Artikulua :: Uxue Juárez Gaztelu 2025/06/24

Intsektu baten definizioa

Duela hilabete batzuk, Fagus Alkiza zentruko bisita gidatuan, intsektuen mundu txiki handia pixka bat ezagutu nuen Iñaki Mezquitaren eskutik, Aranzadi Zientzia Elkarteko Entomologia Saileko kidea. Soinean neraman koadernoan, Iñakiren lehenengo hitzak idatzi nituen: pertsonak ez dira kasik aldatzen. Intsektuak, aldiz, bai: arrautzatik larbara, larbatik krisalidara, pupara, eta hortik tximeletara, burruntzira. Intsektu baten definizioa Iñakiren arabera: antenak eta sei hanka dituzten animaliak. Besteak, besteak dira.

Eta orduan idazten dut: luzaro gela barruan biraka hegan aritu den intsektu metalikoa naiz gaurkoan. Ni. Edozein. Bera. Bestea. Burruntzi enperatriza, adarraren itzalpean marratuta, adibidez. Eten puntuak. Burruntzi enperatriza marraren bertikaltasunean geldo zintzilik tantaka egunak zenbatuz doa. Adarra atzean utzi du grabitatearen ahoa hortz ustelak lurrari jositako pentsakeria guztiak atzean lagatzen diren trazu fineko pintzelkadaz. Gorputza uzkurtu du lerroaren bukaeran.  Jauzi txiki bat: lehenengo saiakera. Halako batetan, aire-zirrikitua. Jauzi eginez berriro, azala, begiak, arroztu dira. Hegalak puztu. Orduan bai; hegaldia.

Idazkerak hori baimenzen dit: bele zein intsektu bilakatzea. Azeri andrea besteetan. Batzuetan ez dut argi metamorfosia zein den. Zein den atzealdean gordetzen den arrazoi ezkutua. Argi dudana da besteak besteak direla eta intsektuak desagertuko balira, mundua leku isil eta arrotz bat bilakatuko litzatekeela. Baina gauza hauek soilik eguna amaitzerakoan pentsatzen ditut. Orokorrean, garbigailu bat bilakatzen da nire burua eten puntu batekin topo egiten duenero. Besteetan, soilik zinta garraiatzaile bat: ideiak, umea, akzioak, usteak leku batetik bestera daramatzan zinta mengel eta hauskorra.

Iñakiren hitzetan, eguraldi txarra dagoenean intsektuak gorde egiten dira. Hori esan zuen Iñakik. Hori idatzi nuen nik. Ondoren tximeleten izen ezberdinak aipatu zituen. Egun horretan, bisita amaitutakoan, gurasoen herrian lo egin nuen, burua zuhaitzaren enbor hutsean gordeta zuen armiarma saltizida bilakatuta edo. Hondamendia datorrenean gurasoen etxean biltzen dira beleak eta intsektuak. Zuraren zainetan gorde egiten dira. Besteen eskuentzat helduezina den gune horretan.

Intsektu dardartiak. Bele tematiak. Iluntasunean, deabruak xaxatutako katuen marrakak entzuten dira eta etxearen atzealdean dagoen intxaurrondoaren hasperenak ere. Holakoetan beleak mokoa nire bularrean hondoratu ohi du. Urduri dago eta haragia zulatzen doa bihotzaren gertutasuna sentitu nahian edo.

Goizaldean esnatzerakoan, kafea edan eta umea oraindik iratzarrita ez zegoela egiaztatu ondoren, atea itxi eta pinudia zeharkatu nuen. Nire herriko pinudi anorexikoa. Hori gogoratzen dut. Hori apuntatu nuen idatzoharretan behintzat.

Hasieran, egunero topo egiten dudan zuhaitz eroria ikusten dut bidea eragozten. Bidea garbi topatzea zaila da. Ala ezinezkoa. Inurriak, termitak, egurraren kakalardoa. Bizitzaren zantzuak hildakoaren gorpua zulatzen. Egurraren biztanleak. Zurezko zainak eta zuloaren zuloaz eraikitako jauregi hutsa. Haizearen oihartzuna eta Liliputeko intsektuen hotsak barrualdeko mundu ikusezina zizelkatzen.

Egurraren eskultoreak betaurrekoak alde batera utzi izan balitu bezala eta orain, eskuak isilpean gordeta, burruntziei so gelditu izan balitz bezala. Intsektuek hegalak bildu dituzte. Duela hamaika urte, pinudietako biztanle txikiek bazekiten ezpainak, mingainak, ahots kordak eta eztarriak bazekiten neguaren hotzetik babesten. Intsektu ikasiak ziren.

Guk ordea, intsektu intelektualok, etxeak eraikitzearen zigorra ezarri diogu gure buruari. Habietatik bihotzak erortzen utzi ditugu urtaroen zama gutxietsiz. Eta orain, dardarka, haragiaz biluztuta, hezur eta larru eginiko hitzak zaborrontzian pilatzen ditugu usteltze prozesuaren lekuko bilakatzen garen heinean.

Intsektuek hegalak zabaldu dituzte berriro nire usteak uxatu nahian edo. Zeren bila dabiltza?

Erantzunik ez dut. Sekretuak hegalen zein atzaparren artean babestu ohi dituzte animaliek.

Uxue Juárez Gaztelu