Artikulua :: Izaskun Gracia 2025/06/12

EGUNKARIAK

Testu hau irakurtzen duenak (edota web-orri honetan agertutakoak edo nire liburuak ere irakurri dituenak) imajinatuko du nik denbora luzea idazten ematen dudala. Eta egia da, noski. Literatura-testuak eta artikuluak ez ezik, beste mota batzuetako testuak ere idazten ditut. Lehenago edo geroago argitaratuko diren testuak ez ezik, batzuetan niretzat bakarrik edo pertsona maitatuentzat ere idazten ditut zenbait gauza. Ez dut esango egunero idazten dudanik, baina ia-ia.

Eta hala eta guztiz ere, hainbeste orri betetzen hainbeste ordu/egun/hilabete emanda ere, aitortu behar dut egunkaririk inoiz idatzi ez dudala. Edo, hobeto esanda, askotan hasi egin naiz egunkari bat idazten eta bi aste igaro baino lehen utzi diot idazteari.

Hasi nuen lehenengo egunkaria «lehen jaunartzea» egiteagatik oparitu zidaten (komatxoen artean idatzi dut, berez jaunartzerik egin ez nuelako, baina hori beste egun baterako beste kontu bat da), garai hartan ohikoa zen bezala. Uste dut arrosa zela eta urre-koloreko giltzarrapo bat zuela. Hura jasotzeak poza eman zidan arren, orrialde batzuk baino ez nituen bete. Bigarren egunkaria hiruzpalau urteren ondoren oparitu zidaten, nire urtebetetzean. Kasu honetan, ziur nago arrosa zela eta urre-koloreko giltzarrapo bat zuela. Eta, nahiz eta nire gustukoa ez zen kolorekoa eta nahiko iringarria zen, une horretan ere poza handia eman zidan opariak. Eta, berriro ere, laster utzi nion egunero idazteari.

Zin egiten dut saiatu nintzela. Bene-benetan. Bi aldi horietan, eta gero egunkaria idaztea erabaki dudan bakoitzean. Beste kasu horietan, gainera, arrosak ez ziren eta giltzarraporik ez zuten eta zinez nire gustukoak ziren koadernoak erabiltzen nituen. Baina ezin. Egunkaria idazten hasi naizen guztietan, gauza bera gertatu da: ilusio eta erabakitasun handiz egunero idazteari ekin diot, eta egun batean konturatu naiz hitz bat ere idatzi gabe zenbait aste (edo hilabete) igaro direla.

Ez dut ulertzen, egunkariak irakurtzea benetan gustatzen zaidalako. Mota askotakoak irakurri ditut: triste, alai, akademiko, esperimental, filosofiko, kazetaritzako, umoristikoak… guztiak interesgarriak dira niretzat. Zergatik, orduan, ezin dut nik horrelakorik idatzi? Ez dut esango nire bizitza oso interesgarria denik (ez baita), baina teorikoki era polit batean horri buruz (edo egunero burutik igarotzen zaizkidan pentsamenduei buruz) idazteko gai izan beharko nuke, ezta? Antza denez, ez.

Olerkari batek, orain dela urte asko, esan zuen poesia idazten dugunok egozentrikoak garela, poesia ni-tik ni-ra idazten baita; hau da, poesiaren hasieran eta amaieran, poema bakoitzaren ariman ni-a egoten baita beti.

Nik ez dut uste arazoa hor datzanik. Hor dauzkagu Alejandra Pizarnik, Cesare Pavese, Sylvia Plath edo Idea Vilariñoren lanak, poetek ere egunkariak idatz ditzaketela frogatzen dutenak. Nire ustez, gertatzen dena da, argi eta garbi, horretarako balio ez dudala. Egunkariak idazteko gai ez naizela. Tratatu filosofikoak idaztea edo sushia prestatzea edo irristatzea bezala.

Nahiz eta amorrua ematen didan, eta gauzak bestelakoak izatea gustatuko litzaidakeen, onartu behar dut: ez dut inoiz egunkaririk idatziko. Baina ondo dago hori. Beldurrezko istorioak eta poema tristeak idazten jarraitzeko, eta ogia eta galletak prestatzeko denbora gehiago izango dut horrela J

 

Izaskun Gracia