BIGARREN MAILAKO GENEROAK
Gogoratzen dudanez, liburu edo komiki bat (edo bestela, koaderno eta idazluma/bolaluma bat) eskuetan dudala ikusten dut neure burua. Egia esan, asko irakurtzen dut, haurra nintzenetik, eta, nahiz eta ia genero guztiak mainarik gabe irakurtzen dudan, beldurrezko literatura nire gustukoena da, ezagutzen nautenek ondo dakiten bezala. Beldur klasikoa, body horror, folk horror, beldur kosmikoa, slasher, weird fiction, beldur psikologikoa… Berdin dio, beldur-mota guztiek erakartzen naute.
Izugarri gustatzen zait irakurtzen dudan bitartean pertsonaiekin «sufritzea», tentsioa dela kausa urduri egotea, eszena batzuetan oilo-ipurdia edo ilea tente jartzea... Eta gaur egun ere, beldurrezko liburu bat irakurtzen amaitu ondoren, argia itzaltzeak beldurra ematen dit, edozein zaratak izutzen nau edo behin baino gehiagotan egiaztatu behar dut kaleko atea eta leihoak itxita daudela (serieko hiltzaile edo munstroren baten beldur naizelako). Eta bai, hori ere gozatzen dut, jakina, nolabait.
Gustatzen ez zaidana beldurrezko liburuak irakurtzea (eta are okerrago, idaztea) gustuko dudala nik esateak besteengan eragiten duen erreakzioa da, ezta behin eta berriz defendatu behar izatea ere beldurrezko generoa beste edozein genero bezain baliozkoa eta errespetagarria dela. Beldur, zientzia-fikzio eta fantasiazko generoak bigarren mailakoak direla sinesteko eta baieztatzeko joera orokorra dago. Iruditeria kolektiboan, genero «txiki»etako liburuak gaizki idatzita daude, kultura-maila baxuko pertsonek irakurtzen dituzte, edo ezin diote irakurleari bizi- edo filosofia-irakaskuntzarik eskaini, munduko beste liburu guztiek egiten omen duten bezala.
Bitxia da baieztapen horiek egiten dituenak, oro har, gutxitan izan duela eskuetan genero horietako libururik. Izan ere, giza portaera tipikoa izan ohi da hori: ezagutzen ez dugunari guztiz aurka, eraso egitea, eta pixka bat ikertzeko eta gure aurreiritzia egia den ala ez jakiteko ahalegin txikiena ere ez egitea. Zentzugabea da.
Baina zer gertatzen da Mariana Enríquez bezalako autore bat bat-batean gehien saldutakoen zerrendan sartzen denean? Nola argitara ditzake bere liburuak ospe handiko argitaletxe batek? Oso erraza: beldurrezko literatura beste generoak bezain errespetagarria dela esan/uste nahi ez dugunez gero, esango dugu autore horrek «goi mailako beldurra» (edo «terror elevado») idazten duela. Ai ene! Zentzugabea ez ezik, kriston elitista ere bada.
Eta, zoritxarrez, gogorarazten dit Alemaniara iritsi nintzenean bizi izan nuen lehenengo shock kulturala: liburu-dendak. Alemaniako liburu-dendetan, ohikoa den bezala, liburuak generoaren arabera ordenatuta daude: thriller, fantasia, beldurra, zientzia-fikzioa, eleberri erromantikoa, eleberri historikoa… eta Belletristik, hau da, «kalitatezko literatura». Han aurkituko dugu Shakespeare, adibidez, baina ez Ursula K. Le Guin.
Eta pena ematen dit eta haserretu egiten nau guk gauza bera egiten (hobeto esanda, egiten jarraitzen) dugula ikusteak. Zentzurik ez duelako. Alde batetik, nork erabakitzen du zer den Belletristik (edo, gure kasuan, goi mailako beldurra) eta zer ez? Txandako editoreak? Liburu-saltzaileak? Egia absolutuaren jabe den, munduko liburu guztiak irakurtzen dituen eta kalitatezkoa zein den objektiboki erabaki dezakeen irakurle batek? Eta beste batetik: liburu bat sartzen dugun generoak ez du zehazten testua ondo idatzita dagoen, ezta zer irakasten edo sentiarazten digun ere.
Zenbait irakurketa (eta idazkera) horrela diskriminatuz gero, lortzen dugun bakarra da pertsona askok gustukoak izan daitezkeen (edo beren bizitza alda dezaketen) testuak ez irakurtzea, eta munduari begiratzeko gero eta era ilunago, itxiago eta itsuagoa izatea. Irakur ditzagun beldurra, fantasia eta zientzia-fikzioa, mesedez. Ireki ditzagun gure buruak eta apalategiak beste errealitate batzuetara, mundua ulertzeko eta adierazteko beste era batzuetara. Pentsa dezagun diskriminazio hori deuseztatzea, agian, beste diskriminazioak desagerrarazteko lehen urratsa izan daitekeela.