Emozioen garrantzia oroitzapenak gordetzeko. Eta (II)
Gogoan dut, lau urte nituela, eskolara hasi nintzen eguna. Nola joan nintzen maletatxoarekin eta nola lehen egunean jolas-orduan neure maleta horrekin atera nintzen patiora; beldur nintzen nonbait inork kenduko ote zidan. Halaber, oso gogoan dut nola duela urte sail ederra, oso mutikoa nintzela, aita oso haserre jarri zitzaidan iturri baten ondoan egin nuen bihurrikeria bategatik. Beste hainbat eta hainbat anekdota, aldiz, ez ditut gogoan. Zuri ere, irakurle, antzera gertatuko zaizu. Zer dela eta? Bizipen horiek zama emozional handia izan zutelako.
Neurologian espezialista den Oriol Grau medikuak dioen bezala (Tu memoria. 58 or.), emozioak gure organismoaren erantzun automatikoak dira, gure ongizaterako garrantzitsua izan daitekeen estimuluren bat jasotzen dugunean. Positiboak edo negatiboak izan daitezke. Paul Ekman psikologo estatubatuarrak 1972an, sei emozio primario bereizi zituen. Hona zerrendaturik: ezustea, nazka, beldurra, poztasuna, tristura eta amorrua. 1999an, berriz, hamazazpi berezi zituen.
Emozio horiek garun-azalaren azpian dauden zenbait garun-eskualdek arautzen dituzte. Eskualde aztertuenetako bat amigdala deritzana da. Gune txiki bat da, almendra itxurakoa, lobulu tenporalaren barruan kokatua, hain justu hipokanpoaren aurrean, eta iragan mendeko 30eko hamarkadaz geroztik jakina da paper garrantzitsua jokatzen duela emozioen sorreran. Arratoi, untxi eta primateekin egindako esperimentuetan frogatu da amigdala erauzteak beldurrarekiko erantzuna baliogabetzen duela egoera arriskutsuen aurrean. Esaterako, animalia bati amigdala erauziz gero, sugeen aurrean ez luke batere beldurrik sentituko.
Demagun mendi bide batetik goazela eta bat-batean zarata arraro bat entzuten dugula, ezkutatua legokeen animalia batena edo. Kasu horretan entzumenak erantzun emozional bat aktibatzen du garunaren beste egitura batzuen bitartez. Eta jokabide erantzunak jartzen ditugu abian (geldi-geldi geratu, ihes egin edo eraso) eta fisiologikoak (hormona jariatzeak eta pultsua bizkortzea). Horrek beldurra igaro nuen pasadizo bat dakarkit gogora. Duela urte asko, joan nintzen fabrika batera bertakoren batekin hitz egin nahi nuelako. Sartzeko ate bat igarotzea nahikoa zen, eta lehenbizi ikusi nuena polizia-txakur aleman handi bat izan zen, korrika niregana zetorrena. Brastakoan ireki nuen berriz sartzeko baliatu nuen atea, eta alde egin nuen. Seguru pultsua bizkortu zitzaidala eta adrenalina eta jariatzen hasi nintzela.
Emozioak beti presente ditugu geure egunerokoan, eta etengabe baldintzatzen dute mundua hautemateko dugun modua. Oroitzapenak gauza dira behin eta berriz aktibatzeko oroitzen ditugun gertaerekin batera izan genituen emozio guztiak, nahiz eta lehenbiziko aldian baino motelxeago sentitu, salbuespenak salbuespen. Estatu Batuetako psikologiaren gurasotzat jotzen den W. Jamesen arabera (1842-1910), emozionalki indartsuak diren gertaerek gaitasuna dute garun-ehunean orbaina uzteko. Frogatua dago gertaera bat oroitzen dugula hark eragin digun emozioaren potentziaren arabera, eta, jakina, norbanako bakoitzak gertaerak berari eragindako emozioaren arabera.
Zein mekanismoren bitartez dira gauza gure oroitzapenak emozioei eragiteko? Oroimenaren eta emozioen artean dagoen lotura indartsua ikuspuntu fisikotik ere frogatzen da. Amigdalak prozesatzen ditu emozioak eta hipokanpoa garunaren egitura garrantzizkoenetako bat da oroimenean inplikatua dagoena. Bata bestearen ondoan daude eta bien neuronen artean konexio garrantzizkoak eta elkarrekikoak atxikitzen dituzte. Arratoiekin egindako ikerketen bitartez jakin da nola funtzionatzen duten modu bateratuan.
Glukokortikoideak eta adrenalina emanik, ikusi da erantzun emozional bat gertatzen denean askatzen diren hormonek hipokanpoan oroitzapenak sendotzea sustatzen dutela, eta prozesu hori amigdalaren mende dagoela. Hau da, erantzun emozional baten ondorioz askatutako hormonek aldaketak eragiten dituzte amigdalan, eta horrek, aldi berean, hipokanpoan eragiten du, oroitzapenaren epe luzerako sendotzea indartzeko.