dokumentu berria. Ez zara hasiko izenburutik, ez eta hitzaurretik ez baitakizu zein den arrazoia, zein den asmoa. Paperak ez dizu erantzuten, zeure burua erantzuten zoaz paperean. Barnean duzun nebulosa oskarbitu ez baina antolatzen doa orria marratu ahala, txatalez txatal osatzen duzu logika moduko bat, edo halako zeozer. Zer adierazi nahi duzun ezta zuk ere ez dakizu baina argi dago zerbait duzula adierazteko. Idazteko materiala psikologoa baino merkeagoa da. Lagunak esan dizu denbora daramala idazten. Berak argi dauka zerbait oihukatzeko beharra asetzen duela horrela. Poltsiko batean arkatza eta bestean esprai potea daramatza. Batzuetan  olerki bat, bestetan pintada bat izango da emaitza. Edonola ere, arrazoiak gidatzen dizkio eskuak eta sistema salatzeko zuzentzen ditu trazuak.

Ez da heltzen katarsia. Zuk zera nahi duzu: heltzen zaituen euskarri bat edo helduleku bat nondik oratu mundu aldrebesari. Xehetasun arraroz beteta dago giroa, kontraesanez eta inkongruentziaz, zalantzaz eta zapalkuntzaz. Deserosoegia da eszena zuzenean begira geratzeko, deserosoegia entzungor egiteko.  Idazteak deseroso gertatzen denari aurre egitea dakar, ezta, Annie?  Gauza gehiegi gertatzen dira eta ez da erraza arreta jartzea gainezka egiten dizuten munduei: ez barnekoari ez kanpokoari. Idatzi ahala mozten diezu azala, barneratzen zara, argitzen zoaz egiaren bat edo beste. Zure miseria propioak bihitzen zabiltzala identifikatzen dituzu hauen erroak. Idazten darraizu; a posteriori arrazoituko duzu erditu duzuna. Noraino errebobinatu beharko duzu ezinegona? Ez da batere gozagarria, baina barrua eraldatu dizu.

Lagunak aurretiaz dauka argi zein den miserien abiapuntua; barneratuta duen hausnarketa kolektibo batetik abiatzen da bere sormen prozesua.  Isildutako esperientziei ahotsa ematea keinu eraldatzailea den konbentzimendu osoz idazten du, bere idazkerak munduko ikuspegi hegemonikoen subertsioan laguntzen duelakoan. Agerian dagoenari hitzik jarri ezean auskalo zer ulertuko duen gizabanako bakoitzak, hain baita konplexua gertatzen dena. Ikuspuntu guztietatik ez da ondo ikusten eszena. Eszenatoki bat deskribatzeko hamaika modu dauden arren guztiak ez dira azalpen zuzenak. Editoreak esan dizu bidali diozun eskuizkribua dela zentzuzkoa baina ezatsegina, mamitsua baina itsusia esanguratsua baina punchik gabekoa. Idatzi dituzun gauzak, hain gordin, irakurleak digeritu ezin. Gainera, letra txarra duzu arkatzarekin zein espraiarekin. 

Haritik tiraka eta tiraka heldu zara lagunaren pintadak ulertzera. Lagunaren pintadek erantzun dituzte zure galderak. Jada ez zaude soilik zu marra horietan. Beharbada, ez duzu ahotsa paperetik altxatuko, baina egon egongo da begirada hara zuzenduko duenik; egongo da irakurtzen duenik, paretean pintada bat bailitzan.


 

Leire Ugadi