Denbora falta
Hilabete da atari honetarako azken zutabea idatzi nuela. Hilabete bat, hurrengo artikulua idaztea egokitzen zaidala ohartu naizenerako. Denbora nahikoa dirudi hilabete batek, printzipioz, bi testuren arteko arrakala gisa: arnasteko denbora ematen duela erranen genuke, pentsatzeko haina zein izanen den gaia, nondik heldu, zein hausnarketa egin… Hilabete bat. Eta hegan joan da, oharkabean, ziztu bizian, denborak erritmo subjektiboa balu bezala. Hala diote batzuk, denboraren pertzepzioa subjektiboa den kontu hori. Baina denbora baino, ez ote da pertzepzioa bera subjektiboa dena? Norbera ote da denboraren neurgailua, denbora hori baliatzeko duen moduaren arabera?
Hala balitz ere, aski argi dago denon artean adostutako oinarrizko puntu batzuk behar ditugula, helduleku gisa, gizarte deitzen diogun hau erokeria hutsa izan ez dadin. Imajina dezazuen mundu bat non norbanakoaren ikuspegi subjektibo bakoitza zilegi litzatekeen, inongo adostasun komunik gabe. Ezingo genuke sekula baieztatu, adibidez, liburu bat ona dela, edo film batek zinemaren historia markatuko duela, edo artelan bat hala dela, artelan bat, oinarrizko adostasun hori gabe. Berdina gertatzen da, beraz, denboraren kontuarekin: bai, ados, norberak bere pertzeptzioa izan dezake, eta ateo bati La Dolorosaren prozesioa infernua bera baino eternoagoa suertatu dakioke, alboan duen kristau fededunari Telecincoko edozein realityko parte-hartzaile bat baino motzago irudituko zaion bitartean.
Hala ere, susmoa dut badagoela azken aldian, zeharkatzen gaituen garaiotan, denok adostasunera biltzen gaituen sentsazio bat: denbora faltarena. Zuen ingurura begiratzen duzuenean, hurbil dituzuen pertsonekin mintzatzen duzuenean, ez da errepikatzen den mantra moduko bat denbora faltarena? Denbora ez-produktiboaren faltarena, diot. Daukagun guztia “zerbait” egiteko baliatu beharko bagenu bezala, indar ikusezin baina atzemangarri batek bultzatuta. Laneko orduek gidatzen dute gure egunerokoa, eta lanetik kanpokoetan ere laneko orduak arintzeko erabiltzen ditugu orduetako batzuk, edo lan-orduetan indartsuago egoteko kirola egiteko, edo erosketak-garbiketak-konponketak zein egunerokoaren beste edozein eginbehar prosaikotarako… Hori, noski, zaintza lanetara –besteen zaintza, ulertu nazazue– zuzentzen ditugun orduak kontutan izan gabe.
Denbora falta horren eskutik doa nekearen afera. Denbora falta sumatzen baitugu nahi eta desira dugun denbora hori iristen denean gainontzeko denboran egindako guztiak indar guztia ebatsi digula ohartzen garenean. Denbora “libre” horretara leher eginda iristen garelako maiz. Uste dut ados egonen zaretela erraten badut sentsazio hau endemikoa izaten hasi dela gurean.
Beraz, zer diogu “denbora falta” dugula erraten dugunean? Zertaz ari gara? Ez al gara erraten ari daukagun denbora horretan egiten duguna ez dugula behar edo nahi bezala erabiltzen? Ez al da ba norberaren erabakia denbora nola erabili? Galdera sobera, akaso?
Nire lanbideak ematen didan gauza hoberenetako bat bada zalantza batzuk agertu aurretik ere horretan pentsatu duen norbaitekin hitz egiteko parada eskaintzen didala. Honen bueltan aritu nintzen duela bizpahiru urte Benito Lertxundiri egindako elkarrizketa batean. “Denbora, berez, norbera bere pentsamenduan dagoenean, planto egiten duenean, horra begira dagoenean ikusten duen zerbait da”, zioen. “Hor dago atzo egin nuena, herenegun egin nuena, duela hamar urte egin nuena. Hori da nire argazkia, nire denbora. Zurekin hizketan ari naiz orain, ezta? Ba eternitatea hauxe bera da. Zurekin hitz egiten nagoen une hau bera. Hizketan ari gara, bai zu eta bai ni, iraganeko gauzen inguruan, baina hitz egiten dugun momentuan argi baldin badaukagu kontzientzian hori argazki bat baino gehiago ez dela, hori da betikotasuna. Istant hau da eternitatea. Ez du mugarik, ez da segundo bat edo segundo-ehunen bat, adi, puntu horretan baldin bagaude”.
Eta Benitok erraten badu denbora istant hau dela, zu zeu artikulu irakurtzen ari zaren une zehatza, ados egonen gara denok hala dela, ez izan zalantzarik. Zeharkatzen gaituen egunotan zaila suertatzen bada ere, denbora “produktiboari” minutuak ebatsi eta unearen kontzientziari ematea izan daiteke afera, beraz.