Artikulua :: IOSUNE DE GOÑI 2023/11/23

Etiketa, dikotomia eta diagnostikoei buruz

Gaixotasunari buruzko eleberriak eta memoriak irakurtzen ditudanean, nire esperientziari buruz idazteko eta hitz egiteko eskubiderik ez dudala sentitzen dut. Ulertuta eta lagunduta sentitu beharko nintzateke, nerabezaroan Sylvia Plath eta Alejandra Pizarniken poemak irakurtzen nituenean bezala, baina ez da horrela gertatzen. Gorputzari buruz idazten duten autore gehienek erantzunak dituzte. Bidaia luze bat egin dute askotan, medikuntza eta gizarte kapazitistaren baso ilunenak zeharkatuz, baina azkenean argia ikusi dute, beste aldera heldu dira: diagnostiko bat lortu dute.

Nire istorioa ezberdina da. Urte asko eman ditut tratamenduak posible egingo dituen izen eder eta misteriotsu hori bilatzen, baina zera gertatzen da: nire minak ez du izen bakar bat. Izen gehiegi ditu. Eta haietako batek ere ez du balio izan nire gorputza ulertu ahal izateko, sintomak baretzeko, funtzionatzen duen tratamendu bat aurkitzeko. Gauza bera gertatu zait mundua ikusteko, sentitzeko eta besteekin erlazionatzeko dudan modu berezi eta, askotan, mingarria ulertzen saiatu naizenean. Ezingo nituzke bizitzan zehar egokitu dizkidaten diagnostikoak zenbatu.

Azkenaldian diagnostiko eta etiketen aurkako diskurtsoak indarra hartu du. Neurotipikoek autismoa modan dagoela diote, irakasleek arreta defizita eta hiperaktibitatearen gehiegizko diagnostikoa salatzen dute eta geroz eta gehiago dira gaitasuna eta desgaitasunaren arteko muga ezabatu nahi duten pertsonak. Sintoma fisikoak ere gutxietsiak izaten dira, pertsona osasuntsuen eguneroko arazo txikiekin alderatuz: ni ere nekatzen naiz, gaur egun dena patologizatzen da.

Gure kolektiboaren barruan ere mendebaldeko pentsamendu dikotomikoaren aurkako proposamenak egin dira, hizkuntza biomedikoaren hegemonia zalantzan jarriz. Izan ere, Foucaultek Klinikaren jaiotza-n azaltzen duenez, normatik aldentzen diren gorputzak patologizatzen ditugunean, gorputz horiek ulertu, deskribatu eta definitzeko boterea adituen (hau da, medikuen eta psikiatren) esku geratzen da. Diagnostikoaren bidez, beraz, botere harreman bat sortzen da, eta pazienteak bere gorputza kontrolatzeko eta diskurtso propio bat eraikitzeko eskubidea galtzen du.

Gustatu ala ez, etiketa diagnostikoak beharrezkoak dira tratamenduak eskuratzeko, bizi-kalitatea hobetzeko eta laguntza ekonomikoak edo egokitzapenak eskatzeko. Bestela esanda, bizirauteko. Kasu horietan, baloratzen dena osasun-langileen txostenak izaten dira eta pazientearen bizipenak eta iritzia ez dira kontuan hartzen. Eguneroko bizitzan ere gauza bera gertatzen da: tamalez, ohituta gaude besteek gure arazoak zalantzan jartzera, behar adina ahalegintzen ez garela edo itxurak egiten ari garela pentsatzera. Gure beharrak kontuan hartzeko modu bakarra diagnostikoak aipatzea da. Hau da, egunero, egoera guztietan, pertsona guztiekin, hizkuntza biomedikoa erabiltzea.

Baina zer gertatzen da erantzun argi bat aurkitzen ez duten pertsonekin? Zientziak gauza guztien erantzunak dituela pentsatu ohi dugu, medikuntza objektiboa dela. Baina diziplina zientifikoak ez daude ideologiatik haratago. Azken urteetan, feminismoak medikuntzaren genero-alborapena salatu du, ikerketak eta entsegu klinikoak gizon zurien gorputzetan zentratzen direla edo emakumeen ondoeza psikosomatikotzat hartu ohi dela agerian jarriz. Edizio bakoitzean, DSMak biltzen dituen diagnostikoak biderkatzen doaz eta, aldi berean, kategoria bakoitzaren definizioa eta irizpideak aldatzen dira. Izan ere, diagnostikoak, etiketa guztiak bezala, gizakiak mundua ulertu eta kontrolatzeko sortu dituen tresnak dira, eta ez bere horretan existitzen diren entitate aldaezinak.

Batzuetan, etiketa edo dikotomiarik gabeko mundu bat imajinatzen saiatzen naiz. Generoan, arrazan edo gaitasunean oinarritutako binarismorik gabeko mundu bat, non denok berdinak eta, aldi berean, ezberdinak izango ginatekeen. Errealitate ideal horretan, sailkapenik egin gabe, hierarkiarik ezarri gabe, besteen ahotsak entzungo genituzke eta bakoitzaren beharretara egokituko ginateke. Diagnostikoak ez lirateke beharrezkoak izango. Gaixotasuna eta osasuna, eromena eta zentzutasunaren arteko muga lausotu egingo litzateke. Ez genuke indarkeria izendatzeko hitzen beharrik.

Baina ez gara mundu horretan bizi. Gizarte patriarkal, arrazista eta kapazitista batean bizi gara, bizirauteko etiketa diagnostikoak eskatzen dizkigun sistema batean. Eta ezin diogu desgaitu edo neurodibergente bezalako hitzak erabiltzeari utzi jasaten dugun biolentziak ikusezina izaten jarraitzen badu. Baina bitartean, pentsamendu dikotomikoa atzean uzteko momentua heldu aurretik, gure gorputzen gaineko kontrola berreskuratzeko eta diskurtso propio bat sortzeko eskubidea aldarrikatzeko pausoak eman ditzakegu. Horretarako, pertsona gaixo, desgaitu, ero eta neurodibergenteen ahotsak entzun behar ditugu, eta ez bakarrik mediku, psikiatra edo senideenak. Mundua gure istorioekin, gure iritzi eta kanta eta poemekin bete behar dugu, elkarren artean hitz egiteko espazioak sortuz. Erantzunak izan ala ez. Bidaiaren hasieran edo amaieran gaudela. Hitzekin, eskuekin, musikarekin. Hizkuntza berri batekin.

IOSUNE DE GOÑI