LIBURU AURKEZPENAK
Liburuen aurkezpenek ez dute ezertarako balio; hau da, aurkezpenak egiteak ez du nahitaez salmenta bermatzen. Aurkezpen asko berdin salmenta asko formula ez da existitzen. Idazleoi, liburu berri bat argitaratzen dugunean, aurkezpenez aurkezpen joateko prestutasuna eskatzen zaigu, eta gehienetan pozarren egiten dugu, baina jakitun izanda ekitaldira lagunen bat, ahaideren bat edo beste edo, txarrenean, inor ez dela etorriko.
Halere, itxurak egin behar izaten ditugu, denak emanda geure liburua zeinen ederra eta interesgarria den gogotik azaldu, irribarretsu ahal bada, baina neurrian badaezpada, eta etorri ez den jendeari ere eskerrak emanez. Gela erdi huts batean zure liburuari buruz hizketan aritzea etsigarria izan daitekeen arren, ez da hori okerrena. Aurkezpena prestatzeak, gonbidatuak etortzeko konbentzitzeak eta aurkezle egokia topatzeak idazlearengan eragiten duen akidura isilpean gordetzen dira. Hobe urduritasuna, tripako edo buruko mina eta esna-aldi luzeak ez aipatzea, idazlearen ospeari edo liburuaren salmentari kalte egingo diotelakoan.
Aurkezpen bakarrarekin aski litzatekeela uste dut, prentsaurrekoarekin alegia. Liburu berriaz erditu den egileak bertaratu diren hedabideei bere lanaren nondik norakoak labur, zuzen eta ahal bada norbaiti jakin-min apur bat piztuko dion amu batekin azalduko die ordu erdi eskas batean, zergatik merezi duen, bere ustez, bere liburua irakurtzea. Ondoren, prentsan edo beste hedabideetan agertuko da, eta iheskortasun horren baitan, amaituko da egilearen hitzaldi errepikakorra, eta akaso hasiko liburuaren balizko ibilbidea.
Eskertzekoa eta pozgarria da oso, noski, handik eta hemendik zure liburuari buruz jarduteko gonbidapenak jasotzea, nahiz irratitik edo telebistatik. Elkarrizketa horietan dena eman behar du gonbidatuak, jakinaren gainean egonik bere liburuarena aitzakia bat baino ez dela bera goitik behera aztertzeko: itxura, nola mintzatzen den, janzkera, eta bestelako epelkeriak. Hala ere, horrek guztiak aukera ematen du aleren bat edo beste saltzeko edo liburutegian mailegatzeko; edo baita sareetan jarraitzeleren bat gehiago izateko ere, zergatik ez.
Oso agerikoa da idazlea ezaguna den ala ez aretoan jarritako aulki kopuruari erreparatuz gero. Edo argitaratzen diren aurkezpenen argazkietako planoa kontuan hartuz gero. Izenak pisu gehiago du obrak berak baino; aurreiritziek zama gehiago, aukerek baino. Eta hor hasten dira bereizketak: idazlearen sonaren arabera, aretoa beteta edo hutsik. Jakin badakigu izen batzuek besteek baino jende gehiago erakarriko dutela solasaldira. Ikusi beharko litzateke, ordea, horrek salmentan duen eragina proportziozkoa den ala besterik gabe entzule soilak diren, irakurleak baino gehiago.
Salmentari dagokionez, berriz, nago gaur egun sare sozialak askoz eraginkorragoak direla liburuen aurkezpenak baino. Lehenengoak berritzaileagoak dira, egungo bizi moldearekin bat datozenak; bigarrenak zaharkituak geratu direla uste dut. Badago sareetan norbere liburua zabaltzen duena txartzat hartzen duenik ere, liburuak bere kabuz edo ahoz ahokoarekin bizirik irauteko berezko ahalmena izango balu bezala. Pentsamolde hori egungo baliabide eraginkor bati muzin egitea dela iruditzen zait, baita hala egitea erabakitzen duena gutxiesteko modu bat ere. Bakoitzak egin dezala komenigarriena iruditzen zaiona edo gogoak ematen diona.
Dena den, zeharo unagarria da promoziorako ardura ia osoa idazlearengan berarengan uztea. Idaztea nahikoa izango ez balitz bezala! Beraz, bai egilearen bai bere lanaren biziraupenerako tresna diren sare sozialen erabilera nork bere gain hartu behar izatea ere ordainsaririk gabeko zama da, onuragarria izan daitekeena edo ez. Nork bere gain hartutako lan gehigarri hori mesedegarriagoa suerta dakioke idazleari maila pertsonalean ekonomikoan baino.
Ziztu biziko erritmoan bizi garen sasoi honetan, liburu bakoitzaren bizi-itxaropena oso efimeroa da, batak bestea estaltzen baitu atera orduko. Jendaurreko aurkezpenek zertxobait luza dezakete duela hilabete argitaratutako liburuaren bizitza, baina ez askoz gehiago. Egileak eta editoreek benetan baloratu beharko lukete biratik ateratako etekinak merezi izan duen ala ez, batez ere lehenbizikoaren osasuna babeste aldera.
Eta bai, euskal literaturak bizirik eta osasuntsu jarrai dezan nahi badugu, liburuak erosi behar dira, prekarietatea apur bat saihesteko, idazleari merezi duen duintasuna aitortzeko eta lana delako. Ez utzi Durangoko Azokarako urteko liburuen erosketak, eta saiatu literatura oparitzen urte osoan zehar, ez gabonetan bakarrik.