zutabea :: Oihane Amantegi 2022/03/09

ERREPIDE BAZTERRETAKO ANIMALIA HILAK

Errepide bazterretan animalia pila bat ikusi dut hilik, tamaina guztietakoak.

Inork ez die ahotsik eman, eta hemen beraientzako lerro batzuk.

Izu-ikararik sentitu zuten hil baino lehen? Edo heriotzak supituan eta konturatu gabe harrapatu zituen? Nork batuko ditu? Edo betirako geldituko dira errepide-bazter horretan? Kirikiñoak, basurdeak, katuak, katamotzak, txakurrak, arratoi handiak, heriotzak denak berdintzen ditu? Zergatik gerturatzen dira errepide bazterrera? Jakingo dute auto bat zer den? Jakingo dute auto batek jota hil daitezkeenik? Jakingo dute autoen barruan badagoela beren hilotzak mila miloi tonako tristeziaz begiratzen dituenik? Badakite beren heriotzak gure heriotza futuroak ekartzen dizkigutela gogora? Bila izango dituzte familiakoak? Zer dela eta hurbiltzen dira errepidera? Zer dela eta erdibitu dizkiegu habitatak? Zer dela eta goaz hain azkar, hain azkar, ezen animalia bat jo eta hiltzerainoko abiadura har dezakegun? Zer pentsatuko du hilotzak jaso behar dituen Diputazioko langileak? Irratia piztuta joango da lanera goizetan, “ea gaur zer tokatzen zaidan” pentsatuaz? Zer egiten da errepide bazterretik jasotzen diren animalien hilotzekin? Enterratu egiten dira? Mendira jaurtitzen dira beste animalia batzuek jan ditzaten? Hil baino lehen ulertuko zuten zer gertatzen ari zen? Edo argi pila bat eta metal pila bat baino ez zuten ikusiko? Edo hori ere ez? Horren ordez, eztanda gor eta infinitu bat? Eta gero ezer ere ez ja? Hain azkar? Hain azkar gertatzen da heriotza? Hain azkar gertatzen da bizitza?

Eta bizitza hain azkar gertatzen bada, hain azkar ezen auto baten argiak gainera nola datozkizun sumatu ere egiteko astirik ez duen ematen, badu zentzurik errepide bazterreko animalien heriotzaz arduratzeak? Edo Diputazioko langilearen kezkak ulertzen saiatzeak? Ez genuke denok beste zerbaitetan ari behar? Nahiz eta gutako inork ez duen, funtsean, zer egiten duen ulertzen, izan asmo onez edo asmo txarrez, edo izan hau edo bestea dela uste dugulako: egiten duguna beste gauza bat da, denbora osoan, eta ikaragarri ederra da. Jack Kerouac-ek Allen Ginsbergi idatzitako gutun batetik. (Kerouac, Jack eta Ginsberg, Allen (2012). Cartas, Anagrama).

 

Oihane Amantegi