Artikulua :: PAKO SUDUPE 2023/12/11

Bidegabekeria historikoengatik barkamena eskatu behar da?

Estatuen arteko barkamenaren politika tirabiratsuak zerikusi handia du Bigarren Mundu Gerran egindako izugarrikeriekin. Alemaniak milaka milioi dolar ordaindu ditu Holokaustoagatik egindako erreparazioetan, bizirik atera direnei eta Israelgo Estatuari kalte-ordain gisa. Bundestag-ean egindako hitzaldi batean, Konrad Adenauer kantziler alemaniarrak 1951n adierazi zuen Alemaniako herriaren gehiengo handiak gorrotatu egiten zituela juduen aurkako krimenak, eta ez zuela horietan parte hartu. Baina aitortzen zuen Alemaniako herriaren izenean ezin adierazizko krimenak egin direla, kalte-ordain morala eta materiala eskatzen dutenak. 2000. urtean, Johannes Rau Alemaniako presidenteak barkamena eskatu zuen Holokaustoagatik Kneset israeldarraren aurrean. Alemaniak egungo egunean ere, Israelgo estatuaren babesle jarraitzea, iragan horrekin zerikusi estuan dago.

AEBetan berriz, oraindik egin gabe dauden barkamen-eskaeren artean larriena esklabotzaren herentziari dagokiona da. 2007an, Virginia --estatu esklabista handiena izan zen--, esklabotzagatik barkamena eskatu zuen lehena izan zen. Beste estatu batzuek –Alabama, Maryland, Ipar Carolina, New Jersey, Florida... – jarraian egin zuten. Eta 2008an, Ordezkarien Ganberak ebazpen bat onartu zuen afroamerikarrei barkamena eskatzeko esklabotzagatik eta Jim Crow izeneko arraza-segregazioaren aroagatik, zeina XX. mendearen erdialdera arte luzatu baitzen.

Estatu-nazioek barkamena eskatu behar al dute beren bidegabekeria historikoengatik? Galdera horri erantzuteko, erantzukizun kolektiboari eta komunitatearen eskakizunei buruzko zenbait gai zail aztertu behar dira.

Barkamen eskaintza publikoaren justifikazio nagusiak honako hauek dira: komunitate politikoaren esku (edo izenean) bidegabekeriak jasan zituztenen oroitzapena ohoratzea, bidegabekeriak biktimengan eta haien ondorengoengan dituen ondorio iraunkorrak aitortzea, eta bidegabekeriak eragiten zituztenek edo eragotzi ez zituztenek egin zuten kaltea ordaintzea. Keinu publikoak direnez, barkamen-eskaera ofizialek iraganeko zauriak konpontzeko eta adiskidetze moral eta politikoaren oinarriak sortzeko balio dezakete. Erreparazioak eta dirua itzultzeko beste modu batzuk antzera justifika daitezke.

Gogoeta horiek nahikoa indar izatea edo ez barkamen-eskaera bat justifikatzeko, zirkunstantzien araberakoa izango da. Eta hemen dago gakoa. Gurera etorriz, Francoren diktaduran euskarari eta euskal kulturari egindako kalte alimalekoa dela eta, noiz galdegin behar du Espainiako gobernuak barkamena eta erreparazioa? Inoiz ez, esan beharko dugu. Iragan hurbilera etorrita, duela hogei urte guardia zibilaren txosten batean oinarriturik Auzitegi Nazionaleko Del Olmo epaileak (Estatuak) euskarazko egunkari bakarra itxi zuen –lehenago Egin--, arduradun nagusiak torturatu zituzten, eta hamaika urteko prozesuaren ondotik (bi prozesu: politikoa eta ekonomikoa), benetako erreparazio moralik ez da egon eta ekonomikoa are gutxiago.

Bidegabekeria historikoengatik publikoki barkamena eskatzearen aurka daudenek argudiatzen dute oraingo belaunaldiko norbanakoek ez dutela zertan barkamena eskatu aurreko belaunaldiek egindakoagatik. Ezin duzu barkamenik eskatu egin ez duzun zerbaitengatik. Orduan, nola barkamena eskatu jaio aurretik egindako zerbaitengatik? Esklabotzagatiko erreparazioei buruzko AEBetako eztabaidan antzeko argudio bat aurkeztu zen. Henry Hyde kongresista errepublikanoak honela kritikatu zuen erreparazioak ordaintzeko ideia: "Nik ez dut inoiz esklaborik izan. Ez dut inoiz inor zapaldu. Ez dakit zergatik ordaindu beharko nukeen ni jaio aurretik hainbat belaunaldi lehenago esklaboak izan zituen norbaitengatik”.

A. MacIntyrek argi eta garbi aitortzen du kontzepzio narratiboak talka egiten duela indibidualismo modernoarekin. Iragan batekin jaio nintzen, eta iragan horretatik modu indibidualistan bereizten saiatzea nire egungo erlazioak deformatzea da. Gurera etorririk, frankismoagatik Espainiako estatuak mila aldiz gutxiago ordaindu du euskaldunok ETArengatik ordaintzen ari garena baino.

PAKO SUDUPE