Artikulua :: JON EUGI 2024/04/02

ERREALITATEA ETA FIKZIOA: ELKARRERAGINAREN ADIBIDE BAT

Fikziozko lan bat errealitatean oinarrituta egon daiteke. Baina, aldi berean, behin baino gehiagotan entzun izan dugu beste honako hau ere: errealitateak fikzioa gainditzea du. Bai, egia da, biak ala biak gerta daitezke. Ez dena hain erraza fikzioaren eta errealitatearen arteko elkarreragina gertatzea da. Bada, horren erakusgarri den kasu bitxi batez idatzi dut artikulu hau, Ramon Saizarbitoriaren literatura aintzat hartuz.

Duela zenbait urte Saizarbitoriaren Bi bihotz, hilobi bat (Erein argitaletxea, 1996) liburua irakurri nuen. Bertan, bikote baten harreman gatazkatsua kontatzen da, Flora emazte eta haren senarrarena. Emakumearen jokaera gizon gizajoarekiko ez da batere maitekorra eta bien arteko elkarbizitza xelebrearen pasadizo ugariren lekuko gara. Kontua da nobelaren amaieran Flora hil egiten dutela. Ez dut detaile gehiago kontatuko, berez tragikoa den gertakari bat da baina liburuaren tonu komikoan erabat barneratuta dator. Izan ere, bere beste liburu batzuen sakontasun dramatikotik urrun, (Ehun metro, edo Hamaika pauso, laudatuak datozkit burura) idazle donostiarraren obra umoretsuena dela esango nuke eta irribarre bat ezpainetan nuela irakurri nuen.

Liburua irakurri ondoren, hilabete batzuk geroago (ez dakit zehazki zenbat) gizon batek Flora izeneko emaztea erahil zuen berria entzun nuen irratian. Entzun bezain pronto, Saizarbitoriaren liburuarekin akordatu nintzen: “Kontxo! Eleberrian bezala!”, pentsatu nuen nire kabutan. Baina, jakina, ez nintzen ni izan albistearen berri izan zuen bakarra. Idazleak berak ere Valentzian gertatu zena jakin zuen, nola senarrak seigarren solairutik jaurti zuen emaztea, eta zer pentsatua eman zion. Gogoetek isla izan zuten bere ondorengo eleberri bikain batean, Martutenen, (Erein argitaletxea, 2012) hain zuzen ere.

Ez dut nik hemen xehatuko euskal literaturaren obra goren hori, ez daukat ezer eransterik beste batzuek idatzitakoari. Artikuluan jorratzen ari naizenari erreparatuko diot soilik. Nobelaren trama sendoaren protagonistetako bi, Martin idazlea eta Julia, haren emazte itzultzailea dira. Bien arteko harremanaren, egunerokotasunaren berri emateaz gain, Martinen pertsonaiak bide ematen dio egile donostiarrari gogoeta metaliterarioak lantzeko; literatura lan baten sorkuntza prozesuaren gorabeherez, hizkuntzaz, idazlearen figuraz etab. hausnarketa egiten du, besteak beste. Gogoeta horietan bada atal bat errealitateak artea imitatzen duela hizpide duena eta, bertan, bere kasua aipatzen du, berak asmatutako Flora pertsonaia eta Valentziako benetako gertakariaren artekoa adibidetzat jarriz.

Baina ez du aipatzen kasu hori bakarrik. Beste adibide pare bat ere badakartza errealitateak hark sortutako fikzioa imitatu zuela ilustratzeko: Zuk bai ulertzen nauzula eta Heriotza baino sahistezinago narrazioak. Xeheki kontatuta datoz biak. Lehenengoa, harreman txarra duen bikote baten istorioa da. Bakoitzak bere kasa internetez beste pertsona bat ezagutuko du, azkenik, beste aldean dagoena bikotekidea duela jakiten duen arte. Bigarrena, militar erretiratu baten suizidioari buruzko beste ipuin bat da, familiaren panteoian kondekorazio ugaridun trajez ehortzia izan nahi zuena. Ondoren, Madrilen izan ziren antzeko gertakari batzuen berri ere ematen zaigu. Gertatzen dena da aipatzen dituen testuak ez zituela Saizarbitoriak inoiz argitaratu; zirriborro hutsetan gelditu ziren, eta berak aitortzen duen bezala, ezin dugula egiaztatu hala izan zela. Baina zergatik ez gara idazleaz fidatuko? Pasarte berean, fikziozko idazleak, Martinek, une batez txantxa egiten du kontatzerakoan “afarietan era aski infantilean loriatu ohi zen errealitateak bere artea imitatzen zuelako”. Arrazoia eman beharrean gara hezur-haragizko idazleari, Ramon Saizarbitoriari, aipatu dugun kasu honetan behintzat hala izan zelako. Artikuluan ikusi dugun bezala, hasieran fikzioa zenari errealitatea nolabait atzetik jarraika joan zitzaion eta, gero, horrek atzera ere isla izan zuen fikzioan, zirkulua osatuz.

JON EUGI