50 URTE ETA GERO ARESTIREN ARRASTOA
Nola etxera ekarri ogia, saldu gaberik egia
Getafen nindukaten, soldadutzako kanpamendu aldiaren ostekoa betetzen. RACA 13 esaten zioten nola unitateari halaxe lekuari ere. Goizaldez hotza, eguerdiz beroa, hura bazen bai Gaztela: muturrekoa, gogorra. Egun, Madrilgo Karlos III Unibertsitatea daukate han. Guk gure aldetik geurea geneukan han eratua 1975ko uda hartan; librea eta arautu gabea, zein euskaraz, zein galegoz, zein katalanez adi zitekeen eta ziega zeukan hark ikasgela erabiliena. Historiaren testigu uniformatuak ari ginen izaten han. Egunkarietan-eta irakurtzen genituenetako batzuk, kasernaren karrika berean, aurrez aurre, ari ziren gertatzen.
Prentsa pil-pilean zegoen, Diktadorea laster hilko zelakoan, zein periodiko leku hartzen. Nik nahiago aspaldi hartua nuen Triunfo aldizkaria irakurri, eta kideen azalpenak aditu, haiek polito baitzekiten zurrumurruez eta halakoez. Alde hartatik ez zegoen aspertzerik.
Giro hartantxe irakurri nuen Gabriel Aresti idazlearen heriotzarena, eta haren beste zerbait ere. Triunfon, non bestela. Orrialde oso bi uztailaren bosteko alean. Hil eta hilabetera. Han ziren, Luis Aranburu Haranburu-Altunak sinaturik, hark Donostian maiatzean egina zion elkarrizketa ez ezik, bilbotarraren obraren laginak ere. Lagin artean baziren euskarazko hitz eta lerroak. Ez zen makala. Hemerotekan dago alea.
Alta, hara han idazle euskalduna Triunfo, Frankismoan legezkoak diren aldizkerietako ezkerrekoenean edo. Baziren zortzi bat urte edo Alderdi Komunistaren ildokoa omen zen hura irakurtzen eta huraxe halakoren batekin jotzen nuen lehen aldia. Jakin behar zuen Espainiak hil zela harako hura idatzi zuen poeta euskalduna:
Cierra los ojos muy suave, / Meabe, / pestaña contra pestaña, que sólo es español quien sabe, Meabe, / las cuatro lenguas de España.
Betazala betazalari josirik eta Itxiak begiak, ezin harrezkero ezer esan poetak, ez zuenak, denok dakigun legez, zerurik espero. Ez zeukan kantatzerik, ez zuhur eta ez ero. Eta hara gu haren heriotzaren mende erdi bete eta gero, lau hizkuntzen utopia espainol ez-izateko bide ederrena zitekeela sinetsirik. Ekin genion batzuek laurak ikasteari, bat edo beste hobeto eta bakarra ere ez ondo, ganoraz ikasi gaberik. Nik neuk bederen.
Soldadutza amaiturik etxera itzuli nintzen urtean, 1976an hain zuzen, Gabriel Arestiren lanak argitaratu zituen, liburuki bitan, harako Luis Haranburu-Altuna hark. Ez zeuden denak. Nahikoak ostera bilbotar euskaldun berriaren obrari tamaina hartzen hasteko adina. Han zegoen Maldan behera, zer izan zen hura. Ez zuen Gorbeiara igo beharrik izan euskaren salbazioa antolatzeko.
Ze, bai. Haren ostean inoiz isilduko ez zela agindu zuen gizonaren beste lan batzuk argitaratuz joan ziren, zer izan zen hura ere. Eta denak irentsi nik. Aresti, lar irakurtzen ari nintzen. Denen artean gogoan distira bereziagoz daukat gorderik haren Hiztegi tipia. Zinez zitzaidan gozagarria tarteka hartan sartzeak ez, amiltzeak. Euskara putzu sakon eta ilun bat izana zen, baina zuek denok, Gabriel, ur gazi bat atera zenuten handik nekez.
Idaztearen nekeak ez ezik, idatzi beharreko hizkuntza idatziaren erdiminarenak ere, eta argitaletxeak eratzearenak gero, lihoaren penak eta nekeak ugariagoak ziren harenak, bidean gainera zamari zitalen biraoak adituz eta doilorkeriak pairatuz, asperturik maisuz eta eskolez. Horretan Arestiren kazetaritzakoak etikaren etsenplua dira.
Horiek eta Arestiren beste asko, ez den-denak, Susa Argitaletxeak Karmelo Landak apailatu edizioan hamar liburukitan bilduak dira, ezin honetan aipatu barik utzi. Batik bat, niretzat behintzat, Aresti, bere osotasunean halako agindu inperatibo bat delako, bere belaunaldiarena ere badena: bakoitzak bakoitzarena egitea du ardura, eta denok denon artean batera herriarena. Euskal Herriak behar du, bai, Arestiren lan osoa eskuragarri, eta haren ezagutza euskarri. Hori, gure belaunaldiaren lana izaten ari da hori hein handi batean.
Berrogei urteren buruan herriari haren literaturaz gozatzea dagokio eta sortzaileoi haren sortzaile kezka eta minekin bat egitea.
Nola etxera ekarri ogia, saldu gaberik egia.
Argazkiaren iturria: Bilbo Zaharra Euskaltegia