Artikulua :: Garazi Albizua 2026/05/12

HAU EZ DA NOBEDADE BAT  

«Zoran Vikovićek, neska gazteak bortxatu zituela -tartean hamabost urteko beherako bat–, esan nahi genuke arriskutsua dirudiela. Baina kaltegabea, txikia eta ahula ematen du, bereziki Kovaćen ondoan. Ile argia eta azal griskara ditu, eta zurbil dago. Ez dauka kokotsik, eta hori izanen du, akaso, ezaugarri bereizgarriena. Epaiketa hasi zenean, bizar motza ibili zuen, kokotsaren hutsunea betetzeko edo. 2001eko otsailaren 22an, epaiaren egunean, bizarra moztuta agertu zen, garbi, eta irudi zuen kokotsa lepo lodian desagertzen zitzaiola. Haren aurpegiak ez zuen inongo emoziorik ageri. Ez zuen akaso inongo emoziorik sentituko?».

Sekula ez liokete euli bat hegalik kenduko, Slavneka Drakulićek idatzitako kronika eta egunerokoa da. Erradiografia bat ematen du, behaketa ariketa sakona. Jugoslaviako gerra-kriminalen auziak harrapatzen ditu orriotan, gaizkiaren nondik norakoa zizelkatu nahiko balu bezala. Izan ere, indarkeriak, maltzurkeriak eragiten dute jakin-min sakona. Zergatik? Nola da posible? Gaiztotasunaren ertzak irudikatzerik al dago, zerbait fisikoa balitz bezala, hots, mendikate bat edo distantzia bat bezala? Pertsona bakar batek adieraz dezake haren keinuen bidez, azalaren bidez, non egin duen habia gaizkiak?

Goran Jelisić fidatzeko moduko gizon bat izan liteke. Hogeita hamar urteko gazte honek badu zerbait –aurpegi argi eta barea, begi biziak eta irribarre zabal lasaigarria– edonor seguru sentiaraziko lukeena gauez tren batean beraren ondoan esertzea suertatuz gero. Gisa horretako aurpegia duten gizonek kalea gurutzatzen lagundu ei diete emakume adinduei, elbarriei eserlekua uzten diete tranbian, edoedonori aurretik jartzen uzten diote supermerkatuko ilaran, JelisiGoran Jelisićek, diru-zorro bat aurkituz gero, jabeari itzuliko lioke. Gure lagun mina izan liteke, gure konfiantzazko bizilaguna, suhi perfektua. Saltzailea izan balitz, izugarrizko arrakasta izanen zuen, aurpegi xalo horrekin.

Ez da, ordea, xalo.

Gaiztotasunak ziklikotasun bat du, ez da sekula nobedade. Gaur ere horretaz luze hausnartu daiteke Palestina kasuan, esaterako. Nobedade hitza da konplexua. Hasierako titularrak eta gero, sarraskia bere horretan jarraitzen duenean, hilabeteak zein urteak, freskotasun kitzikagarria apalduz doa; egunerokoan barneratzen da eta hasierako jakin-minak eragindako haserrea onarpen moduko batekin eztalten da. Egunerokoarekin bat egiten du. Eztabaidetatik atera da, nobedadea den beste zerbaitek lekua kenduta.

Kroazian, aise sumatzen da oro har uko egiten zaiola gerrari buruz hitz egiteari, sekula gertatu ez balitz bezala kasik. Orobat, aise igartzen da jendea aspertuta dagoela gerrarekin eta iragana alde batera utzi eta etorkizunean pentsatu nahi duela. Azken batean, iraganaz pentsatzeak eraman zituen gerrara.

Indarkeriaren mugaz eta bestez ari da Slavenka. Erakusten ditu epaiketak eta sakontzen du jasotakoan. Lekukotasuna erakustearekin batera, gertatu zeneko momentura eramaten du irakurlea. Ulertzerik ez dagoen kontu ilun abstraktu hori eszena jakin batera eramanez:

Draženek ulertu du berak eta gizon horrek badutela zerbait amankomunean: ez dute deus beste nazionalitate batzuetako jendearen aurka. «Baina nola egin dezakezu hau ?», galdetu dio gizonak, zigarretaren kea irentsiaz batera, azkena izanen duela jakinik. Zer esan liezaioke Draženek, beste aukerarik ez daukala baino? Ergelkeria dirudi halakorik esatea bizitza galtzear den gizon bati, ergelkeria galanta. Baina horixe da egia. Draženek badaki gizona erruduna dela nazionalitate okerra izate hutsagatik; horretan, berak ere ez du beste aukerarik.

Indarkeriak norbanakoak gainditu izanak absurdo nihilista bat eragin dezake. Hots, genozida Netanyahu ez balitz, beste norbait izango litzateke, edota Trump ez bada, bigarren bat egongo da ultrakapitalismo narzisistaren abatar. Abstrazioak, beraz, indulgentzia bultza dezake. Liburuak, ordea, gerrako kriminalez eta indarkeriaz ari da, biak ala biak gertutik ezagutzeko. Eta horren ondotik egin beharreko hausnarketa ezerosoa egiteko. Izan ere:

Gerra-kriminalen epaiketak garrantzitsuak dira alde askotatik, ez bakarrik hil zirenengatik, baizik eta baita bizirik gelditu zirenengatik ere. Azken batean, gerra-kriminalez eta kriminalok hurbiletik ezagutzeko beharraz denaz bezainbatean, hona hemen galdera soil baina garrantzitsu bat: zer eginen nuke nik haien egoeran banengo? Bada, egia deserosoa zera da, ez dagoela erantzun argirik.

Garazi Albizua