Artikulua :: PAKO SUDUPE 2023/11/08

Immigrazioa

AEBetan immigrazioaren erreforma politikoki eremu minatua dela dio M.J. Sandelek. Jendearen sostengu zabala ematen duen immigrazio-politikaren alderdi bat baino ez omen dago ia: Estatu Batuetako muga indartzea, etorkinen legez kanpoko fluxua mugatzeko. Texasko sheriffek Interneten erabilera berri bat asmatu dute muga zaintzeko balio diena. Bideo-kamerak jarri zituzten muga legez kanpo gurutzatzen den lekuetan, eta haien irudiak sarean ikus litezke zuzenean. Muga zaintzen lagundu nahi duten herritarrak orrialde horretan sar daitezke eta Texasko polizia laguntzaile birtualak bihur daitezke edo bihur zitezkeen behintzat.

Europan ere badakigu estatuek oro har --batzuek gehiago beste batzuek baino--, gero eta muga gehiago jartzen dietela estatu-muga legez kanpo gurutzatu nahi duten pertsonei, ukrainarren salbuespenarekin. EAEko gobernuaren diskurtsoa eta praktika ere hein batean –ez da ahaztu behar erabaki handienak Estatuak hartzen dituela--, oso urrun dago harresia eraiki eta mugak kontrolatzeko herritarrei laguntza galdegitetik. Bada, Texasen hamarna milaka pertsona inskribatu omen ziren delako sare zelatari hartan, eta kazetari batek horretan aritzen zen kamioilari bat elkarrizketaturik, arrazoi hauek eman omen zituen: "Zerbait sentiarazten dit barruan, zerbait egiten ariko banintz bezala legea betetze aldera eta nire herriaren alde".

Filosofia politikoan adituen artean famatua den Michael Walzerrek idazten duenez, immigrazioa mugatzearen aldeko argudiorik onena komunitarioa da. Atxikipenaren baldintzak arautzeko eta onartzeko eta baztertzeko klausulak ezartzeko ahalmena "komunitatearen independentziaren zuztarrean dago". Bestela, ezingo litzateke egon izaeradun komunitaterik, historikoki egonkorrik, elkarren artean nolabaiteko konpromiso berezia duten pertsonez osaturiko komunitaterik, denboran iraun eta elkarrekin bizitzearen sentsazio berezia izango lukeenik.

Hala ere, nazio aberatsetan immigrazio-politika murriztaileek pribilegioak babesteko ere balio dute. Estatubatuar asko beldur dira Estatu Batuetara mexikar gehiago etortzea baimenduko balitz, gizarte-zerbitzuak gehiegi kargatuko liratekeela eta gaur egun herritar direnen ongizate ekonomikoa murriztuko litzatekeela. Argudio hori nahikoa arrazoi izango litzateke immigrazioa mugatzeko?

Immigrazioa mugatzeko argudio indartsuago bat da horrela babesten direla kualifikazio gutxiko langile estatubatuar zaurgarrienen lanpostuak eta soldata-mailak, gutxiago kobratuz lan egiteko prest dauden etorkinak heltzen direnean. Baina argudio horrek konpontzen saiatzen garen arazora itzultzen gaitu: zergatik babestu behar dira AEBetako langilerik zaurgarrienak, horrek Mexikotik datozen eta are okerrago dauden pertsonei lan-aukerak ukatzea esan nahi badu?

Behartsuenei eman beharreko laguntzaren ikuspegitik, immigrazio librearen aldeko argudioak eman daitezke. Eta, hala ere, AEBetan igualitarismoa atsegin dutenek ere, zalantza egiten dute immigrazio librea onartzeari dagokionez. Uzkurtasun horrek ba al du oinarri moralik? Bai, baina bakarrik onartzen bada betebehar berezi bat dugula gure herrikideen ongizatea sustatzearen alderako, partekatzen dugun bizitza amankomun eta historiari jarraiki.

Euskal gizartearen kasuan, geuk nahi ez ditugun lanak egiteko edo merkeago egiteko ondo datozkigu –adinekoen zaintza; eraikinen zaharberritzea, ostalaritzako langile, kualifikazio gutxiko lanak merkeago egiteko; hots, arrazoi funtsean egoistengatik--; aldiz, kohesio sozial eta linguistikorako kaltegarri, euskaldunok are gutxiengoago bihurtzen gaitu bereziki gaztelaniaz badakitenen etorrerak. AEBetan ere problematikoa da. Hona Walzerren ikuspegia [Esferas de la justicia. 2015: 50], guretzat ere baliagarri dena:

Soilik sentimendu abertzaleak oinarri moralen bat badu, soilik kohesio komunitarioak betebehar eta esanahi partekatuetara eramaten badu, soilik kideak badaude eta arrotzak badaude, Estatuko agintariek arrazoiren bat izango dute bereziki beren herriaren ongizateaz [...] eta beren kultura eta politika propioaren arrakastaz arduratzeko".

 

 

PAKO SUDUPE