Artikulua :: Irati Jimenez 2025/09/23

Euskal literatura, errepublikarik gabeko herri baten aberri literarioa

Bere buruarentzat errepublikarik eraiki ez duen herri batentzat, hizkuntza propio bat izatea komunikazio tresna partikular bat izatea baino askoz gehiago dela ulertzeko ez da asko behar. Enpatia apur bat, besterik ez. Baina ahalegina egiteko prest ez dagoenarentzat apur bat ere gehiegi izan litekeenez eta inor ezin dugunez enpatiara obligatu, euskaldunok askotan sentitzen gara obligatuta gauzarik oinarrizkoenak eta humanoenak esplikatzera. Esate baterako: herri batek beste legezko etxerik ez daukanean, bere hizkuntza etxe bat izan daitekeela. Euri eguneratako aterpe bat. Otsoek ulu egiten dutenean lagunekin batzeko leku bat.

Euskaldunok harreman berezia eta konplikatua daukagu euskararekin eta geure artean hitz egiten ari garenez eta beste inork ez gaituenez entzuten, pentsatzen dut ulertuko didazuela zer esan nahi dudan esaten badizuet nire ustez harreman hori ez dela guztiz osasuntsua eta batzuetan, apur bat neurotikoa ere badela. Nola ez da izango, ba. Euskaldunok ez daukagu errepublikarik. Ez daukagu izaera juridiko propiorik. Gure gorputz geografikoa osatzen duten lurraldeak administratiboki zatitu dizkigute. Eta geure hizkuntza propioa da, hitz egiten ditugun guztien artean beste inorekin konpartitzen ez dugun geure hizkuntza da geure burua ikusteko daukagun ispilua. Geure zauriak erakusten dizkigu, geure frakasoak, geure minak, geure konplejuak, geure boterea. Gehiago ere esango nuke. Esango nuke nazio guztietan dela hizkuntza ikur nazionaletako bat eta identitate nazionala osatzen duten elementu nagusietako bat. Baina gure kasuan hori baino gehiago da. Euskaldunok beti ez dakigulako zer garen eta beti dagoelako ezer ote garen zalantzan jartzen digun norbait, horregatik da guretzat hizkuntza hain inportantea. Ukitu ezin den arren, hizkuntza existitu egiten delako. Eta existitu egiten garela frogatzen digulako.

Beharbada beste nazio askorentzat gutxi izango da, ez dakit. Baina ez dut uste gehiegi esaten dudanik euskaldunontzat asko dela esaten badut. Era berean, ez dakit beste nazio batzuetan berdin edo antzera gertatzen den eta literaturari gurearen moduko garrantzirik ematen dioten, baina euskaldunok bai, euskaldunok ematen diogu garrantzia literaturari. Merezi duena baino gehiago den ez dakit. Baina handia, zalantzarik gabe. Eta garrantzia ez ezik edo garrantziarekin batera, literatura egiten dutenei prestijioa ematen diegu. Ez dugu horretaz gehiegi hitz egiten, beharbada geure harrotasunak itsutu egiten gaituelako eta gizartean daukagun lekua normalizatzera eramaten gaituelako. Baina euskal jendartean, oro har, idazleok prestijio handia daukagu eta aitortuko dizuet -lotsa apur batekin- askotan esan izan dudala prestijio hori gehiegizkoa zela, normala zela ulertu gabe. Euskarak guretzat halako garrantzia badu, nola ez du izango literaturak prestijio handi bat? Normala ez ezik beharbada ezinbestekoa ere bada eta kontua ez da horrenbeste gehiegizkoa den edo ez, merezi dugun edo ez dugun. Agian, kontua da onartu egin behar dugula gizarteak eman digun lekua eta pribilejiozko leku bat denez, pribilejioa ardura bilakatu behar dugula eta eman digutenen alde erabili.

Izan ere, askotan esaten dugu euskara dela gure territorio libre bakarra eta ez dakit zenbateraino den egia territorio horretan libreak garela. Baina territorio librerik izatekotan, egia da horixe dela daukagun bakarra. Besterik ez daukagula, hori egia da. Beharbada, etxe bat da, sakonean, gure hizkuntza eta aberri bat, ezinbestean, gure literatura.

Geure libertateaz horrenbeste hitz egiten dugun eta geure libertateari hain garrantzi handia ematen diogun idazleok ardura handi bat dugula, literaturari garrantzi handia ematen dion gizarte baten bizi garelako, eta gure prestijio garrantzi horretatik datorkigulako, eta gure lanak garrantzi horren mailara egon behar lukeelako.

Ez genuke hori ahaztu beharko.

Ez garela hain edo batere inportanteak.

Baina egiten dugunak baduela bere garrantzia, jendarte oso batentzat inportantea delako.

Horregatik egin behar dugu gure lana ondo. Nire ustez, horregatik egin behar dugu lan hau egiten duguna baino hobeto, lagunok. Inoiz baino liburu gehiago publikatzen dira gure hizkuntza zahar honetan. Eta ez dira inoiz baino hobeak. Inoiz baino tresna gehiago ditugu geure eskura gure lana erraztu beharko luketenak. Eta ez ditugu inoiz baino liburu hobeak idazten. Ezta inondik inora ere.

Geure buruari gehiago exijitu behar diogula uste dut eta ez dudala aurkituko euskal idazlearen elkartea baino leku hoberik hori esateko. Uste dut, lagunok, geure buruari askoz gehiago exijitu beharko geniokeela.

Ahal dugun literaturarik onena zor diegu irakurleari. Zor diegu euskaldunei. Zor diogu geure buruari eta geure herriari. Liburu onak egin beharko genituzke, beti. Eta, tarteka, komeniko litzaiguke liburu oso onak egitea. Inoiz, zorte apur batekin, baita bikainak ere.

Baina gure liburuak beti, beti izan beharko lirateke profesionaltasunez idatzitako lanak, ondo pentsatuak, ondo planteatuak, ondo eginak. Hasieratik irakurtzeko gogoa pizten dutenak eta bukaeraraino irakurtzeko motiboak ematen dituztenak. Egia baten edo pare baten jabe direnak, errealitateaz zerbait dakitenak eta zerbait errebelatzen dutenak. Istorio bat edo batzuk interesez eta modu interesantean kontatzen dituztenak. Benetako jendearen, bizik dagoen jendearen oihartzuna dakartenak, bizirik daudenak, eta bizirik senti arazten gaituztenak.

Behin hori egitea erabakitzen dugunean, gauza bat baino ez zaigu geratuko.

Nola egin hori guztia.

Hori da jakin behar duguna.

Eta hurrengo zutabe batean zuekin guztiokin apur bat aklaratzen saiatuko naizena.

 

Irati Jimenez