Artikulua :: JON EUGI 2023/11/10

Kuadrillaren afaria

Datorren ostiral honetan ez bada, biharamunean, larunbatean, ez dira gutxi izango afaria egingo duten gizon kuadrillak. Edo, bazkari baten bueltan juntadizoa egingo dutenak, berdin dio. Elkarte gastronomiko batean ez bada, kaleko jatetxe batean izango da hitzordua. Bertan, jakiak ahoratzeaz gain, hitz egiteko ere aprobetxatuko da bilkura, ardo, sagardo edo beste edari batzuk edatearekin batera. Asteko berriak izango dira hizpide, futbol emaitzak, edo beste kontu partikular batzuk. Baina, gizon arteko bilkura horretan zenbatek erakutsiko duten beren benetako egoera emozionala galdetuko bagenu, zein izango litzateke erantzuna?

Agertu orduko, agur gisa, ohikoa izaten da galdera: zer moduz? Erantzuna: “ondo”, edo, “ondo esan beharko”. Horrelako zerbait erantzun ohi du gehiengoak. Agian, benetan hala ez bada ere. Agian, juxtu egun horretan, norbait gaizki dago, egun txarra izan duelako edo arazoren batek estutzen duelako lehenagotik. Baina, hala ere, afarira joatea erabaki du. Orduan, nolatan aitortuko du, demagun, triste dabilela azken boladan? Ezer ez aitortu, eta aurrera. Eta jokaera horren atzean dagoen arrazoia ez da, halako aitorpen bat eginez, lagun arteko juntadizoa mikazteko arriskua dagoela. Edo bai. Edo, ez hori bakarrik. Lotura estua du, nire ustez, gizonok gure sentimenduak plazaratzeko dugun zailtasunarekin. Eta, bereziki, gizon euskaldunoi dagokigun kontu bat dela esango nuke.

Jakina, egoera ezberdina izan daiteke gizon hori ezkongabea edo bikotean elkartuta badago. Izan ere, bikotekideari kontatu ahal zaio lagunei kontatzea komeni ez dena. Baina, gauza jakina da bikotekideari ere ez zaiola dena kontatzen; kontu intimo batzuk norberarentzat gordetzen dira, eta beste inork ez ditu jakin behar. Baina, jokaera horrek ere baditu arriskuak. Izan ere, hasieran kontu batzuk ezkutatzen dira. Baina gero, komunikazio arazoak areagotzen badira, bikotekideen artean zegoen distantzia amildegia bihur daiteke denboraren poderioz. Eta, ustez komunikaziorako alboan norbait zuenak harekin ez jarraitzea erabakitzen du. Kontxo! Ulia eta berendia banandu egin dira.

Adinean gora goazenak maskulinitate eredu zurrun batean heziak izan gara. Jende aurrean negar egitea ere ia-ia debekatua geneukan, barren! Horretan zertxobait hobera egin bada ere, gizonen arteko komunikazioa ez dakit maila berean hobetu ote den. Agian oker nago, baina urteak pasa diren arren, hurrengo belaunaldian ere antzeko jokaera antzematen dut nik. Bizi dugun garaiak ere ez dakit asko laguntzen duen. Lehen baino ahalegin gehiago egiten da guraso batzuen partetik ezarritako genero rol zurrunak gainditzen, baina gaur egun, iraganean ez zegoen faktore batek indar handia du: teknologiak, edo, beste era batera esanda, pantailek. Umeak, txikitatik, pantailak eskuetan dituztela hazten dira eta hortik jasotzen dutenak eragin handia du beraiengan. Horrek asko baldintzatzen du euren pentsamoldea eta jokaera. Pantailen gehiegizko erabilerak badakigu ez dakarrela ezer onik eta ezin gara harritu horren ondorioa buruko gaitzen ugaritzea izatea, bereziki nerabe eta gazteengan. Bederen, aurrera egin da norberari gertatzen zaizkionak kontatzeko psikologoarengana joaterako orduan. Jada, estigma gainditu da eta normalizatzen ari da haiengana joatearena. Alderdi horretatik, ondo.

Kuadrilla batetik bestera ez dut uste alde handirik egongo denik, gauza orokorra da: gizonen arteko harremanetan zer hobetua badago. Guri dagokigu horretan urratsak ematea baina ez da erraza, patriarkatuaren kumeak garelako. Agian kuadrillaren otorduetako solasaldietan, ohiko gaiez aparte, beste batzuez hitz egiten hastea izan daiteke abiapuntua, alkohol pixka bat edanda, ea bat baino gehiago ausartzen den nola dagoen esatera.

JON EUGI