KORRONTE IKUSEZINAK
Ertz askotatik pentsa liteke eta pentsatu izan da zahartzaroari eta literaturari buruz. Liburuetan, pertsonaia zaharrak irudikatzeko modua aztertu izan da, adibidez; edo idatzi izan da zahartzera iristen diren idazleei sortu ohi zaizkien arazoez eta arazook ofizioan duten eraginaz: memoria eta bista galtzeaz, afasiaz, indarra ahitzeaz, gerriko minaz, isolamenduaz, gorreriaz, dependentziaz, belaunaldi berriekiko deskonexioaz, pobreziaz…
Baina artikulu honetan, literaturari lotuta baina liburuetatik kanpo, jendaurrean, zahartzaroaz modu esplizituan diharduten idazleez pentsatu nahi nuke. Azken urteotan ez baitira gutxi zahartzaroari buruz hainbat ikuspuntutatik gogoetan ari diren euskal idazleak. Arreta ematen dit denak andrazkoak izateak.
Arantxa Urretabizkaiak, esaterako, hainbat mintzaldi egin ditu zahartzeko moduei buruz. Behin baino gehiagotan azaldu izan du espero gabe jaso zuela aditu titulua 3 Mariak eleberria kaleratu zuenean. Nobelako protagonista zaharra zenez, zahartzaroan aditu bilakatu zuten bat-batean, eta hainbat tokitatik deitu zioten zahartzaroaz hitz egiteko. Han eta hemen esandakoak bildu zituen iaz Zahartzaroaren maparen bila liburuan.
Urretabizkaiaren izena bilatzailean jarri eta berehala agertu zaizkit “Arantxa Urretabizkaiaren Azken etxea edo zahartzaroa baikortasunez eta ahaldunduta bizitzeaz” izeneko hitzaldia eta “Nola antolatu gure zahartzaroa” izeneko beste bat. Bila jarraitu dut eta ikusi dut 2026ko otsailean “Zahartzeko manerak euskal literaturan” izeneko hitzaldia antolatu zutela Andoainen, eta Arantxa Urretabizkaia bera eta Yolanda Arrieta aritu zirela hizlari, Iratxe Retolazaren gidaritzapean. Berehala agertu zait Yolanda Arrietak Zarauzko Emakumeen Etxean emandako “Zahartzaro berriak, aukera berriak” mintzaldiaren afixa. Orain dela gutxi, berriz, whatsappeko statusean ikusi dut Mariasun Landak “Egunaren adinak. Zahartzaroa hizpide” izeneko hitzaldia emango duela Donostian.
Etxean eta bistan daukat Landak berak Maite Gurrutxagarekin batera ondutako Egunaren adinak album ilustratu ederra, non protagonista zahar batek egun bakarrean adin posible guztiak bizi dituen. Kontrazalean baino ez zaio enkargu kutsua nabaritzen, Oneka euskal emakume pentsionisten plataformaren logoaren azpian “Bizitza aske eta zahartzaro duina. Sentsibilizazioa eta prebentzioa” irakurtzen baita.
Mari Luz Estebanek ere lan handia egin du gaiok pentsatzen. Asko zabaldu ziren Andrezaharraren manifestua poema-liburua eta hartan oinarrituriko titulu bereko ikuskizuna. Estebanek emandako mintzaldiak eta jendaurreko gogoetak ere ez dira gutxi izan. Lehen bilaketan, “Feminismoa eta zahartzaroa” izeneko hitzaldi bat eta “Adineko emakumeak, zahartzaroa eta gorputza” izeneko beste bat agertu zaizkit, eta baita partaide izan den bi mahai-inguru ere: “Zaharrak gara eta libre” izenekoa eta “Zahartzaroa praktika eta begirada feministetatik” tituluduna.
Pentsatu dut ezin dela kasualitatea izan, eta ondorio batzuk begi-bistakoak direla: emakumeak ari dira zahartzaroaz pentsatzen. Aurrez gurasotasuna, zaintza, generoa eta abar pentsatu izan ditugun gisan. Hitzaldi eta mahai-inguruon antolatzaile, entzule eta hizlariak andrazkoak izaten dira maizenik.
Ondorio harrigarriak ateratzera ere jolas gintezke. Adibidez: Gizonezko idazleak ez dira zahartzen. Edo bai, zahartzen dira, baina gizonak, zahartzean, ez dira zahartzaroan aditu bilakatzen, literaturan aditu izaten jarraitzen dute. Ez baita gauza bera idazle zaharra eta zahar idazlea izatea. Gizonei zahartzaroak ez die idazletasunik lapurtzen; inork ez die jartzen zahartzaroaren maskara autore-maskararen gainean, ez behintzat neurri berean. Zeren eta, bestela, zergatik egiten zaizkigu hain bitxiak “Koldo Izagirre: zahartzaroa baikortasunez eta ahaldunduta bizitzeaz” edo “Joxe Austin Arrieta: Zahartzaro berriak, aukera berriak” tituluak? Neuri bakarrik egiten zaizkit xelebre?
Egia esan, gurasotasunarekin ere tankeratsu gertatzen da. Gizon idazleak aita izatean ez dira aitatasunean aditu bilakatzen, literaturan aditu izaten jarraitzen dute. Igualtsu generoarekin ere: “Gizonak eta literatura” izeneko mahai-ingururik ez dut uste antolatu denik… Generoan adituak ere ez-gizonak bihurtzen gara. Eta, bueltan-bueltan, guk aditu tituluak dauzkagu –generoan, feminismoan, zaintzan, zahartzaroan–, eta gizonezko idazleek, batez ere, obra daukate. Zergatik ez da inoiz antolatu, adibidez, “Zaharrak gara eta libre: Ramon Saizarbitoria, Bernardo Atxaga eta Anjel Lertxundi” mahai-ingurua?
Pentsatzen ari nintzen emakumezko idazle zaharrei gehiagotan eskatzen zaiela zahartzaroaz pentsatzeko literaturaz pentsatzeko baino, haiengan errazago ikusten delako andre zaharra idazlea baino. Gizonezko idazle prestigiodun bati zahartzaroaz hitzaldi bat emateko eskatzea gutxieslea begitanduko litzaioke askori. Nola jaitsiko dugu, ba, Idazle Jauna kolpe bakarrean eta inolako abisurik gabe autore-gorputzetik agure-gorputzera?
Aldiz, emakumeekin natural-natural gertatzen da. Zergatik? Autore gorputzera, autore totalaren gorputzera sekula iritsi ez garelako? Beti izan garelako idazle baino amago, zaharrago, bikotekideago, neskagazteago, feministago, emakumeago? Badirudi badirela kanpo-indarrak gizon zuriak ez garen guztiok esperientziara, gorputzera, kondizio biologikora edo esleitu zaigun generora itzularazten gaituztenak. Korronte ikusezinak dira, bultzaka eramaten gaituztenak espero gabeko leku esperogarrietara.
Izan ere, gai bati heltzeko edo ez heltzeko hautua ez baitago ur-laster sozial horien gainetik, haien menean baizik. Korronte horien baitan pizten eta itzaltzen, estutzen edo hedatzen dira irudimena, pentsamendua eta hitzak. Horregatik, ez dut uste kontu hutsala denik idazleak zertara jartzen ditugun; zertara jartzen garen. Aditu tituluak nola banatzen ditugun eta zaizkigun. Gure arreta baitago jokoan.
Gai-jartzaile ikusezina da gizartea, eta, xorro-xorro, idazleok, bertsolariek bezala, jasotzen ditugu mandatuak “doinu eta neurri librean” aritzeko. Ez dugu kasualitatez pentsatzen zahartzaroaz, amatasunaz, heteroarauaz, zaintzaz, botereaz. Eta pentsamendu horrek guztiak daukan balioaz eta garrantziaz zalantzarik egin gabe, bada nire baitan ur-laster ikusezinen aurka errebelatu nahi lukeen indar bat. Zeren, arreta zeri ematen dion, hortxe jokatzen da idazlea. Eta nago, maiz literatura idaztea eragozten digunari buruz pentsatu beharrak eragozten digula, hain zuzen, literatura idaztea.