Idazleen ekarpena gizartearen aurrerabidean
Batzuetan munduan gertatzen ari dena gizateriarengan konfiantza galtzeko modukoa da. Ez da hain arraroa halako pentsamenduak izatea, ordea. Izan ere, pertsonen historia intolerantzia, basakeria, eta indarkeriaz zipriztinduta dago, tamalez. Gizakiak gizaki denetik egin du gerra eta pertsonak erail ditu aurrehistoriatik bertatik. Lur eta ondasunen espoliazioa egin du, Amerikaren eta beste kontinenteen aurkikuntzaren ondoren. Giza talde zuri hegemonikoa ez denarekiko tratu txarra eta jokaera makurra erakutsi du. Adibideak ez dira falta: Hernan Cortes konkistatzaile espainiarrak Amerikan bertako herrien aurka burutu zituen hilketak, esate baterako. Edo esklabutzaren kapitulu iluna hor dago; afrikarrak ez ziren pertsona gisa tratatuak, merkantzia hutsa ziren eta milioika eraman zituzten Amerikara. Hala ere, aztertzen badugu, egungo egoerak ez du lehengoaren antzik. Gerrak irauten duen arren, asko aurreratu da giza eskubideen arloan, arraza, sexu, genero aniztasunaren onarpenean, eta tolerantzian. Agian ez modu berean mundu osoan baina Mendebaldean bai (Europan, bereziki) eta horretan idazleek beraien ale garrantzitsua jarri dute.
Historian atzera eginda, Erdi Arora bagoaz, gizarte feudal monarkiko eta aristokratikoa geneukan. Elizaren diskurtso teoriko monoteista zen nagusi. Baina gauzek erabateko aldaketa izan zuten Gutenbergek XV. mendean inprenta makina asmatu zuenean. Originalen kopia azkar egin ahal izateak liburuen zabalkunde masiboa erraztu zuen. Ordura arte, liburuak idaztea eta banan-banan kopiatzea elizgizonen kontua izan zen baina aurrerantzean Elizarekin loturarik ez zuten idazle gehiago agertu ziren. Ilustrazioko egileek argia ekarri zuten errejimen zaharreko iluntasunera eta beraien obretan ideia aurrerakoiak plazaratu zituzten, gizartearen antolakuntza hobe bat lortzeko balio izango zutenak. Voltairek bere ipuin filosofikoetan (Candide, Kandido, 1759, eta beste batzuetan) intolerantzia eta fanatismoa kritikatu zituen. Rousseauk Kontratu soziala liburuan pertsonen arteko berdintasuna defendatu zuen eta Montesquieuk Legeen izpirituan, estatuaren hiru botereen arteko banaketaren ekarpena egin zuen, gaur egungo “zuzenbidezko estatua” deitzen denaren oinarriak jarriz. Teoriko horien planteamenduak 1789ko Frantziako iraultzaren ostean gauzatu ziren. Behin monarkia absolutista eraitsita, Frantziako burgesia klase sozial sortu berriak, hiritarren berdintasuna lege bihurtu zuen eta derrigorrezko eskolatzearekin analfabetismoa desagertzeko urratsak eman ziren.
Egia da gizartean aurrerabidea gerta dadin, baldintza ekonomiko eta soziopolitikoetan ere hobekuntza gertatu behar dela. Intelektualek ideien mailan ekarpena egin eta gero, aktibistek aldarrikapenak kalean defendatu izan dituzte. Eta aktibistek egindako eskaera legitimoek, gizartearen gehiengoaren babesa dutenean, botere instituzionalak asumitu eta praktikan jarri besterik ezin du egin. Idazle feminista aitzindariek (Clara Campoamor, adibidez) sufragio unibertsalaren eta emakumeen berdintasunaren alde egindako obrak garrantzitsuak izan ziren, gaur egun, bozka ematea eta baita haurdunaldiaren etetea ere, eskubide gisa aitortuak egon daitezen.
Jakina, gizarte berdinzale eta askeago bat lortzeko bidean aurrera egiten denean beti sortzen dira indar erreakzionarioak, ezer ez mugitzea nahi dutenak. Gaur egun, Europako herrialde askotan alderdi ultraeskuindarrak hauteskundeetan gora egiten ari dira, mezu matxista, arrazista, eta xenofoboekin. Beraz, borroka bat dago halako mugimendu kontserbadore eta progresisten artean. Baina erreakzionarioak egon arren, iraganeko hesiak gainditzen dituzten ur korronte indartsuak bezala, jarrera modernoek lekua hartzen jarraitzen dute historian. Hala, Eutanasia legea indarrean dago gero eta estatu gehiagotan, lehen pentsaezina zena.
Ezin da ukatu idazleek ez dutela lehen zuten itzalik, garaiak aldatu direlako eta, besteak beste, berrikuntza teknologikoen ondorioz, jakintzaren gordailuak izan diren liburuek garrantzia galdu dutelako. Baina oraindik ideiak aurkezteko moduan dira, ez alferrik proposamen mamituak egiten dituzten pentsalariak dira haietako asko. Idazleon zeregina da munduaren martxari adi erreparatzea eta unean uneko gizakiaren kezkei erantzunez, planteamenduak egitea, gizarte hobe bat izateko asmoz. Basakeriatik heziketak eta kulturak salbatuko gaituzte, beste ezerk ez.