Artikulua :: MIREN MINDEGIA 2023/11/22

Gure inguruko Peterrak

–Gelditu nahi duzu lotan? –galdetzen dio Peterrek Nati, mahaiaren beste aldetik eskua luzatu eta berea laztantzen duen bitartean–. 

Segundu batzuk irauten ez dituen arren luze suertatzen den isilune deserosoa irekitzen da bien artean: amildegi bat. 

–Beste egun batean –erantzuten du Natek, aurrean duen plateretik begiak altxatu gabe, eskua mugitu gabe. 

–Beste egun batean igual ez dut gogorik izango. 

Sara Mesak idatzitako eleberrian oinarrituta Isabel Coixetek zuzendutako Un amor filmaren eszena honek indarkeria isilaren logika ezin hobe islatzen du. Ez da gehiago behar. Botere harreman bat, hitz gutxi batzuk, matxismoaren eta heteropatriarkatuaren biolentzia eta zama guztia sentitzeko. Ez da filmeko protagonistak bizitzen duen indarkeria egoera bakarra, bai aldiz bortitzena iruditu zaidana, ubeldurarik uzten ez duen kolpe baten sotiltasuna duelako. Naten isiltasuna, une lazgarri horretan, garunean eztandan egiten duen garrasi mutu bat da. 

Coixeten filma, Mesaren eleberria bezala, hainbat ikuspegitatik aztertu daiteke, gizakiaren argi-ilunetan, aurreiritzien zitalkerian, desiraren barrunbeetan eta botere-harremanetan ezin baino hobe murgiltzen den heinean. Eleberriaren tonua, airerik gabeko giro klaustrofobiko hori, bikain egokitzen jakin du zuzendariak. Baina, zalantzarik gabe, indarkeriaren inguruan egiten duen hausnarketa da filmaren ekarpenik interesgarrienetariko bat. Biolentzia hau, protagonistak gizon desberdinekin eratzen duen harremanen bitartez disekzionatzen da obran. Hiru gizon, eta hiru maskulinitate toxiko eredu: lehenengoa, etxeko maizterra, indarkeria agerikoa, ahozkoa eta fisikoa, matxista deklaratuaren eredua; bigarrena, Andreas pertsonaia, gizon hotza, gogorra, isila, komunikazio falta agerikoa duena.   

Eta hirugarrena: Peter. Natek aurkitzen duen lehenengo pertsonaietako bat da Peter, bere barneko zulo beltzetik ihesi hiria utzi eta mendi arteko herrixka batera iristen denean. Etxe zaharkitu eta erdi erori bat alokatu du protagonistak, eta maizterrak eman dion txakur zauritu, otzan eta beldurti bat du konpainia bakar. Egoera ez da erraza: emakume bat, bakarrik, denek elkar ezagutzen duten herri txiki batean. Pelikularen formatua, giroa bezala, itxia da, gogaikarria. Peter, irribarre baten atzean bere adeitasuna asmo ezkutuekin eskaintzen dion barridea da. Erraten ez duen hori da harengatik gehien gorrotatuko duguna, barne ustelkeria usainduko diogu, Natek ere nabarituko duen neurri berean. “Aliatu” klasikoa, bere burua adiskide bezala aurkeztuko duen arren botere harreman bat eraikiko duena, hortik bere gailentasuna bermatzeko. 

June Fernándezek El maltratador políticamente correcto artikulu zorrotzean aski ongi azaldu zituen gizon eredu honen nondik norakoak. “Manifestaldi feministetara joaten diren gizon misoginoak” bezala definitzen ditu Fernándezek, zehaztasun osoz: “Mota horretako erasotzaileak ezkerreko sindikatuetako liberatuak, autoritatearen aurkako aktibismoan aritu diren unibertsitateko irakasleak, edo berdintasunaren aldeko gizonak izan daitezke. Maskulinitate eredu klasikoaren estereotipoetatik bereizten dira bere sentsibilitate artistikoagatik, bere desio edo praktika homosexualez hitz egiteko arazorik ez izateagatik edo bere arazo emozionalak lantzeko terapiara joateagatik. Manifestazio eta jardunaldi feministetara joaten dira, feminista famatuen liburuak irakurtzen dituzte eta emakumeak parekidetzat dituztela diote. Era berean, beren bikotekide ohiak kritikatu ditzakete, ustel, hotz edo zoro gisa karikaturizatuz; lasai asko esan diezaiekete ez dakitela zaintzen edo janaria prestatzen. Biktimismorako eta autoindulgentziarako joera dute”. 

Coixeten filmak pertsonaia honen erretratu fidela egiten du Peterrekin. Erdipurdiko artista, hippie itxurakoa, bere burua mentalidade irekikotzat duena, “prosakoa baino gehiago poesiakoa” dela dioena, etxeko paretan Nerudaren esaldi bat zintzilikatuta ikusten dugun bitartean: “Me gusta cuando callas…”. Etxea konpondu beharko lukeela esaten dio Nati, landatu nahi duen soroan ez dela ezer haziko ohartarazi, herriko norekin harremandu beharko lukeen adierazi. Herri txiki bat dela eta, berak nahi duena egiteko askatasuna duen arren, aski ongi dakiela zertan dabilen. Nat lur jota ikusten duenean etxera afaltzera “gonbidatuko” du, “elkarrekin lo egiteko” asmoarekin. Hau da, Naten ahuldade une bat bere alde aprobetxatu nahi izango du. Bandera gorriak, nonahi. 

Filma ikusi zuen adiskide batek aipatu zidan bezala, emakume guztiek daukagu inguruan pertsonaia horri gogoratzen digun norbait. Eta guztiz ados nago horrekin: tamalez, denok ezagutzen dugu Peterren bat.

 

MIREN MINDEGIA