Esperimentuaren kontrola galdu zuten
Aurreko artikuluan iragarri bezala, alemaniarrek zinemara eramandako beste esperimentu batez arituko naiz hemen. Das Experiment, (Esperimentua, 2001) izenburuko filma zuzendu zuen Oliver Hirschbiegelek, Christoper Darnstadtek, Don Bohlingerrek eta Mario Giordanok idatzitako gidoiarekin. Mario Giordano beraren The Black Box (1999) liburuan oinarritu ziren horretarako. Idazle honek Stanfordeko kartzelan gauzatu zuten esperimentu bat izan zuen inspirazio iturri.
Stanfordeko kartzelako esperimentua, izen bereko unibertsitateko ikertzaile talde batek egin zuen 1971. urtean, Philip Zimbardo buru zelarik. Ikerketa lan psikologiko ezagun bat da, kartzelan bizitzeak, muturreko giro baten mende egoteak, giza jokaeran nolako eragina duen aztertzen duena. Ikerlanak AEBetako armadaren subentzioa jaso zuen, izan ere, herrialde hartako presondegietan gertatzen ziren gatazkei azalpen bat bilatu nahi zien. Philip Zimbardo eta bere taldeak hipotesi hau frogatu nahi izan zuen: aldez aurretik horren aldeko jarrera dagoenean, zaindariek eta presoek, beraiek aukeratzen dutela rol hori. Horrek azalduko luke kartzeletan maiz izaten diren abusuak.
Froga honetarako bolondres talde bat hautatu zuten eta pertsona hauei zaindari eta preso rola eman zieten fikziozko kartzela batean. Egunkarietan jarritako iragarkiei 70 lagunek erantzun zieten eta, hauetatik Zimbardok gidaturiko taldeak, 24 hautatu zituen. Guztiak ziren unibertsitateko ikasleak, gehienak zuriak, gazteak eta klase ertainekoak. Stanfordeko unibertsitateko psikologia departamentuko sotoa egokitu zen kartzela itxura hartu zezan. Zaindariek militarren gisako uniformea jantzi zuten eta borra eramatea ahalbidetu zieten. Presondegi hura zuzentzearen ardura beraiena zela esan zieten. Horretarako, bitarteko egokienak erabili zitzaketen, baina, beti ere, indarkeria fisikora iritsi gabe. Presoaren papera hartutakoek benetako atxilotze prozesu bat jasan behar izan zuten, Palo Altoko (Kalifornia, AEB) benetako poliziek atxilotu eta kartzelatu baitzituzten. Egunek aurrera egin ahala, ordea, zaindariek presoekiko jokaera gogortu zuten eta hauek tratamendu sadiko eta umiliagarria jasan (eta onartu) zuten. Esperimentua kontroletik kanpo gelditu zen, hori dela eta, aurrez ezarritako epea baino lehen, bukatutzat eman zuten. Amaitutakoan, bizi izandakoak kalte emozional larria eragin ziela onartu zuten preso egon zirenek.
Emaitzak aztertzerakoan, ondorioztatu zen egoerak bultzatu zituela parte hartzaileak hala jokatzera eta ez beraien nortasun indibidualak. Halaber, jendearen obedientziaren erakusgarri dela aipatu ohi da. Horrela, autoritatearen boterea ilustratzeko balioko luke ikerlanak.
Alabaina, esperimentuak kritikak jaso zituen etika falta argudiatuta, eta metodo zientifikoan onargarria denaren mugan egotea egotzi zitzaion. Kritikatu zuten batzuen esanetan, ikertzaileen ondorioak oso subjektiboak izan ziren, anekdotetan oinarrituta. Izan ere, parte hartzaileen jokaera haiengan espero zenaren araberakoa izan zen eta zaindari eta presoei buruz bakoitzak zuen estereotipoetan oinarritu ziren. Azken finean, parte hartzaileek rol joko bat baino ez zuten egin.
Das Experiment filmak benetako gertaera honetan du abiapuntua baina fikzioaren osagaiak ditu. Esate baterako, esperimentuko parte hartzaileek ogibideak dituzte, ez dira ikasleak, eta diruagatik parte hartzen dutela argi uzten dute. Hori bai, hasieran bertan ikusten dugu zaindariek uniformea jantziko dutela eta presoak zenbaki bidez izendatu beharko direla, haien izenen ordez. Istorioa garatzeko pertsonaia nagusiengan jarriko da fokua, hau da, Tarek Fahd edo, kartzelan sartzen dutenean 77 zenbakia bilakatuko denarengan, (Moritz Bleibtreuk jokatutako rola), eta Berus zaindariarengan (Justus von Dohnanyi). Tarekek Dorarekin (Maren Eggert) duen maitasun harremanak gordintasuna arintzeko balio du. Izan ere, eszena gogorrek jarraitu egiten dute filmean zehar, egoera muturrera eramaten delako ikusgarriagoa egite aldera. Urte batzuk geroago, 2015ean, gertaera haiek zehatzago kontatzen dituen The Stanford prison experiment filma egin zuten. Kyle Patrick Alvarez estatubatuarrak hartu zuen zuzentzeko ardura, Tim Talbot eta Philip Zimbardoren gidoia pantailaratuz.