zutabea :: Maite López Las Heras 2025/06/19

GRATIS ET AMORE

Sortze-lana, edozein delarik ere, ordaindu egin behar da. Pellokeria irudi dakigukeen baieztapen hori, ordea, ez da beti burutzen. Argi dezagun, baina, aurrera egin aurretik, argitaratzeko asmoz egindako lanei buruz ari garela, ez sortzaileak berak berarentzat edo ahaide hurkoentzat nahiz lagun minentzat egindako obrei buruz. Eta azal dezagun, baita ere, gaia literatura-sorkuntzan ardaztuko dugula, euskal literaturaren alorrean bereziki, hori baita hobekien ezagutzen dudan eremua.

Idaztea bokaziozko ekintza izan ohi da gehienetan, baina zaletasuna ez da aski zerbait ondo egiteko, are gutxiago bikaintasunez. Gaitasuna ere eduki behar da, jakina, eta denbora, bai irakurtzeko bai idazteko. Hala ere, bokazioa, talentua eta astia ez dira nahikoak baldin eta lanik egiten ez bada. Idazteko (erran nahi baita, ondo idazteko) asko idatzi behar baita, eta asko irakurri. Irakurtzearen poderioz lortuko du idazleak nolabait ere bere irizpidea eratzea. Eta hori guztia urte askoren ondoren lortzen den zerbait da, emaitza onak eman ditzakeena edo ez.

 Idazleok eta itzultzaileok gozatu egiten dugu idazten eta itzultzen, noski, baina ez beti, batzuetan sufrikario ere bihurtzen baita hainbat faktore direla medio: denbora urria, inspirazio falta, isiltasunik eza edo gela bat ez edukitzea norberarena, nolabait esatearren. Jardunaren oreka funtsezkoa da, beraz, norbere buru-oreka onik mantendu ahal izateko eta pentsamenduen buxadura sarrietatik irteten laguntzeko edo hitzen korapiloak askatzeko.

Fruitu hitza, hots, lanaren emaitza izango litzatekeenarena, latinezko fruor aditzetik dator, disfrutatu adieratik alegia. Horrela gogorarazten digu Mario Obrero poetak Gereziak herioaren gainean poeman: «Fruitu hitza disfrutatu esan nahi duen latinezko fruor aditzetik dator. Fruitua, gainera, landareen izerditik eta lurreko ur ezkutu eta ilunetatik edaten duen sustrai sakonetik dator». Idaztea edo itzultzea, bada, batez ere gozamena da, beste ezeren gainetik, sortzailearen erraietatik eta askotan haren aisialdiko denboratik ateratzen den fruitu gozoa, nekeak eta bizitzaren kateek horretarako parada baimentzen dutenean, gutxienez.

Aldiz, frustrazio hitzak, etimologikoki beste hitz batetik eratorri arren, antzekotasun handia du disfrutatzearekin, elkarrengandik oso hurbil daudelako. Frustrare aditzak, beraz, euskarazko frustratu eman du, zapuztearen edo iruzur egitearen sinonimoa, hain zuzen. Eta komeni da literatura-sorkuntzaren alderdi hau nabarmentzea, askotan segurutzat jotzen delako idazle edo itzultzaileen lanak borondatezkoa eta, hortaz, debaldekoa izan behar duela, gainerakoen denbora-pasarako egina eta, lagun onak izanez gero, idatzitakoaz gozatzeko eta hura goraipatzeko.

 Baina idazleak ez du berez zertan eskuzabala izan, ezta bere lanak opari bat ere. Idazlearen duintasuna ordaindu egin behar da, baita hark sortzen edo itzultzen emandako orduak, hilabeteak eta urteak aintzat hartu ere. Kalitatezko euskarazko literatura nahi bada, sortzaileak balioetsi behar dira eta diruz ordaindu behar zaie, zein itzulpen bat, zein hitzaldi bat, zein errezitaldi bat, lana delako eta ez idealizaturiko denbora-pasa huts bat. Ayn Rand filosofo eta idazle errusiarraren objektibismoak ederki defendatzen zuenez, altruismoaren eta autosakrifizioaren etika baztertu beharko genituzke, bakoitzak bere zoriontasuna  arrazoiaren bitartez lortu ahal izateko, inorengatik eta ezerengatik sakrifikatu behar izan gabe.

Idazleak askotan bizi behar izaten du, bestalde, norbaitek eskatutako lanarengatik zenbat kobratuko duen galdetu behar izateko ataka gaiztoa. Jakin nahi nuke hori beste zein lan-eremutan gertatzen den; baita prezioa hasieratik ez aipatzearen asmoa zein den ere. Lotsagatik edo gure izena diruzaletzat har dezaten ekiditeagatik askotan ez gara ausartzen diruari buruz zuzenean galdetzera, eta beste askotan faktura bat egiteak artikulu bat idazteak baino lan gehiago ematen duenez, albo batera uzten dugu trantze txar hori, lana oso merkea baldin bada batez ere.

Beraz, ez dut uste prekarietate gordinean lan egiteak inolako mesederik egiten digunik euskal literatura elikatzen dihardugunoi. Ez genuke normalizatu behar gratis et amore aritzea, musu-truk eta maitasun hutsez, alegia. Egiten dugun lanagatik saritzeak oinarrizkoa izan beharko luke, baina badirudi aurrerakoia dela. Adam Smith filosofoaren balioaren eta lanaren teoria praktikan jartzea ederki legoke euskarazko literaturaren, sortzaileen duintasunaren eta gizarte arduraren alde egin nahi izatekotan.

 Hala ere, idaztea edo itzultzea batzuetan sakrifizioa ere bada, merezi duen ala ez zalantzan jar daitekeena, batez ere ordainsari bakarra norbere gogobetetzea izaten denean. Eta, dudarik gabe, sortzea lana da, eta sarritan, horretan emandako denbora zalantzazkoa bihurtzen da sortzaileak aterperik bilatzen ez duenean. Eta militantziak ez du merezi, ezta ordainduta ere, ez garelako inoren soldadu, euskal literatura sendotu nahi dugun egileak eta eragileak baino.

Maite López Las Heras