MARI ANBOTOKOA ETA OLA BARRIA
Kristautasuna Euskal herrira heldu berri zegoela, Gorbeia inguruko herri txiki eta polit baten ola-jaun handiki bat bizi zen bere ola zaharrean. Urteak joan urteak etorri, zaharkitu eta gauzeztandu egin zitzaion bere ola zahar maitea eta berria egitea pentsatu zuen. Esan eta egin. Lehenengo, ola zaharrak zeuzkan gauza probetxugarriak aukeratu, gero falta zitzaion beste guztia lortu eta hasi zen ola berri hori egiten handikeriaz beterik. Behingo baten lortu zuen ola berri hori egitea eta pozik baino ere pozago zegoen lehengoa baino ola handiagoa eta hobea egin zuelako. Herriko zein albo-herrietako beste ola-jaunek sorots egiten zioten euren olatxoak ezerezean geratuko ote ziren bildurrez.
Egunak joan egunak etorri, heldu zitzaion ola-jaun handiki horri ola berria martxan botateko eguna. Udagoiena neguari deiadarrez zebilen, beraz, Eguberri aurre aurretxoa eta errekak ur handiekin zetozen olaren andaparak erraz betetzeko. Harrokeria ez zitzaion falta eta herri guztiari ezeze, beste ola-jaun apal guztiei ere agindu zien bere ola modernoa ikusten joateko gonbitea. Ha bai zela ikustea! Herri osoa ola berriaren inguruan, beste ola-jaunek ere urruntxutik begira eta erdi-erdian ola-jaun handikia. Denak isildu zirenean, ola-jaun handiki horrek hiru-lau berba botateko olaren atakara joan eta badino:
-Hemen daukazue aspaldiko partez, inguru guztiko olarik handiena eta onena. Aurrerantzean ez duzue eukiko zeuon burdina gauza guztiak konpontzeko arazorik. Oraintxe, zeuon guztion aurrean botako dut martxan ola berri hau eta badakizute, aurrerantzean etorri denok neure ola berrira !
Entzuleen artean era guztietako harrerak ikusi zitezkeen. Ola-jaun handikiaren bezeroak pozik, beste batzuk ezbaian eta hirugarren batzuk arduraz ea beste ola-jaun apalekin zer gertatuko ote den pentsatzen.
Handik lasterrera, ola-jaun handiki hori abiada hartuz bere ola martxan botateko, anteparako uhatea zabaldu zuen ur-indarra joan zekion olari. Baina ur hori joaten haziaz batera, krissst-krausssst! zarata berezi bat entzun zen eta olak zirkinik ere ez! Bigarrenez ere egin eta berdin!
Ola-jaun handikia ez zen ausartzen hirugarren intentoa egiten. Zuri-zuri zegoen, zer pentsatu ez zekieka herritar guztien berbaroaren erdian. Berbalotsa ez zen falta ez herritarren artean eta apur bat isildu zenean jendea, badinotso handik atze partetik beste ola-jaun apal eta zintzo batek:
-Hi, hor eure burua apurtzen egon beharrean, zergatik ez hoa Gorbeia ondoko Supelegor kobara, Itzinara, eta Mari Anbotokoari kontsulta eskatu, hantxe egongo duk-eta negua ematen. Inork esatekotan, harexek esango dik zer arraio gertatzen zaion ola berri honi!
-Ba, mutil -erantzun zion ola-jaun handikiak-, hori baino ez baduk joan egingo natzaiok lehen bait lehen eta beren beregi.
Asmo horrekin etxeratu zen ha ola-jaun handikia beste guztiak, harriturik, euren etxeetara zihoazen bitartean.
Neguko gau luzeak asko igaro zituen bere bizitzan, baina ez halakorik. Inondik eta inora ere ezin zuen loak hartu. Kanpandorreko erlojuko ordu laurden, erdi eta oso guztiak entzun zituen gauaro larri haretan. Hurrengo goizean, tertzioz jagi, barausi, hartu zakuto baten biderako jakia, jantzi mendirako soineko eta oinetakoak, aitearen egin olatik urtekeran eta Itzinarako bidea hartu zuen. Bazihoan Supelegor kobarantz, arin joan ere, inori berbarik egiteko adore handi barik. Mendian gora zela, hainbat artzain, mandazain, egurgin, ikazgin eta gainetiko ikusten zuen ikusi ere baina ez zegoen berbagura ola-jaun handiki hori, harik eta bere barruko ardura kendu arte. Joan eta joan, halako batean heldu zen Supelegorreko kobaren atakara. Barrura sartu orduko, atseden piti bat hartu zuen, izerdia sikatu eta arnasestua kentzeko. Nasaitu zenean, zutundu eta astiro-astiro sartu zen aurrerantz sartu ere Supelegorreko koba nagusira. Ikaratu egin zen, kobazuloaren atakan herri-zekor zaindaria etzanda ikusi zuenean. Barruragoan harlanduzko mahaiak, urregorrizko tresnak eta apaingarri guztiak ikustean, hunkituta geratu zen. Bazter guztietara adi zihoan koba-zuloan barrurantz eta halako batean, handik sakonetik, berba hauek entzun zituen:
-Nor zabilek hor?
-Neu, -erantzun zion ola-jaun handikiak birdurkilik-, bai, neu, Orozkoko Olarteko ola berriaren jabea. Eta hi nor haiz ba?
-Ni? Mari Anbotokoa, neure neguko egoitzan.
-Ba hiregana natorren(a) kontsulta bat egitera!
-Hurbildu hadi ataka osteko harlanduzko aurki horretara eta itxaron. Goruetan nagok liozko haria iruten eta atoan nauk hire aurrean,
Ola-jaun handikiak esana egin zion eta berehala plantatu zitzaion Mari Anbotokoa bere aurrez aurre. Andre zoragarria zirudien, ondo jantzita, uleak ondo orraztuta, narru-azala urdin-urdina eta berbaikuna gozoduna. Mari Anbotoko horrek, sagardoa atera zion urregorrizko basu baten eta ola-jaunak, kristau ohitura zuenez, “Jesus” esan eta dranga-dranga edan zuen basu-sagardo osoa arnasa baten. Ola-jaunaren harridura eta ulertu ezina ikustean, badinotso erdi irribarrez Mari Anbotokoak:
-Ez hadi ikaratu! Kristau garairaz gero ez ahainbeste baina aurretik herritar asko etorri izan duk hona, nigana, kontsulta eskatzera. Beraz, nasai! Zer dela-eta etorri haiz hona hain estu eta larri?
-Ba, hara, ola berri bat egin berri dinat eta martxan botaten joan naizenean, krissst-krausssst! entzun ondoren zirkinik ere ez din(a) egin ola egin berriak eta hiregana natorren(a) zergati horren kontsulta egitera.
-Tira ba, lagundu egin beharko diat, apal eta onezean etorri haiz eta. Esaidak argi eta garbi. Ola berria martxan bota aurretik kristau-ohiturako bedeinkazinorik edo errezurik bota diozue?
-Ez, zer ba?
-Ba, begira -erantzun zion Mari Anbotokoak-, hori ola berri hori deabruak zaukak lotuta eta martxan bota eta behar den moduan ibiltea gura baduk, urli lekutako komentuko abadeak bedeinkatu egin behar dik Gabon eguneko gauerdian.
-Gabon egunean? -zirautson ola-jaunak-, Ba Gabonak gaine gainean ditinagu, oraintxe gabiltzan(a) gabonkariak prestatzen jaiegun handiok ospatzeko!
-Holan baduk hobe, arinago lortuko duk ola berria martxan imini eta lenean hastea. Orain joan hadi bake bakean eta hurrengorako badakik zer egin. Ni neu hemen geratuko nauk kristau-aroan ez bait zaukat botererik, baina zuok ospatu zintzo-zintzo eguberri kristautuak.!
Ola-jaun handikiak eskerrak eman zizkion Mari Anbotokoari eta kobazulotik atzerantz irtetzen hasi zenean Marik esan zion:
-Hi, batetik eraman ezak urregorrizko basu hori heurekin. Ezin duk utzi hemen sagardoa edakeran “ Jesus” esanda bedeinkatu egin dualako eta bestetik ondo jakinda etorri haiz niregana aurrez sartu ata atzez irten behar dela jakinik. Ez diat onartzen niri lepoa ematerik Jainkosa agusia nauk eta.
Ola-jauna pozik baina ikaratuta abiatu zen Mari Anbotokoaren esana betetzeko asmotan. Gorantzean baino beherantzean adoretsuago zegoen ola-jaun handikia eta zantzo batzuk ere bota zituen pozaren pozez. Olara heldu zenean, inori ezer esan barik, jantzi domeketako soinekoak, hartu zalpurdia eta Mari Anbotokoak esaneko komentora abiatu zen. Aida, aida! esanda bizkortzen zituen zaldiok eta bazihoan bideak betean herriko gente guztia adi utzita. Komentora iritsi zenean, saltu bat egin bere zalpurditik eta komentoko ateko kanpatxoa jo zuen eta abadea eskatu. Etorri zitzaion abadea eta ola-jaun horren urduritasuna ikustean, ezbehar gorriren bat gertatu zelakoan edo badinotso:
-Zer Jaungoiko gertatzen zaizu ba hain estu eta larri etorteko?
-Zer gertatzen zaidan? Entzun beist berorrek: ola berria egin berri dut eta Mari Anbotokoaren esanetatik, deabruak dauka lotuta ola hori eta martxan botateko komento honetako abadearen bedeinkazinoa behar dela jakin dut.
-Tira ba -erantzun zion abadeak-, gaur Gabon bezpera dugu eta bihar joango natzaizu Gabon gaua zeuonean egingo dugu eta gauerdiko hamabietan bedeinkazinoa botako diogu ola berri horri.
Halantxe egin zuten. Abadeak bedeinkazinoa boteaz batera deabruaren ikaragarrizko burrrrrrundada! bat entzun zen ola guztian zehar. Bedeinkazino ostean, trikitin-traukitin! martxan hasi zen mugitu ezinik zegoen ola berria. Eskerrak!
Ola-jaun handikiak alde batera bota zituen bere ordurarteko harrokeria guztiak eta herritar on lez biziten ikasi zuen etorkizunean.