Etxeberri baserriko alabaren semea, Amaren Etxekoa
Anjel Lertxundi Esnal eraikuntza-lanetan jardun da lanean, jo ta ke, gaztetatik, aita eta anaia bezala: Domingo aita eta Javier anaia, etxegintzan, kontratista eta arkitekto hurrenez hurren, obra handitan biak ere. Anjel, berriz, euskalgintzaren eraikuntzan, euskararen etxea eraikitzen. Anjelek ere obra handia altxatu du, ederrena literaturan.
Ama Etxeberri baserrikoa zuen, aita, Andukoa. Anjelek han du jatorria. Baserri biak Orioko lurretan oso aspaldi sortuak. Bietan eutsi zaio euskarari, bizi-bizirik; ahoz bietan zegoen osasun onean Gabriel Aresti olerkari bilbotarrak irudikatutako Aitaren Etxea, Arestiren Bilbon ez bezala. Anduk bizitza osorako langintzari ekin zion gaztetatik: baserriko bizimodurako balio zuen hizkuntza larrekoa noranahiko bihurtzeko ahaleginean abiatu zen, euskararen etxe zaharra etxeberritzeko bidean, aitaren etxea berreraikitzen eta biziberritzen.
Haurra zela, familia osoa arbasoen herritik Zarautza aldatuta, aitak Lizardi zenaren arreba bati lurzoru bat erosi zion, eta orube hartan eraiki zuen etxea. Han bizitzea egokitu zitzaion Anjeli, Lizardiren asaba zaharren baratzean. Eta zer da eta Zarauzko bizitoki berria Don Leandro kalean egokitu, zarauztarren osasunaz arduratzen zen medikuaren izena duen karkaran! Eta haren paraleloa Lizardi kalea da, euskararen osasuna edertzen bizitza eta bizia eman zituen poetaren izena duena.
Aita Domingoren etxean, ama Pilarren liburuen abaroan, haren suaren berotasunean, Lizardiren baratzea ureztatzen eta zaintzen eman du bere denbora geroztik Lertxundik, Lizardik 1931ko bere olerkian erakutsitako bidean sakontzen beti: “Baña nik, izkuntza larrekoa, nai aunat ere noranaikoa: yakite egoek igoa, soina zahar, berri gogoa, azal orizta, muin betirakoa”.
Horretan aritu da hain zuzen Andu: hizkuntza larrekoa noranahikotzen, Aitaren Etxe metaforikoa janzten, edertzen eta indartzen, etxeak zutik eusteko, tente. Eraikuntzarako material era askotakoak erabili ditu zeregin horretan: sena, irudimena, gogoa, idazle-giharra, irakurketan osatutako almazena, inteligentzia eta ahalegin betea; eta, batez ere, amak transmititu zion irakurtzeko zaletasuna eta joera. Pilar Esnal izan du oinarri eta esnale.
Pilar Esnalek esnatu zuen literaturara, amak, haren esneak eman zion Anjeli osatu duen obra handia eraikitzeko beharrezkoa zuen gogoa eta kemena, obrari heltzeko erabakimena, eta denboran horrenbeste urtean etsi gabe temati eusteko ezinbestean behar zuen pazientzia. Semearen esnalea izan zen ama. Gertu zuen Lertxundik Etxeberri baserria, jaiotetxe izan zuen Goiko Kaleko kale-baserritik, eta Etxeberriko alabaren kutsu femeninoa jaso zuen etxe hartan; gero, Zarautza aldatuta, hango Villa Teresita etxean sendotu zaiona: bi alaba izan ditu Teresitan, `Zu´ emazte Mari Karmenekin batera: Ane eta Leire. Aldamenean izan dituen emakumeen hatsak edertu dio etxea Anjeli.
Gaztetxotan bertan jabetu zen aitaren etxea betiko erortzeko zorian zegoela, saecula saeculorum galtzeko arrisku bizian. Eta tapatxulo abiatu zen, Anjelen belaunaldiko gazte askok zerbitzuko lanean egindako lan erraldoian, tapatxulo-lanetan, berba-zain, ele-zain, hitz-zain: Berbelitz. Literatura izan du Anjelek gustuko lantegia, baina ez bakarra. Etxegintza eremu zabala eta anitza da, euskal abizenak erakusten digun bezala: Etxezarreta eta Etxebarrieta, Etxaurre eta Etxegibel, Etxebarne eta Etxebeste, Etxaundi eta Etxettipia, Etxegoien eta Etxabe, Barrenetxea eta Bazterretxea…
Anjelek Etxeberri baserriko giroa ezagutu zuen haurtzaroan; handik etorriko zitzaion noski, Aitaren etxea sendotzeko bidean, etxegintzako horrenbeste lan-mota desberdinetan aritzeko gogoa, asmoa eta kemena: Zarauzko ikastolako irakasle eta zuzendari izan zen, euskal zine sortu berriak eman zizkigun bi pelikula esanguratsuenetakoren gidoigile eta zuzendari (Hamaseigarrenean aidanez eta Kareletik), Egin egunkariko kazetari, Euskal Idazleen Elkarteko lehenengo presidentea, ETB1eko Goenkale telesail arrakastatsuaren gidoigile eta hizkuntza arduradun, lehenengo euskal pailazoen (Kixki, Mixki eta Kaxkamelon) gidoilari, argitaletxe bateko editore, Euskaldunon Egunkariako artikulugile, gero Berrian ia 15 urtez segidan egunero plazaratu zuen Hitz Beste atalaren asmatzaile eta idazle...
Literaturan, berriz, alor asko landu ditu: haur-literatura, ipuingintza, narrazioak, eleberriak, saiakera, itzulpengintzaren aldeko aldarrikapen sutsua... Anjelek, Andu eta Etxeberri baserrietatik aingeru moduan jaitsita, munduari Orioko Goiko Kaleko talaiatik begiratuz hazitako mutilak eranskin ederra eman dio Aitaren Etxeari; tapatxulo-lanetan abiatuta, etxegintzako artista bikaina bihurtu da, aitaren etxea eta amaren sua batzen jakin duelako.