“Detaile txikietatik abiatuz munstro, egitura edo sistema handiak seinalatzen saiatzen naiz”
“Zorionak, idatzi zidan, jakin dut hezur berriak dauzkazula”. Hortxe liburuaren hasieran aipu horixe, tituluan ere ageri zaiguna.
Maddi Ane Txoperenak jakinarazi zidan esamoldea. Liburuaren izenburua pentsatzen ari nintzela, Maddi Aneren mezua jaso nuen, esanez jakin zuela hezur berriak neuzkala, eta zorionduz. Haurdun dagoen emakumeaz esaten da, nonbait, hezur berriak dauzkala. Maddi Anek Lesaka inguruan-eta esaten dela adierazi zidan eta, gero jakin dudanez, Bizkaian ere erabili izan da. Polita iruditu zitzaidan esamoldea, eta izenburura eraman nuen.
“Ateaz bestaldeko zalapartagatik, etxekoei”. Liburua ireki orduko irakurri dugu eskaintza...
Gure umea oso-oso txikia zenean idatzitako liburua da eta, idatzi bitartean, haurraren aita egoten zen berarekin. Idatzi bitartean gelaz bestaldean izaten zen zarata oso presente neukan baina, bestalde, neure espazio fisiko eta mentalari eutsi nahi nion. Gatazka horretan sortu nuen poema liburua.
Jazmina Barreraren aipua dugu hurrena atariko aukeratu duzuna: “Haurrek eskuizkribuak jaten dituzte, dio Ursula K. Le Guinek. Haurrak negar egin zuelako idatzi ez zen poema, haurdunaldiagatik alboratutako nobela, eta horrela. Haurrek liburuak jaten dituzte. Baina testu zatiak jaurtitzen dituzte ahotik, gerora elkar daitezkeenak. Edo ez”.
Eta ez dakit Jazmina Barreraren liburua [Linea Nigra] jaso izan ez banu, nire hau idatziko nukeen. Lagun batek oparitu zidan Barreraren lana, justu haurdun nintzela jakin zuenean. Eguneroko moduko bat da Barreraren lan hori, eta haurdunaldia, erditze aurrea eta erditze ostea kontatzen ditu. Hortik hasi nintzen neu ere apunteak hartzen. Gustatu zitzaidan Barreraren liburua, oso errealista delako, eta kontatzen duelako zer disonantzia eta zailtasun izango dituzun haurdunaldian zehar, eta ondoren, sormenari emana jarraitzeko. Amatasun garaian hainbat gauza ikusten dira —ikusi ditut nik, behintzat—, eta hainbat material bildu nituen poemak-eta sortzeko. Material-zatiak ziren, ez zegoen jakiterik puzzlea osatzeko elkartuko ziren edo ez. Akaso bai, akaso ez. Agian. Nik, kasu honetan, zatiak josten eta liburua osatzen asmatu dut.
Jazmina Barreraren liburua gabe, hortaz, ez zenukeen zure hau idatziko?
Ez dakit. Garai hartan, besterik idazten ari nintzen, baina gai honek burua okupatzen zidan. Ama izan berritan, iruditu zitzaidan nahiko erronka ere bazela idazten esertzea, eta, bestalde, ezinezko zitzaidan beste ezeri buruz idaztea. Hortaz, ez dakit Barreraren liburua gabe nirea idatziko nukeen, baina bai harena asko gustatu zitzaidala, eta neure buruari esan niola ni ere apunteak hartzen hasiko nintzela. Eta hartu nituen eta, haurdunaldia eta gero, poema hauei forma ematen hasi nintzen.
Beste aipu bat, liburuaren atarira aldatu duzuna. Adrienne Richena da: “Niretzat, ordea, inoren ama izan gabe bizi nintzen lekua zen poesia, neure gisa existitzen nintzen lekua”.
Esan dudanaren haritik ari naiz: ama izateari buruzko poesia idazten, baina delako gela horretan sartzen nintzenean, zalapartatik urruntzen nintzenean, nire betiko ni-ra itzul nintekeen, idazle ere izan nahi duen gorputz honetara. Ama izateari uzteko modu bat zen, nahiz eta ama izateari buruz idatzi.
Oraingo poesia liburu hau baino lehen, Literatura genero ezberdinak landu dituzu, saiakera, narrazioa, antzerkia. Bestalde, bertsolaria zaitugu. Zerk eraman zaitu forma poetikora?
Egia esan, ez neukan buruan poesia idaztea. Lehen aldia da poesia idazten eseri naizena. Orain arte inoiz ez nuen saiakerarik egin. Momentuak berak ekarri zidan poesia idaztea. Momentuak, eta gaiak. Egia da gauza oso ezberdinak idatzi ditudala, eta aldi bakoitzean bulkada jakinak izan ditudala literatura genero batetik edo bestetik jotzeko. Saiakera idatzi nuenean ere [Algara mutilatuak, Susa, 2021], ez nuen pentsatzen saiakera idaztea. Gaiari buruzko ikerketa egin nuen, eta hortik etorri zen lana saiakera forman argitaratzea. Kasu honetan, kosta egiten zitzaidan sinistea poesia idazten ari nintzela, eta poemak Susako editore Leireri [Lopez Ziluaga] iritsi zitzaizkionean, ziurgabetasuna zen nigan nagusi, barkamen-eske moduko bat eginez bezala ari nintzen, zertan ari nintzen oso ongi ez baneki bezala.
Ziurtasunik ez, hortaz?
Ez. Baina Leirek animoak eman zizkidan eta, bide horretan, ahalduntze prozesu bat burutu dut, neure buruari erakutsiz poesia idazteko gai naizela, lehenengo aldia izan dudan arren. Bidean gauza asko ikasi ditut, jakina. Badakit poesiak kode itxirik ez duela, baina puntuazioa baliatzen ikasi dut, poemen izenburuak ere gogotik landu ditut Leireren laguntzaz, izenburu lauso eta iradokitzaileak jarriz, irakurleak mezu trinkoena poemaren mamian jaso zezan. Eta gero, betikoa: kendu, kendu eta kendu. Poema laburrak dira nire liburu honetakoak, kondentsazioaren ondorio direlako. Hitz zehatzenaren bila ibili naiz aldiro-aldiro eta, hainbat aldiz landu eta gero, buruz ere ikasi ditut, hitzez hitz, poema batzuk. Ez da, bakarrik, idazten eta eserita eman dudan denbora, baizik eta testuak behin eta berriz gogoan bueltaka ibiltzea: “Goizean borobiltzen asmatu ez dudan poemako esaldia, arratsaldean etorriko zait”. Horrela jardun dut, eta uste dut bestela jardun izan banu ez nukeela asmatuko.
Obsesioa ere bada hori, ala? Poemak eta hitzak jira eta buelta beti.
Nik horrelaxe bizi dut sormena, eta horrexegatik ditut lo egiteko arazoak, umerik gabe ere! Proiektu batean sartzen naizenean, buru-belarri sartzen naiz bertan. Bertsolaritzak ere, esate baterako, horretara jartzen nau, sormenera. Oso adi nago inguruan gertatzen denari. Esponja moduko bat naiz, eta horixe erabiltzen dut sortzeko garaian, moldea zeinahi dela ere. Poema liburu honen kasuan, biderkatu egin da obsesioa. Baina ez naiz bere lanarekin obsesionatzen den idazle bakarra. Horretan ari zarenean, dena horren begiradatik ikusten duzu, eta hori ere ederra da, ze munduak hainbat gauza oparitzen dizkizu: batean, halako artikulu bat; bestean halako irudi bat.
Noiz da poema bat bukatua? Edo Luigi Anselmik gune honetan bertan Paul Valeryrena akordura ekarri zigunez, abandonatu egiten da?
Bukatu, mila buelta eta bat gehiago eman dizkiodanean, pieza guztiak bat datozenean. Baina liburu honetan dena ez da nire lana izan. Hortxe da Leirerena [Lopez Ziluaga], Itziar Ugarterena… Liburua jaso nuenean, pieza guztiak bere lekuan zeudela iruditu zitzaidan. Egia da harrezkero poema gehiago ere etorri zaizkidala, idatzi eta erantsiko nituzkeela, baina egindakoarekin konforme nago.
Gela bat zenuen, ez etxea ere, zeuk idazteko. Azkenean, haur jaio berriak hartu zuen egongi hura. Espazio fisikorik gabe, nola idatzi?
Gelarik ez, eta ezer sortu ahal izateko egin behar den tetris guztia. Beste zenbait emakume sortzailek ere esan dute, planifikatzen saiatu behar izan dutela. “Umeak ordu eta erdiko siesta egiten duenez, lokuluxka tarte horretan idazten saiatuko naiz”. Baina seguru egon justu egun horretan besterik gertatuko dela, eta emakume sortzaile horrek ezin izango duela idatzi. Ahalegina eginagatik ere, onartu beharra dago batzuetan ezinezko dela.
Lau poema ditugu liburuaren hasierako, eta bi atal gero: “Aurrea” eta “Ondoa”. Amatasunaz ari zara lan honetan, baina garai bateko amaren idealizaziotik urruti. Tokitan dira Uztapideren bertso famatu haiek-eta!
“...beste ze esanik ez da / esanikan ama”. Gogoan ibili ditut bertso horiek. Hark beste zer esanik ez dagoela, baina nik, neure artean, “esango nituzke batzuk!”, pentsatzen nuen. Mugimendu feministatik edaten dut, eta poemak idaztean ez nuen amatasuna idealizatu nahi, ez demonizatu nahi ere, nik nola bizi izan dudan adierazi besterik, inoren gainetik jarri gabe ere. Alde horretatik, pozik nago. Uste dut liburuak lokatzetik bezainbat ederretik duela, bietatik. Liburua hasi eta buka, horixe islatzen asmatu dudala uste dut, Alegia, ez dut, diskurtsiboki, lehen partean era batera eta bigarrenean bestera jardun dudanik. Bestalde, uste dut oraingo emakumeok deseraikia dugula garai bateko amatasun idealizatu hura, espektatiba tarte handiagoa dugula, eta halaxe erakusten dela liburu honen lehen partean. Aldi berean, uste dut bigarren partea, “ondoa”, “hondoa” ere badela neurri batean. Horixe erakusten du “Azken bainua” poemak, lehen partearen bukaerakoak. Gainerakoan, uste dut iritsi behar duen lekura iristen dela liburua. Ez dut gauza jakin bat egin nahi izan, aurretik erabakitakoa. Ez. Bizi izan dudan bezala idatzi dut, bere lokatz eta bere eder.
Amatasunaz ari zara liburuan eta, behin baino gehiagotan, erru sentipena ageri da ama izateari loturik. Zer dela-eta?
Hori gizartearen presiotik dator. Emakume bezala ere asko bizi izan dut sentimendu hori, eta ama izan eta gero, biderkatu egin zait. Bider mila. Gizartearen presioa da. Batzuetan, errua sentitzen duzu parkean umearekin egon beharrean, idazten ari zarelako, edo bertso-saio batera joan zarelako. Borroka hori. Horrek zer pentsatu handia eman dit, ze ikusten dut nire belaunaldiko emakume askok desidealizazio hori egina dutela. Kontrakoa ere ikusten dut, hau da, beste zenbait emakume umea zaintzeari emanak bizi direla % 100, eta eszedentzia luzeak hartuta. Eta zilegi da bigarren jokabide hori, baina nik banekien ez nuela horrelakorik nahi.
Eta, orduan?
Gauza bat da teorikoki horixe nahi izatea, eta bestea, aldiz, eguneroko bizimodua, eta gizartearen presioa. Eta erru sentimendua oso presente izan dut nik. Ez dit inork zuzenean esan, baina zeharka ulerrarazi didate, eta bizi izan dut presio hori. Hortxe dago “7 hilabete” poema. [“Lanera azkarregi itzultzeagatik / haurreskolan goizegi uzteagatik / lan ordaindurik ez egiteagatik...”] Errua, denagatik, egindakoagatik eta ez egindakoagatik: eszedentziagatik, haurrari bularra kentzeagatik, behar baino denbora luzeagoan emateagatik… Asmatu ezin konstante bat!
Gizarteak ezartzen dituen arau inplizitoez ari zara...
Amatasunari dagokionean, emakumeen gorputzari dagokionean… Gorputz ideal ezinezko bat saltzen digute —ezinezkoa, ze batean lodiegi eta bestean argalegi da, dena da “-egi”— eta berdin amatasunaren kasuan ere, ama ezinezko bat. Horregatik agertzen dira nire poemetan bakarrik dauden amak, ama idazleak, ama lagunak eta ama fakirrak, hau da, ama ezinezko bat, dena irentsi behar duena. Da idazlea, sortzailea, irakaslea… Ama fakirra!
Emakume sortzailea eta ama, zarata artean eta zatika sortzen, prekarietatea ere hortxe da beti. Ez dago erraz!
Pentsatzen nuen sortzea gauza ederra zela, urte batzuetan probatuko nuela, baina bizitzako erabaki potenteak hartzeko garaia heltzen zenean pauso bat atzera eman beharko nuela. Euskal ikasketak egin nituen, irakasle izan nintzen, baina sortzetik bizitzeko saiakera egin nahi nuen, eta egin ahal izan dut, etxean, ondoan, irakaslea dudalako lanean, soldatapeko. Apustua egin dut, baina ez da bakarrik nire apustua, etxekoona baizik. Gure lan-egoera eskasa da, prekarioa, eta horixe da euskalgintzako eta kulturgintzako langile askoren egoera. Baita nirea ere. Oraingoz, sortzetik bizitzeko moduan ninteke, baina ziurgabetasun horretan, badakit edozein momentutan oker daitekeela egoera. Kezka hori badaukat, baina etxean zure ondokoak ziurgabetasunik ez duela jakiteak asko laguntzen du.
Inoiz adierazi izan duzunez, une jakin batean hartutako oharretan oinarritu zara, kasu askotan, liburu honetako poemak osatzeko. Batzuetan, mugikorrean hartu dituzu apunteak...
Oraingo honetan horrela aritu naiz baina, bestela, koadernoan idazten dut beti. Koaderno pila bat daukat, sortzaile gehienok bezala, baina oraingo honetan, egoerak horretara behartuta, sakelakoan neure buruarekin taldea osatu eta idatzi ditut bertan apunteak, koadernoa eskura ez nuelako. Gero, jakina, apunteak koadernora aldatzen ibili naiz, eta handik ordenagailura.
Nola egiten da oharretik poema?
Ez dakit, bada! Kasuan-kasuan jakin behar! Oharrak gauza solteak dira: hitz bat, irudi bat… “Nuklear” poeman bezala. [“… / Koloreak inertziak patroiak / irauli asmo genituen baina / honezkero ez ote zara ohartu / autoa nork gidatzen duen? / Biotako nor doan atzean / zuze aldamenean kantari.”] Nik hartutako oharrak horixe esaten zuen: “Kotxean ni atzean”. Hortik pentsatze bat dator, elaborazio bat, eta forma emate bat. Liburu honetarako oharrak halakoxeak izan dira, baina oso gauza koiunturala izan da, momentuak harrapatzeko ahalegina. Hitz gako batzuk idazteak lagundu dit.
Poema bat ekarri nahiko nuke hona: “Niri ere bai”. Erditze garaiko indarkeriaz ari zara.
Askok eskertu didate poema hori idatzi izana. Biolentzia obstetrikoa oraingo gaia da, gero eta gehiago ari da zabaltzen kezka hori. Bitxia da, baina Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalean gaia jarri zidatenean ere, ezin izan nion gaiari iskin egin. Putzu sakona iruditzen zitzaidan, baina ezin izan nuen saihestu, eta kantatu egin nuen. Gero, pozik gelditu nintzen kantatu nuenarekin, momentu hartan deskontrol handia izanda ere. Alegia, gaia hortxe neukan buruan, bertsotan leku egin nion, eta poema horretan ere berdin. Indarkeria [obstetrikoa] gauza sotila da, baina indarkeria da era guztietara ere, eta emakume askok eskertu egin didate biolentzia horri leku egitea.
Liburuko poemarik gogorrena iruditu zait...
Bai, seguru. Banekien noizbait kontatuko nuela, ez nekien poema izango zen, baina bai kontatuko nuela. Eta hemen izan du bere lekua.
Emakume askok eskertu dizute poema hori. Badituzu irizkideak, beraz, dela gai horretaz, dela amatasunaz.
Denetik. Irakurle taldeetan ere hasi naiz, eta denetik ikusi dut. Emakume asko, adin guztietakoak, bizitzan erabaki ezberdinak hartutakoak. Eta, esan dut, nik ez nuen inor idealizatu nahi, ez demonizatu nahi ere. Gure belaunaldian badira batzuk ama ez izatea erabaki dutenak eta beste batzuk, aldiz, ama izan nahi dutenak… Errezeloa nuen batzuei ez zitzaiela liburua gustatuko, ez zutela irakurriko, baina gustatuko ez zitzaiela pentsatzen nuen haiengandik ere mezu horixe jaso dut, alegia, irakurri dutela, gustura irakurri dutela eta zer pentsatua eman diela. Uste dut amatasunak emakume guztiok zeharkatzen gaituela, ama izan edo ez.
Liburuaren amaierako poemetan tonu aldaketa bat dago, gozoagoa-edo.
Horrela etorri da hori. Ez zegoen aurrez erabakita. Gure umeak bi urte egingo ditu uztailean eta ni ja ez nago liburuak erakusten duen garaian. Iñigo Astizek esan zidana: “ze ondo momentua harrapatu zenuela, ze hura joan da!”. Egia da. Bilakaera bat dago hilabete horietan eta, orain, berriz, denbora joanda, bilakaera handiagoa da. Baina ez dut nahita egin. Jende askok esan dit “Poz txiki bat” poema gustatzen zaiola, eta ez alferrik! Uste dut gogortasun horretatik gatozela eta, bat-batean, lokatz ederretan gabiltzala. Hala ere, esan dut, ez nuen nahita egin. Halaxe bizi izan nuen, eta halaxe erakutsi dut.
Idatzi duzu poesía ere, oraindaino arte ez bezala.
Baina orain arte poesiarik idatzi gabe ere, poesia asko irakurria naiz. Liburua idatzi bitartean ere asko irakurri dut. Hortxe Leire Bilbaoren Etxeko urak, adibidez. Askok bi poema liburuak lotu dituzte! Irakurtzen dut Miren Agur [Meabe], Itziar Ugarteren Gu gabe ere marabila iruditu zitzaidan. Sortzaile eta ama diren idazle askoren testuak irakurtzeko aukera izan dut eta hortxe ibili naiz.
Zure liburua politikoa dela esan izan duzu aurkezpenen batean...
Sortzen dudan guztia neure begirada politikotik sortzen ahalegintzen naiz dena. Ez dakit zenbateraino den sorkuntza eraldatzailea, baina horretan sinisten dut, horretan formatu naiz, eta horretan saiatzen naiz. Begirada kritiko feminista dut, eta egiten dudan oro hortik egiten saiatzen naiz. Eta siniste hori % 100 paperean jartzen saiatzen naiz, detaile txikietatik munstro, egitura edo sistema handiak seinalatzen. Askotan egin dut hori. Nik uste, begirada bera dela politikoa.
Liburuko lehen poema dugu: “‘Ideiak’ deritzon talde bat daukat / neure buruarekin. / ipuin posibleen hasiera posibleak pilan / balizko nobeletarako hari lokabeak / dirulaguntza deialdi iraungiak / lehiaketa biren oinarriak / inoiz neuretu nahi nituzkeen esamoldeak / inoren liburu gomendioak / inori ostutako aipuak”. /Amatasunaren fase bat kontatu duzu, “Ideiak” horretara jotzeko moduan zaude.
Sortzen ari naiz. Baliteke sortuko dudanak amatasunari lotuta egotea baina, oraingoz, hortik askatzen ari naizela esango nuke. Ines Osinagarekin hizketan lehengo batean, eta esaten zidan postpartoa hain dela gauza heavy-a, inoiz ez baita besterik sortzeko gauza. “Nik ere berdin bizi izan dut”, esan nion, “hau kontatu egin behar dut!”. Kontatu dut, joan da lehengo sentimendu indartsu hori, apaldu da, eta orain besterik egiten ari naiz.
Egin duzun lanaz gozatu, behintzat!
Uste dut Uxue Alberdik esaten duela, ez dugula gozatzen publikatzen dugun hori ere. Egiten dugu lan bat, igotzen dugu gailurra, eta beste tontor bat dugu zain. Egia da, hala ere, liburu honekin gozatzen ari naizela, baina hori bezain egia da beste hainbat ideia ditudala gai berari buruz. Gurpil zoro bat da sormena. Bitartean, liburu hau egin izana ospatu nahi dut.