Artikulua :: Miren Mindegia 2024/04/18

Batzuk bai, baina ez sobera 

 

“Ama, sar zaitez etxe barrura eta arduratu zure lanetaz (...) Kontakizuna gizonen zainpean egongo da, eta batez ere nire menpe. Nirea da, beraz, etxeko gobernua”. Hamar urte luzeren ondoren Ulises heroia etxera bueltatu eta halaxe esaten dio Telemako semeak Peneloperi. Emakume, zure gauzetara, gizonok idatziko dugu gizateriaren historia. Homerok Grezia zaharrean bere obra idatzi zuenerako erabakita zegoen noren esku zegoen boterea eta nardagarria da pentsatzea gauzak aldatu badira ere zentzu askotan nola ez diren batere aldatu. Errelatoak, Kontakizun Handiak, gizonen esku dirau. 

Horretan zerikusi handia dauka Marina Sagastizabal soziologoak duela hiru urte argitaratu eta orain Txalaparta argitaletxeak gaztelerara itzuli duen Hiruki gatazkatsua lanean azaltzen duenak. Emakumea boteretik baztertua izan bada, eta oraindik ere alor publikoan jardun eta erabakiguneetan ahotsa izateko arazoak baldin baditu, bere denbora genero rolari estuki lotuta dagoen errealitate batekin beteta dagoelako da. Alde batetik, ordainsaririk gabeko zaintza lanak emakumeen gain egoten jarraitzen dute. Sagastizabalek berak argitu moduan, emakumeak lan arloan sartzea ahalbidetu duen sistema bera ez da nahikoa aldatu zaintza lanak beste modu batera banatzeko. 

Hau da, gizonek erabaki dute –beraiek erabakitzen baitute– emakumeok lan egin dezakegula, baina ez despistatu, lehendik ere egiten zenuten lan hori egiten jarraitzearen truke. Horrek egoera ezin ironikoago bat sortu du, hau da, emakumeek inoiz baino gehiago lan egitea, gizonek baino nabarmenki gutxiago irabaztearen eta sistema hori eraiki duen erabaki eta botere guneetan sartzeko denbora eta indar oro galtzearen truke. Sagastizabalek azpimarratzen duen beste ezaugarrietako bat, soldatapekoa den zaintza-lan hori ere sektore guztiz feminizatu bat dela da, hau da, ordaintzen diren zaintza-lan horiek, guztiz prekarizatutakoak direnak, emakumeek egin behar dituztela. 

Zenbat aukera uzten digu horrek, beraz, alor publikoan parte hartzeko, gizarte mailan aldaketak ekarri ditzaketen erabakiak hartzeko leku horietan gure ahotsa entzunarazteko? Gutxi, oso gutxi. Eta biztanleria erdia kontutan ere hartzen ez duen demokrazia bat, barkatuko didazue, demokraziatik ez du ezertxo ere ez. Hutsaren hurrengoa, emakumeak inexistetzian itotzen duen sistema maltzurra. 

Boterearen eta generoaren arteko gai honen inguruan hausnartzen –botere publikoa, erran gabe doa– 1999an Santiagoko (Galizia) BNG-ko udal bozeramaile Encarna Oterok Egunkarian argitaratutako iritzi artikulu batekin topo egin dut. Erabaki-guneetan parekidetasun kuotak ezartzeak “agintean dauden gizonezkoak beldurtzen” dituela adierazten du Oterok, hausnarketa interesgarri bat eginez: “Emakume batzuk onar daitezke, baldin eta kontrolatzea edo baztertzea badago arriskutsuak direlako, baina kopurutan eta gaitasunean haien berdintasuna edo are nagusitasuna ere onartzeak esan nahi du gizonen eta emakumeen arteko harremanak aldatu behar direla, nola bizitza publikoan hala pribatuan”. Eta “emakume batzuk onar daitezke” hori ziztada baten moduan sartu zait barrenean. Izan ere, hain aldrebesa da “batzuk bai, baina ez gaitezen pasatu” hori eta hain presente dago gure inguruan.

Begiratu besterik ez dago Euskal Autonomi Erkidegoko lehendakarigaien taldea. Edo berdintasunaren aldeko neurri gehiegi hartu direla iritzi dioten gizonen ehuneko handia. “Pasatu garela” uste dutenak. Baina posible al da ba berdintasunean “pasatzea”? Munduko bakearen alde “neurri gehiegi” hartu direla esatearen pare ez al dago hori? “Pasatu” gaitezke giza eskubideen alde jokatzen badugu? 

Mary Beard historialari eta feministak Emakumeak eta boterea lan ospetsuan azpimarratu zuen bezala, botere azpiegituretan emakumerik ez bada atzematen, boterea bera da birdefinitu beharko litzatekeena. Eta boterearen birdefinitze horretan, oinarrian dagoena erdigunean jartzea ezinbestekoa da, mugimendu feministatik argi esan eta errepikatu den bezala: zaintza lanak.

Miren Mindegia