Literatura, intuizioaren hizkuntza
Garrantzitsuena ez da zer esaten duzun edo zer pentsatzen duzun. Garrantzitsuena ez da garunaren jarduera zurrunbilotsuaren katramilatik kontzientera pasatzeko edo besteei komunikatzeko aukeratu dituzun elementu horiek, protoideia edo protoirudi horiek. Esaten duzuna, kontzienteki pentsatzen duzuna, zure zati txiki-txiki bat dira. Hori ez zara zu.
“Aukeratu dituzun” esan dut, baina aukeraketa hori egiten duena zu zarela esatea nahasgarria da, normalean zeuk ez baitakizu zergatik eta nola gertatu den prozesu hori, eta “aukeratu” kontzientziaz egiten den jarduera izendatzeko erabiltzen dugu.
Garrantzitsuagoa da zer sentitzen duzun. Sentitzen duzunak zure osotasunaren berri ematen baitu.
Baina ez gaude ohituta sentitzen dugunari horrelako balioa ematen. Alderantziz. Susmagarria da sentimenduetan oinarritzen dugun edozer.
Gorputzean sentitzen den horretaz ari naiz. Modu oso sinplean adieraz dezakegun horretaz: egoera, gertakari, konpainia, momentu batean ondo sentitzeaz, edo gaizki sentitzeaz.
Badira gaizki sentiarazten gaituzten gertakariak, horiei iskin egin behar ez geniokeenak. Alderantziz, baizik. Gazako genozidioa esaterako. Edota hurbileko norbaiten heriotza edo gaixotasuna. Edota harreman baten gaiztotzea. Beharrezkoa dugu gizaki izateko gaitz edo ondoez horiek sentitzea. Eta gure txikitasunetik onartzea, edota eustea, edota kontra egitea. Kasuan-kasuan. Eta ahal dela, hobeto besteekin, bakarrik baino. Ondoezei bakarrik aurre egitea gogorregia da.
Aldous Huxleyk soma izeneko droga bat asmatu zuen gaizki sentiarazten zuen guztiaren esperientzia sentsoriala ezabatzeko. Horrela zapalkuntza eta indarkeria mota guztiak onartzeko prest dagoen gizatalde otzan bat lortzen da, galderarik egingo ez duena. Gizakirik gabeko gizatalde bat.
Gizarte indibidualista soma-ekoizle agorrezina da.
Eta somen erabilerak beste gizakiengandik eta naturatik aldentzen gaitu, geure izatetik aldentzen gaituen neurri berean.
Islandiarrek badute atentzioa eman didan hitz bat, InnSæi, intuizioa, barrura begiratzea, barrutik kanpora begiratzea, bizitzaren ozeanoan nabigatzen laguntzen dizun iparrorratz fidagarri bat. Beharbada euskarazko “sen” hitzarekin edota katalanezko “seny” hitzarekin lotura etimologikoa izango du hitz horrek. Ez dut aztertu.
Ez da erraza iparrorratz hori zerk gida dezakeen hitzetan adieraztea. Formulazio guztiak akastunak dira, seguru. Baina formulazio batzuekin gehiago konektatzen dugu. Nik asko konektatu nuen “El deseo según Gilles Deleuze” liburuan Maite Larraurik esaten duen honekin:
Komeni zaiguna bi ezaugarritan igar daiteke: hazkundea eta alaitasuna. Biak banaezinak dira. Alaitasunera ez daraman hazkundeak gurea ez den lurralde baten inposaketa ezkuta dezake (lasterketa-zaldia laborantza-zaldi bihurtuta bezala). Hazkunderik eragiten ez duen pozak azaleratzen ez den erresumin tristea izan dezake azpian (bekaiztiaren poza, inbidia eragiten dionari gauzak gaizki doazkiola ikusten duenean).
Sentimenduek ez digute hitz egiten barruan gertatzen denaz, baizik eta konexioaz, nola lotzen garen inguruarekin, besteekin.
Eta literatura garunaren jarduera zurrunbilotsuaren katramilan zentzu pixka bat sortzea da: galdera esanguratsuren bat, irudi bihurtzen dugun esperientzia haragiztatu bat, edo beste zentzuan, esperientzia haragiztatu bat gogora ekartzen digun irudi bat. Sortzaileak bere barruko zurrunbilotik zerbait esanguratsua ateratzen du, zentzua ematen dion zerbait. Eta era berean irakurleak ere bere esperientziekin konektatzen du, zentzua ematen dio, zerbait esanguratsua gertatzen da, hitzetan jartzen erraza ez dena. Agian, ezinezkoa dena. Horregatik da literatura. Hitzak hitzen gainetik erabiltzea.
Pertsona gisa haztea, izan daiteke gorputzarekin konektatzeko abilezia garatzea. Hala bada, literatura sortzea eta baita irakurtzea, entzutea edo ikustea ere (ez dut batere gustuko “kontsumitu” hitza erabiltzea, ulertuko denez), hazten laguntzen digun zerbait da, intuizioa garatzen laguntzen diguna eta gizaki egiten gaituzten sentimenduekin konektatzen laguntzen diguna: iskin egin ezin den gaitzarekin, eta bizitzea merezi duen bizitzan beharrezkoa den benetako alaitasun edo lotura sentimenduarekin.