Artikulua :: Izaskun Gracia 2024/08/02

AZKENEKO ALDIZ

Azken hilabeteotan, sare sozialetan agertu da, eta whatsappez partekatu da «nostalgikoa» edo omen den meme bat. Bertan, 80ko hamarkadako arropez jantzitako haur-multzo bat ikusten da kalean, irribarrez kamerarako posatzen. Argazkia laguntzen duen testuak honela dio: «Egun batean, lagunekin jolastera joan zinen, hori egiten zenuen azkeneko aldia izango zela jakin gabe».

Aitortzen dut hasieran garrantzi handirik eman ez niola. Meme, txiste eta bideoko ozeanoan beste meme bat besterik ez zen, erregulartasunez jasotzen edo topatzen ditugunak bezalakoa. Baina azken egunetan dezente gogoeta egin dut horretaz. Ez hainbeste jolasteari uzteaz (hortik beste testu bat aterako litzateke), baizik eta zerbait azkeneko aldiz egiteaz. Eta, zehatzago, azkeneko aldiz zerbait egin eta horretaz ez ohartzeaz.

Horri buruz hausnartzen dudanean (guztioi gertatuko zaigula uste dut, baina auskalo), tristura arinak hartzen nau, zerbait galdu izanaren sentsazioak. Beharbada, «agur esateko» aukera, une horretaz jakitun izatekoa (zerbait egiten den azkeneko aldia lehenengoa bezain garrantzitsua baita, zalantzarik gabe, nahiz eta arrazoi desberdinengatik izan). Edo, beharbada, zerbait beste era batera egiteko aukera izatea gustatuko zitzaidakeen.

Bizitzako une jakin batzuk babestu egin behar direla (batez ere gaur egun, dena erregistratu behar dugula baitirudi) pentsatzeko joera dugu. Ez dut ezer horren aurka, baina batzuetan ematen du une horiek kosta ahala kosta gozatu behar ditugula, ez egitea hutsegite barkaezina izango balitz bezala. Larunbat batean parrandarik ez egiteko «baimena» dugu, adibidez, gogorik ez badugu, baina Gabon Zaharrean (esate baterako) parranda egin behar dugu zalantzarik gabe. Eta nik ez dut uste zuzen jokatzen ari garenik.

Hemendik urte batzuetara zerbait egin genuen azkeneko aldiak sortarazten digun  nostalgia (edo plazera edo pena edo…) ez beste, benetan jakitun izan behar al dugu azkentasun horretaz? Ez al gara presiopean sentituko esperientzia modu jakin batean gozatzeko edo bizitzeko, hain zuzen ere, hori egiten dugun azkeneko aldia izango dela badakigulako? Ez al dugu une polit bat izan zitekeena zapuztuko, hain zuzen ere, denboraren poderioz bakarrik berez lortuko lukeen esanahia eta transzendentzia emateko ahaleginean? Ez al gara behartzen ari agian esperimentatu beharko ez genukeen etorkizuneko erreakzio bat?

Uste dut gure bizitza nahikoa konplikatua, azkarra eta estresagarria dela, eta gehiegi eskatzen zaigula dagoeneko, geure buruari presio gehiago emateko. Gainera, zergatik da problematikoa gauzak amaitzea? Zer axola digu zerbaiten amaiera den ala ez jakiteak? Zergatik hartu behar da galdu den aukeratzat? Edo zerbait gogoangarritzat?

Bizitza hasierez eta amaierez beteta dago, eta, batez ere, bi uneen artean dauden gauza ugariez. Jar dezagun arreta horietan, eta utz diezaiogun denborari erabakitzen gure oroimenean gordetzeko bezain bereziak ote diren, edo pena, samurtasuna edo nostalgia sentitu behar dugun, hogeita hamar edo berrogei urte barru berriro kontuan hartzen ditugunean.

Izaskun Gracia