Konspirazioak
John F. Kennedy erail zuen Lee Harvey Oswald tirokatzaileari agindua eman zion beste inor egon al zen? Mafia? CIA? Militarrak nahastuta egon ziren AEBetako presidentea paretik kentzeko Dallasko atentatu hartan? Kasuari buruzko hamaika teoria daude. Agintarien aurkako konspirazioak ez dira atzo goizekoak; gizateriak aspalditik ezagutzen ditu. Agian, dokumentatuta dauden zaharrenen artean ezagunena, K. a. 44. urtean, senadoreek Julio Cesar erromatar enperadorea erail zutenekoa izan daiteke. Masoiekin lotutakoak ere ez dira gutxi izan; ekintza garrantzitsu batzuen atzean eurak egon direla zabaldu da behin baino gehiagotan. Nola ezkutuko elkarte bateko partaideak diren, sekretismoz inguratuta egon dira eta sarritan lotu izan dira historia aldarazi duten gertakari harrigarri edo susmagarri batzuekin. Berez, elkarte horren printzipioen artean gizateriaren aurrerabidearen alde jardutea badago ere, alegia, kalterik ez eragitea.
Gaur egun, konspirazioak ia edonon aurki daitezke; gertaera susmagarri bat izatea nahikoa da horren atzean norbaiten asmo ezkuturen bat dagoela esateko. Esate baterako, 2020. urtean gizateria astindu eta munduaren martxa hankaz gora jarri zuen COVID 19 birusaren kasuan. Txinako merkatu batetik zabaldu zen ala laborategi batetik ihes egin zuen? Horren harira, ez al dugu entzun nahita askatu zutela, pertsona ahalik eta gehien hiltzeko intentzioarekin? Izan ere, zenbait gobernu edo erakundek gizakiak akabatzeko propio laborategian sortutako birus hilgarriak gordeta dituzte, nahi edo komeni zaienean erabiltzeko prest, eta hau eskala globaleko horrelako ekintza bat izan zen, ideia horien defendatzaileen iritziz.
Jakina, internetek konspirazio edo dena delako teorien zabalkundea errazten du. Nahikoa da pertsona batzuen ezohiko jokaera bistaratzea fenomeno birala bilakatzeko eta pertsonak katuaren hirugarren hankaren bila aritzeko. Txio bat birala egitea oso erraza baita. Mezuak hedatzeko tresna boteretsuak daude, sare sozialetako bot erreplikatzaileak eta propio prestatutako algoritmoak. Hala, sare sozialen bidez sekulako oihartzuna lortzen dute. Sarritan, distraitzeko maniobrak dira, fokua desbideratu eta benetan garrantzitsua denari ez erreparatzeko. Baina pertsonek informazioa jasotzeko modu hori hautatu dutelako gertatzen da hori, hedabide tradizionalak garrantzia galtzen ari baitira. Hau mundu aldrebesa! Jendeak ez du interesik albisteak hedabide serioetan jasotzeko, kazetaritza inoiz baino beharrezkoagoa denean enpresa erraldoi teknologiko diruzaleen txotxongilo ez izateko.
Ukaezina da konspirazio asko eta asko botereari lotuta daudela. Eta, hain justu ere, hori da Asel Luzarragaren Malthusen ezinegona (Elkar, 2021) liburuaren muinean dagoena. Bertan, idazleak utopia bat aurkezten digu, zientzia fikziozko lan askotan ez bezala; ohikoa izaten baita genero honetan distopiak erakustea etorkizuneko iragarpen gisara. Itxura batean, sistema perfektu bat da XXIII. mendeko hau. Gaur egungo Lur planetako gaitz askori konponbidea eman zaie: ez dago larrialdi klimatikorik, ezta gainpopulaziorik ere (soilik milioi bat lagun bizi dira munduan). Administrazio bakar batek gobernatzen du guztia, pertsonek ez daukate lanik egin beharrik, horretarako robotak daude, beraz, denbora nahi dutena egiteko daukate… baina dena ez da dirudiena. Eleberri honetako protagonistak, Malthusek, botere nahiak bultzatuta, ustez sistemaren pitzadurak aurkitu eta dena bere neurrira antolatzeko saiakera egingo du. Ene ustez, ideologikoki maila jasoko proposamena egin du idazle bizkaitarrak, mezu oso indartsua gordetzen duena indibiduoaren askatasunari dagokionez. Pertsonen geroko bizitza irudikatzeaz gain, giza izaeraren funtsezko gaiei buruzko gogoetez aberastua dator liburua, nik interes biziz irakurri dudana. Joxe Azurmendi pentsalariaren esaldi hau bat dator liburuaren gako nagusiarekin: “Menpekorik gabe ez dago botererik, hori da botere ororen problema”.