Artikulua :: Jon Eugi 2025/10/02

Izeba Ada eta gure ama

Gianni Rodarik Telefonozko ipuinak liburu zoragarria idatzi zuen 1962an. Gurean Elkarrek argitaratu zuen 1983an, Idoia Agirrek itzulita eta Jordi Saludesen ilustrazioek lagunduta. Liburua, izenburuak adierazten duen gisan, aita batek alabari telefonoz kontatzen dizkion ipuinen bilduma bat da. Izan ere, Bianchi jauna, saltzailea bera, etxetik kanpo bidaiatzera behartzen du lanbideak, baina alaba ezin denez lokartu ipuin bat entzun gabe, gauero telefonoz deitu behar dio kontakizuna egiteko. Horregatik istorioak laburrak dira, dei baten iraupena dutelako.Rodari, idazlea ezezik, irakaslea ere izan zen eta haurrentzako pedagogia berri baten bultzatzailea. Horrela, denetariko pertsonaiak dira narrazio hauen protagonistak, hala nola, zorterik ez duen ehiztari bat, txorimalo bat, txotxongilo bat, gauero oheratu aurretik txiki-txikia bihurtzen den neskatila bat, Antton mutiko ikusezina, edo, Jontxo Egunpotto bidaiaria, behin batez, mantekilazko gizonen herrialdera heldu zena. Halako pertsonaia xelebreek egoera bitxi edo bereziei aurre egin beharko diete. Idazle italiarrak, berezko duen ezaugarriarekin, hau da, fantasia dosi handiarekin, gai ezberdinak jorratzen ditu, gizatasuna erdigunean jarriz. Ez dira falta gerraren aurkako mezuak, edo, modu xaloan bada ere, boteredunei kritika egiten dietenak. Kontakizunak umore eta ironiaz zipriztinduta daude, eta asko hunkigarriak dira.   

Liburuko ipuinen artean dago Ada izeba zaharra izenburua duena. Hauxe da kontatzen duena, pixka bat laburtuta: Ada izeba, oso zahartuta zegoenean, zahar etxera joan zen bizitzera. Bere gelara ailegatu orduko, leiho hegian galleta bat txiki-txiki egin zuen. Hasiera batean, gelakideei ez zitzaien oso ideia ona iruditu, inurriak erakarri zitzakeelakoan. Baina, laster, txoritxo bat agertu zen eta galleta jan ondoren alde egin zuen. Bera bezalako adineko emakumeek hala esan zioten marmarka:

Ikusi duzu zer lortu duzun?

Jan eta joan. Gure semeak munduan zehar joan diren bezalaxe, auskalo nora alde egin duten eta orain gutaz, hazi genituenetaz, gogoratu ere ez.

 Gelakideen iritzia gorabehera, Adak goizero leiho ertzean galleta puska txikitu eta txoriaren jangai jartzen zuen, eta hura jatera etortzen zen txintxo-txintxo hegaztia. Baita bere kumetxoak ere, izan zituenean, denboraldi baten buruan.

Gure semeak itzultzeko leihoan galleta lehor bat jartzea nahikoa izango balitz! Eta zureak non daude? –galdetzen zioten gelakideek Adari.

Baina izeba Adak ez zekien non zeuden bere semeak. Hala ere, txoritxoak elikatzen jarraitu zuen, egun batean hil egin zen arte. Bere semeek berri txarra jakin zutenerako, ordea, berandu izan zen hiletara joateko. Txoritxoak negu osoan gerturatu ziren leiho hegira eta galletarik aurkitzen ez zutenean entzun egin behar zen haien txioek sortutako iskanbila!.

 Ipuin honekin akordatu nintzen gure amarekin izan nuen pasadizo bat dela medio. Hark, izeba Adak bezala, zahar etxean bizi beharra izan zuenean, egun batean jertsearen mahuka petik galleta pusketa bat atera eta eman egin zidan:

Hartu, umeentzat –esan zidan.

 Ezustean harrapatu ninduen amaren ekintza hark. Ez nuen ulertu norentzat zen galleta. Nire seme edo alabarentzat ezin zen izan, nik ez baitaukat seme-alabarik. Nola dementziak jota zegoen ordurako, pertsonaz nahastu zela ondorioztatu nuen. Edonola ere, guztiz hunkitu ninduen keinu hark. Arratsaldeko askarian, kafesnearekin batera eman zioten galleta, osorik jan ordez, zati bat gordetzeko detailea izan zuen, senide bati oparitzeko. Pixka bat hausnartu ondoren, eskerronezko keinu gisa interpretatu nuen, gure bihotz oneko amaren partetik. Rodariren ipuina gogoan, poztu egin nintzen, gure amak semea han zeukalako, bere ondoan, eta ez urrutian. Garrantzitsuena maite ditugunen alboan egotea baita azken unera arte eta txoriek pertsonak ez ordezkatu behar izatea. Gerturatu daitezela txoriak adinekoengana baina lagunduta daudelarik. 

Jon Eugi