Artikulua :: Aintzane Galardi Portu 2026/04/30

APIRILAREN PROMESA

Apirilaren hondarrera iritsi garen honetan, ezin esan hilabete krudela izan denik. Apirila gogotsu hartu dugu. Egunak luzatu egin dira, eguzkiak lurrari keinu egiten dio, eta kaleak jendez eta kolorez betetzen hasiak dira. Apirilak badu promesa bat, haziak mugitzen dituen xuxurla bat. Gehienentzat, apirila argiaren garaipena da, neguko hotz eta ilunpeen ondoren, urtaro hau bizi-bulkada geldiezina balitz bezala hartzen dugu.

Baina, zergatik dio, orduan, T. S. Eliotek “Apirila da hilarik krudelena” The Waste Land (1922) poema ospetsuan? Esaldi horrek, ordutik, itzal literario sakona utzi du. Zergatik da krudela basagereziak ernatzen diren hilabetea? Eliotek Lehen Mundu Gerraren osteko Europa etsi baten testuinguruan idatzi zuen poema luze hau, eta kritikariek gizarte-kritika sakon gisa ikusi zuten; maila pertsonalean, ordea, poetak aitortu zuen lana ez zela hori izan, bizitzaren aurkako kexa pertsonal eta hutsal bat kanporatzeko kantu triste bat baizik.

Maite duen norbait galdu duenarentzat edo une gogor bat bizi duenarentzat, apirila gogorra da benetan. Dolua bihotzaren sakon-sakoneraino sartzen den negu amaigabe bat baita. Neguak, bere hotzean, babestu egiten gaitu nolabait; elurrak lurra estaltzen duen bitartean, dena ahazten laguntzen digu, gure sentimenduak loaraziz eta bizi-indar minimoekin irauten lagunduz, baina benetan bizi izan gabe. Hibernazio hori babesleku bat da. Apirila iristean, ordea, mundua esnatu egiten da, eta itzartze horrek doinu samina dakar berekin; nola ausartzen da mundua loratzera eta bizitzak aurrera jarraitzera, falta direnen presentzia hain mingarria denean?

Azken egunotan berrirakurri dudan L’Amant eleberrian honela dio Marguerite Durasek —edo haren alter ego den narratzaileak—: “...herrialde honetan urtaroak ez dira existitzen, urtaro bakar, bero eta monotono batean bizi gara (...), ez dago udaberririk, ez dago eraberritzerik.” Indotxina frantsesaz ari da eta, idazleak dioen bezala, udaberririk gabe ez dago eraberritzerik. Aldaketaren, kolorearen eta ziklo berriaren desioa irakurtzen da haren lerro-artean. Bizitzea ez baita soilik irautea, baizik eta eraldatzea, eta apirilak horixe eskaintzen digu; berriro hasteko aukera.

Eliotentzat minaren iturri zena, guretzat berpizkundearen seinale da. Ez da oroimen mingarrien hilabetea, baizik eta aukerena.

Poema asko idatzi izan zaizkio apirilari: Juan Ramón Jiménez, Antonio Machado, Federico García Lorca edo José Martí poeta kubatarra dira horren lekuko. Azken honen “Abril” poematik hartua da irudi hau: “Apirileko haizeak, jostari eta arin, nire leihoaren gortina urdinarekin jolasten du”. Musikan ere, apirila oso presente dagoen metafora da. Joaquín Sabinak “¿Quién me ha robado el mes de abril?” galdetzean, gaztetasunaren eta itxaropenaren galeraz ari da. Aldiz, Simon & Garfunkelen “April Come She Will” abestiak maitasunaren zikloa deskribatzen du: apirilean hasten da dena, fresko eta berri, eta Vernon Dukeren “April in Paris” klasikoak brisa leuna eta argiaren itzulera ospatzen ditu.

Era berean, Silvio Rodríguezek modu ederrean deskribatu zuen itxaronaldi hori “Como esperando abril” abestian: “Nire leihotik askoz haratago,/ kotoiek lorategi izatera jolasten zuten,/ apirilaren zain”. Hemen, apirila eraldaketaren promesa da, zerua bera ere loratuko dela dioen itxaropena.

Etimologiak berak ere ez digu erantzun bakarra ematen. Ovidio poetak bere Fasti liburuan bi bide nagusi nabarmendu zituen: batetik, Aprilis izena “irekitzea” esan nahi duen aperire aditzarekin lotzea, naturaren loraldiaren metafora gisa; bestetik, Afrodita jainkosaren etruskierazko izenetik (Apru) datorrela iradokitzea, hilabete honi maitasunaren eta edertasunaren kutsua emanez. Bi bide horiek, azken finean, hilabete honen izaerarekin bat egiten dute. Izan irekiera edo izan maitasunaren deia, argi dagoena da apirila dena ernatzen eta irekitzen den garaia dela; loreak, leihoak eta, Elioten baimenarekin, baita bihotzak ere.

Apirila ez da hilabeterik krudelena; mundua bere baitatik irteteko, azal berria janzteko eta gure baitako leiho guztiak parez pare zabaltzeko gonbita baizik.

Aintzane Galardi Portu