Artikulua :: Itxaro Borda 2024/09/03

ARRANTZALEA

Itsasoak leku murritza du gure literaturan, 250 kilometroko kostalde erraldoia daukagularik alta. Aski da oinez ibiltzea Baiona eta Bilbo artean, geografiaren opari horretaz jabetzeko. Baiki, hor ditugu Joanes Etxeberriren Itsasturien otoitzak (1627) edo Txomin Agirre ondarrutarraren Kresala (1901) bezalako nobela erromantikoak. Miren Agur Meabe lekeitiarrak gaztetxoentzat itsas giroan kokatu eleberriak sortzen segitzen du. Ahantzi gabe, Goenkale handiosa ere, Arraldeko portuan garatzen zela bere hogeita bat denboraldietan. Baina, orokorrean, euskal literatura, baserri guneetako errealitateak kontatzeari uztartu zaio. Apezen eta notableen iritziz itsas bazterrak sorginez eta bekatorosez mukuru zebiltzan eta noski laborarien mundu sedentarioak kontrola errazagoak ziren. Ebanjelioan alta, Jesusek “denen artzaina” zela aldarrikatzen zuen eta “giza arrantzale” bilakatzera deitzen zituen bere dizipuluak. Egia da Ebanjelioen irakaspenetatik mila legoatan bizi garela, gure egunerokotasunak eta literaturak garrazki hiritartu diren bitartean.

Uda honetan, Isturitzeko lagun batek liburu bat utzi dit, irakurtzeko. Normalean ez dut horrelako obrarik ustiatzen, baina “harrapatu” nauela aitor dut lehen orrialdetik azkeneraino. Frantsesez idatzia izateak euskal prentsako zutabeak debekatu bide dizkion arren, iruditzen zait, guziek leitu beharko genukeela Mikel Epaltzak eta Coline Renault kazetariak izenpetzen duten Pêcheur d’hommes izeneko lan hau, justuki, urrun dagokigun itsas bizitzara hurbiltzen gaituelako, hitzez bederen. Equateurs argitaletxearen eskutik datorkigun obrak Mikel Epaltzaren 50 urteko itsasturien apez edo omonier ekina biribilkatzen eta harilkatzen du berrehun bat hostoetan: zinez interesgarria. Euskal munduan ibitzen garenok aspalditik, eta mila arrazoiengatik, ezagutzen dugun Mikel Epaltzak hemen bere bizitza kontatzen du zintzoki, apez izatearen zailtasun garaikideak isildu gabe. 1946an sortu zen Haltsun gerra zibiletik Lapurdira ihesi etorri familia euskaldun batean. Haurtzaro zoriontsua, bokazioaren deia, ikasketak eta bere ordenatzea ere azaltzen ditu hitz gozoetan.

“Itsasoak lurrak urruntzen ditu, gizakiak hurbiltzen dituen bezainbeste” da bi idazleek liburuaren laugarren azalean jarri duten erranaldia. Mikel Epaltzak hasieran, Coline Renault kazetariaren elkarlan proposamenari ezezkoa eman zion, azkenean onartzeko, bere agerpenek gure arteko arrantzaleen bizi-modua argituko zutelako esperantzarekin, segur aski. Mende erdiko aldaketa sozio-politikoen ildoak ikusten ditugu eta gauza franko ikasten ere arrantzale bizi-modu bakartu eta neketsu horri buruz. Mikel Epaltzak, apez gisa, sekula bere apez izaera aitzinera eraman eta proselitismoan erori gabe, lan egin du marinelen, hauen familien eguneroko urratsak eta portuetako baliabideak hobetzeko bidean. Mundu mailako itsasturien hartzeko lekuak, aterpeak, ostatuak eraikitzen lagundu zuen kostalde honetan eta hego zein iparreko arrantzaleen arteko hainbat gatazka latzetan negoziatzaile gisa ere aritu zen. Sumatzen da Epaltzak nola bizitzen dituen Europaren erabakiak, Europa horrek preseski arrantzaren alorra sakrifikatzen duelarik errentagarritasunaren eta ekonomien aldarean.

Ez dago, Euskal herrian, norberak bere bizitza narratzeko ohitura handiegirik. Biluzte ariketa hori gogorra dela badakigu. Autobiografiak bekan dira eta politika mailan ekin dutenak zaizkigu zeregin partikular horretara gehienbat makurtzen. Giza arrantzale liburua derrigor irakurtzekoa da, Mikel Epaltzak, hitzez hitz, umiltasun eta elkartasun lezio xaloak eskaintzen dizkigulako, itsasoaren eta itsasturiengana errespetuz zuzentzeko dei bat delako eta ohartzera ematen digulako Joanes Etxeberriren olerkien lerro artean nabaritzen genuen itsasoarekiko mendekotasun haluzinatuak dirauela beti. Ororen buru Mikel Epaltza, bere lekukotasunen itzalean, gizon -apez baino gehiago?- pasionatua dela sentitzen dugu, halaber Coline Renault.

Azpimarratzekoa.

Itxaro Borda