Joxe Azurmendi, idazle eta irakasle
Uztaileko berriarekin batera, EHUko Joxe Azurmendi Katedrako kideak Usurbilen elkartu ginen, bazkari baten bueltan harekin ditugun oroitzapen eta bizipenez hitz egiteko tartea hartu genuen.
Batek Joxe Azurmendi poeta gisa ezagutu zuen lehenik, Hitz berdeak liburuko “Bakardade” poeman bere ahotsa entzun genuen:
Bakarrik nago nire fedean,
eguzki bat bezala,
argi ilun bat darion eguzki bat bezala...
Bakardadetik mintzo zen, baina ez zuen bakardadean iraun. Urteen joanean, idazten eta irakasten jarraituz, ahots bakarti hura maisu maitatua bihurtu zen. Eta gu, haren ikasle, lankide edo irakurle izan ginenok, prozesu horren lekuko izan ginen, intimo bezain kolektiboa.
Askotan esaten da Joxe Azurmendi pentsalaria zela, eta hala da, noski. Baina mahai inguruan ari ginela, aipatzen da lehenik idazle gisa ulertu behar dugula. Ez zuen idazten soilik pentsamendua komunikatzeko; idaztea, beretzat, pentsatzeko modua zen: bere burua argitzeko, galderak egiteko eta zentzua bilatzeko tresna. Izan ere, haren eskola-apunteek liburu forma hartzen zuten.
Guretzat ez zen “Joxe pentsalaria” bat eta gero “Joxe idazlea”: haren pentsamendua bere idatzietan bizi da; horregatik ez da beti sistematikoa, baina bai sakona, askotan entsegu formakoa, ohar-sorta modukoa, ur jauzi baten logika likidoan antolatua, non erudizioa eta esperientzia jarioan uztartzen diren.
Bazkalondoko solasaldian batek gogoratu zuen moduan, haren idazlanek ez zioten jada existitzen zen publikoari begiratzen, baizik eta sortzeke zegoen komunitate bati zuzentzen zitzaizkiola. Etorkizuneko Euskal Herri bat irudikatuz idatzi zituen, oraindik errealitate bihurtu gabe zegoen irakurle multzo imajinario bati, eta argitaratzeak berak eragin zuen kolektibo hori existitzen hastea.
Euskaraz idaztearen kontua ere hizpidera etorri da. Azurmendi euskararen langilea izan zen eta gure artean euskaltzale sentitzea normalizatu zuen: euskaraz pentsatzea eta idaztea ez zela ariketa arraroa erakutsi zigun, baizik eta duina, beharrezkoa eta posiblea.
Elkartu garenontzat irakaslea izan zen, eta baita lankidea ere. Filosofia modernoari buruzko galderak zituenean, harengana joaten zen gutako bat errespetuz eta arduraz. Baina beti aurkitzen genuen irribarre lasaigarri bat, eta esaldi bat edo beste argigarria: “Lasai, kontzeptu zailak eta konplexuak dira. Denbora behar da ulertzeko.”
Irakaskuntzan hasiberriei laguntzeko beti prest zegoen, giro lasaia sortzen zuen, eta klaseak irakurketa talde irekiak izaten ziren: 2-3 libururen inguruko eztabaidak, egunerokoarekin lotuta. Beste baten bizipenean, ordea, haren inpaktu pedagogikorik handiena zuzendari gisa izan zuen. Orduan bai, konpromisoa eta exijentzia gorenera iristen ziren. Irakurle sakona zen, aholku onak ematen zituen, eta pertsona apala izaten jarraitzen zuen. Egindako mesedeak eskertzen zituen. Behin, gutako batek Alemaniatik bidalitako liburu bat eskertu nahian, haren gurasoak bere etxera kafe hartzera gonbidatu zituen, natural-natural. Pertsonak jartzen zituen kontzeptuen eta ideologien gainetik; momentu oro aurrez aurre zuen hori zen garrantzitsuena. Beste behin, bere etxean lan egiten zuen zaintzaileari marko bat oparitu nahi izan zion, hark hainbeste kostata lortutako Espainako erregearen sinaduradun ikasketa-agiri bati bere garrantzia eman nahi ziolako.
Solaskide batek dioen bezala, ez zuen filosofiaren historia berrasmatu, baina munduko hainbat lekutako ideiak ekarri eta euskal esperientzia bihurtu zituen. Erraztasunez egiten zuen lan interpretatibo sakona, sinplifikazioetatik ihes eginez. Dibulgatzaile ona zen, eta aldi berean interpretazio konplexu eta aberatsak eskaintzen zizkion euskal irakurleari.
Azpimarratu du, gainera, bere hainbat intuizio, gero psikologiak eta politikak baieztatu dituela: euskal abertzaletasunak ez duela izaera supremazistarik izan, edo ideologia baino lehen, komunitatea bera existitzen dela erakutsi zuela. Irudimena eta errealitatearen arteko harremana problematizatu zuen, baina sekula demonizazio sinpleetan erori gabe.
Azurmendik, esaten dugu, ibilbide guztiz pertsonala egin zuen: mundu propio batean bizi zen, lagun intelektual gutxirekin eraikia (Jakin taldekoak, Gandiaga...). Baina ni-tik gu-ra egindako bidean, komunitate bat sortzen lagundu zuen, pentsamenduaren bidez. Eta komunitate horri, ikusgarritasunik bilatu gabe, bizitza oso bateko lana eskaini zion: 40 liburu baino gehiago, 600 artikulu, baina batez ere, pentsatzeko eta bizitzeko jarrera kritikoa, ironikoa, poetikoa.
Azken batean, lehenago esaten genuen moduan, Joxek bere irakurlea sortu zuen. Bere liburuak ez ziren testuinguru batentzat soilik idatzi: publiko bat sortu zuten, eta komunitate hori oraindik bizirik dago. Eta gaur guk ere pentsatu behar dugu zergatik eta zertarako izan nahi dugun euskaldun.
Argazkia: Juantxo Egaña