Elkarrizketa :: Itxaro Borda 2025/06/26
Amaiur Epher

11 Galdera Amaiur Epher idazleari

Idazlea idazten, eta batzuetan idatzi ezin, agertzen duen nobela kitzikagarria ekarri digu Amaiur Epherrek (Izpura, 1994) Txalaparta argitaletxearen eskutik. Nahiz eta askotan erabili den mise en abyme gisako hori, “Haize beltza” honek dakarren etengabeko joko literarioak kuriositatea piztu eta autorearekin bi solasen egitera eraman gaitu Baionako geltoki inguruko Korail jatetxeko terrazan.

Maiatzen atera zen “Profeten iruzurra” duela hiru urte, zer nolako esperientzia bizi izan duzu lehen nobelarekin?

Egia erran, banituen jadanik bi antzerki idatziak argitara eman gabe. “Profeten iruzurra” kasik ustekabean publikatu zen. 2019an idatzi nuen, egon zen tirante batean eta 2020 Maiatzek onartu zuen. Biziki kontent nintzen, liburua ez baita arras borobila, forma aldetik nahiko berezia da, forman zegoen askatasun hori errespetatzea eskertu nuen. Ateak ireki zizkidan, beste idazle batzuen ezagutzeko aukera eman zidan, Luzien Etxezaharretarekin batera azoketan ibiltzeko... Nihaurk ere aurkeztu nuen ezker-eskuin, gaztetxeetan adibidez. Idaztea esperientzia bakartia da, musika egitea kolektiboagoa da, sentsazioak molde desberdin batez trukatzen ahal dira, literaturan guhaur gara besteen parean...

Eta kritikarena?

Jendea ez da baitezpada erratera ausartzen ez duelarik maite edo maite duelarik. Bada halako “pudikotasun” bat, eta gu, beharbada, ego handiko idazleak gara, beti eske eta eske gabiltza. Lan luze baten ondotik edozein oihartzun eskertzen da. Gogotik hartzen dut aski zintzoa den kritika, funts onekoa edo txarrekoa den nik dut erabakitzen, ez dut sobera pertsonalki hartzen... 

Eta zer egin dizu euskal Houellebecq gisa aurkeztua izateak?

“Profeten iruzurra” idazten ari nintzen denbora preseski, Houellebecquen presentzia handia zen eta justuki nire idazle zereginaren parte bat zen Houellebecqekiko distantzia baten jartzea, irakurle gisa ekarri didana ukatu gabe. Egia da badela nirean begirada pesimista bat, zinismora lerratzen dena, baina uste dut hala ere bada leize bat gure artean...

Bigarren nobela askotan zailena da idazteko, eta guk, zorionez, orain hor dugu “Haize beltza” zure eleberria...

Gogoa banuen 2022a idazketarako atxikitzeko, agendan markatua nuen. Baina gero urte berezia izan zen, Diabolo Kiwiko kantaria zen Leire galdu baikenuen auto akzidente batean. Oso bortitza izan zen. Hala ere lanari lotu nintzaion, jakin gabe zertara nindoan, ez nuen proiektu edo ideia argirik. Ez nuen esku artean dugun emaitza hau batere espero. “Profeten iruzurra” plazaratzeari esker Txalapartako Garazi Arrula editorea ezagutu nuen eta ate batzuk ireki zizkidan.

Nola hasi zinen nobela honen izkiriatzen?

Paul Austerren “Orakuluaren gaua” liburutik abiatu nintzen. Hortik zatitxo batzuk itzuliz, pertsonaiak New Yorketik Baionara ekarriz, ariketa zenbait eginez... eta une batez, zatitxo horiek metatu zitzaizkidan, hainbat non hilabete batzuen buruan ohartu nintzen bazegoela hor nobela potentzial bat...

“Haize Beltza” honetako narratzailea idazlea da, idatzi nahi du eta ezin, idazketa prozesua “abimean” ezartzea izan da zure xedea?

Bai, bistan dena, idazten ari zen niaren eta narratzailearen artean miraila joko bat bada. Narratzailea ere lehen pertsonan mintzo da Tomasen ahotsetik, eta idazle baten istorioa kontatzen du panpina errusiarretan bezala. Ez nuen baitezpada autofikziora jo nahi, genero hori anitz aipatzen den arren. Kode horiekin jostatu nintzen lehen liburuan, bigarrenean berdin: deiturak txori izenak dira, begi keinuak badira. Ene ingurukoek gauza batzuk ezagutzen dituzte, baina ez naiz ene bizia fikzionatzetik abiatu. Ene biziko elementu zenbaitek elikatu dute narrazioa, baina ez nuen hori gogoan, ez ninduen horrek interesatzen...

Zure nobelan pertsonaia franko badago, hala nola Oskar, Alizia eta Tomas. Honek Amilotxen figura sortzen du, bere barne gatazkak eta prozesuak azaltzeko: nor da Amilotx?

Liburuaren hasten denean ulertzen da Tomas nobela beltz bat idazten ari dela  beka baten trukean, eta bekaren bigarren partea eskuratzeko nobela bukatu behar duela. Amilotx eta bere lagunak, New Yorketik Donibane Garazira ekarri Alfred Hitchcocken Fenêtre sur cour filma ikusten ari dira, idazle-detektibeak badirela oroitarazten dute Montalbani pentsatuz, Jon Alonsoren “Carvalho Euskadin” nobela aipatuz... Amilotx, covid garaian, etxean kokatua da, leihoak zabalik, eta liburuan agertzen den moduan, beste istorio batzuetara desbiderarazten dut.  “Basilika” (Susa, 1985) eleberriaren segida bat bada ere, besteak beste. Amilotxek krimenaren eremu bilakatzen den Donibane Garazi bat kontatzen digu. Turismoaren inguruko “fartza” bat da. Beraz, ikusten dugu XXI. mendeko Aymeric Picaud beilari gaizoa, Donibane Garazi zeharkatzen, biktima baten antzera...

Nobela guzia erreferentziaz betea da, erreferentzia amerikarrak, bai eta euskal egile garaikideak ere, pasticheak egiten dituzu:  genealogia bat osatu nahi izan duzu?

Austerren liburutik abiatuta, nobela beltza gogoan, zati txikiak tartekatzeko ideia indartuz joan zitzaidan. Konturatzen nintzen hor XX.  mendeko literaturaren argazki bat egiten ari nintzela, eta euskal literaturarena ere bai. Gehienbat ekialdeko begiradatik, gaien aldetik, estiloen aldetik, beren erregistroak erabiliz. Mirande, Etxepare, Etxamendi eta Luku dira “Haize Beltza” nobelan agertzen diren izkiriatzaileak. Duela aspaldi Asier Etxeberriak “Bost idazle” gizonezko kanonizatu zituen, eta ondotik “Zortzi emakume” lana etorri zitzaion erantzunez. Nirea, kanon alternatibo bat da, jokoa, txiste moduko zerbait. Nahi nituen aitzinekoak baloratu, transmisio hari batean sartu, ez gure XX mende horren autopsia-biopsia egiteko, soilik horretatik abiatuz idazteko...

Testuan zehar, lehen hitzetik azkeneraino, halako ironia bat bada, zakarra batzuetan, besteetan eztia eta samurra. Ironia hori, nagusiki, iparraldeko idazleen lumapean aurkitzen dela iruditzen zait: zergatik zure ustez?

“Profeten iruzurra” jadanik biziki ironikoa zen. Tomasek, bigarren honen hasieran dioen bezala, ez nuen nik ere, liburu bera idatzi nahi. Badakit ene lehen liburuarekin ez nituela baitezpada erakarri irakurtzeko ohiturarik ez zutenak, hainbeste erreferentzia sartzeak distantzia pixka bat markatzen ahal baitzuen. Alde ironikoak beste publiko bat seduzitu dezake, eta orduan, erreferentziak hobekiago uztartzea eta distantzia atxikitzea izan da ene lana. Irakurketa posible horiek agerian uztea, sobera agerian utzi gabe. Idazten ari nintzenean, ironia osoa galdua nuela pentsatzen nuen, eta berriz irakurtzean ohartu nintzen, ez, ironia hor zegoela beti..

Ez duzu ihesbiderik aurkitu...

Ez, eta uste dut gainera, hori zerbait kulturala dugula. Familian badugu arraileriarako joera handia, batez ere etxeko osabak. Amak ere badu kokinkeria puntu bat, ez da trufa gaiztoa, baina pikoak eta xixta txikiak igortzeko ahala, bi anaiei transmititu diguna. Ipar-ekialdeko idazle gehienen ahoetan kausitzen dugu, ez dakit bertsolaritzatik edo sasi-bertsolaritzatik datorkigun zerbait ez ote den. Edo antzerki herrikoitik. Intuizio bat besterik ez da, gure kulturan ironia hori sakon errotua da, idazle belaunaldi garaikidean, bai eta aurrekoetan ere, autore gehienak apezak izan arren.

Arazo bat izan daiteke irakurle batzuentzat?

Ironia gure kasuan, kasik inposatzen zaigun erregistro bat da, baina sentsibilitate horrek ez du  beti ongi muga pasatzen. Irakurri izan ditut hemengo idazleen liburuen kritika batzuk, errealismo eskasa edo azpimarratzen dutenak, sekula susmatu gabe autoreak fokua agian beste nonbait ezari nahi duela. Alde “estrabagante” horiek erregistro horren parte dira, eta batzuetan irri egiten dut agerikoa baita umorea ez delako errealismo ildo batean kokatzen. Liburu honetaz adibidez, ez dela sinesgarria erraten badu batek, ez dela errealista, ba erranen nioke ez zela hori nire asmoa.

Donibane Garazi gertatzen da zure nobela, baita ere Baionako San Izpiritu auzo kosmopolita honetan, zergatik “eskarta” handi hori?

Baiona hiria da, Donibane Garazi ez hainbeste. Donibane atrakzio parke bat da gehiago, udako jolastokia, turismo inbasio horretarako dimentsionatua ez den hiria. Covidaz geroztik komertzio eta denda anitz, bertakoen ordez, kanpoko jendeengana itzuli dira, modu asumitu batean, lehenago diplomazia gehiagorekin biak uztartzera entseatzen zirela. Baiona aldiz arras bestelako zerbait da. Berant ezagutu dut. Gure hiria Iruñea izan da, ikasketak Bordelen eta Madrilen egin ditut, Baionan bukatu nituen irakasle bilakatzeko masterrarekin. Gaur egun Baionan lan egiten dut baina ez naiz bertan bizi. Baiona txikiaz gain, beste Baiona bat badela ohartzen gara. Arrosatik edo Garazitik trenez etortzen naizenean eta Marrakeko nire kolegioraino hiria zeharkatzen dudanean, euskararik ez dut entzuten, arras bestelako planeta batean gaude, jendeei ez zaie azenturik nabaritzen ere frantsesez ari direnean. Baiona, migrazio pasaia leku handia da, langile gisa ezagutzen dut Baiona, askotariko populazio horren parean euskara irakasle naizelako... ene nobelan nahi nuen giro hori erakutsi, jakinez Baiona eta BAM guneak ez direla iparralde guziaren eredu adierazgarrienak.

Ikusten da txoke emozional batek askatzen duela Tomas idazteko orduan... Txoke emozional bat behar da idazteko?

Ez dut uste, baina lehen hitzetik beretik argi nuen bukaerako aldaketa hori izango zuela liburuak eta aukera ezberdinak nituen. Une horretara heltzeko manera fluido batean bihurgune parrasta bat pasatu behar izan ditut. Phil Kraften parabola aitzinagotik ekarri nuen, elkarrizketa bidez kontatua da. Nahi nuen pertsonaien hitzetan agertzen zirenak edo, gerta zitezen gero, errealitatean: ideia horrek zeharkatzen du liburua, erakusteko hitzak nola gai diren errealitate baten deitzeko, Paul Austerren lanean bezala. Ez dut nik horrelako superstizioetan sinesten, baina gauza batzuk, aldaketa biziki bortitzek edo txokeek, hasieran tetanizatzen gaituzten arren, bideak irekitzen dizkigute. Hori da Tomasi gertatzen zaiona.

Idaztea, inspirazioa ala transpirazioa?

Bietatik badela uste dut. Jostatu naiz hor Tomasen orri zuriaren topikoarekin, baina onartu behar dugu, hobeki begiratzen badiogu, alferra dela eta prokrastinatzen ari dela. Orri zuria ez zaio bakarrik beteko, afera horretan izerdi pixka bat bota behar da, izerdiak elikatzen duelako inspirazioaren iturria. Ez dut orri zuriaren izurik baitezpada bizi izan...

Nola egiten duzu?

Ez dakit oraino zein izanen den hirugarren liburua. Beharko nuke jarri, gauza batzuk entseatu, beste batzuk bota, ate batzuk ireki, besteak hetsi. Idazlearen lana esploratzea ere bada eta ez da zeruko mirakulutik jaisten, Moisesi Jainkoak diktatu zizkion hamar manamenduen gisara. Ez nuke orokortu nahi, baina nik ez dut horrela funtzionatzen.  

Baliatzen duzun euskara eredua ere aipagarria zait, badelako halako mix bat, nik pertsonalki post-batua deitzen dudana; zuk ere horren parioa egin duzu Irakurle batzuengan zailtasunak sortzeko arriskuarekin?

Belaunaldi istorio bat dela uste dut. Aitzineko belaunaldia irakurle zailduz osatua zen. Aniztasun linguistikotik gehiago edan zuen. Guk, gure aldian kontuan hartzeko lana egin dute, bidea zabaldu digute... gure hizkuntza literarioa gehiegi estandarizatzen baldin badugu, irakurleei proposatzen dieguna hertsitzen dugu. Aurrekoen mintzaira-erreferentzia horien atxikitzea beharrezkoa da, ez ulertzeak hertsitze horretatik sortzen ahal direlako. Gure jenerazioko irakurleak ez dira hain zailduak... horregatik eskertzen dut Garazi Arrula, Bea Salaberrirekin egin zuen bezala, hizkuntza irekiaren parioa egin duelako ene nobelarekin ere. Dena den hor diren hitz guziak Euskaltzaindiaren hiztegian atzemanen dira. Iruditzen zait egikera ireki hori inportantea dela, gure arteko muga kulturala indartuz joan delako azken urteetan. Beti existitu da, baina gaur egun azkartzen doa. Batetik bestera pasatzeko aukera dugu sortzaileok, agian errazago da musikarientzat. Garrantzitsua da ekialdeko hizkera literario horren garatzea, preseski genealogiaren ideia horretatik abiatuz.

Zure burua idazletzat daukazu ala aitzineko belaunaldiak bezala nekeziak badituzu izendatze honen egiteko?

Uste dut etiketari darion seriostasun horri abstrakzio egiten diodala eta asumitzen dudala, praktikoki. Musikari gisa, aldiz, kostatu zait definitzea, biziki musikari onez inguratua izan naizelako beti, eta nik ene burua ez bainuen hain ona kausitzen. Kasik istripuz sortu zen Diabolo kiwi gure taldea eta ez nuen batere pentsatzen musikan murgilduko nintzenik. Oraindik ere Frigorekin segitzen dut... Etiketa den bezala behar da onartu eta publikatua naizen momentuan badira beste batzuk, beren xokoan ari direnak ezin argitaratuz. Publikatuak garenok hainbeste elkarrizketa izateko parada dugunok, irakurketa klubetan eta gonbitak ditugunok, ba, etiketa errefusatzen badugu pixka bat hipokrita izateaz akusatuak izan gintezke. Beraz ez dut zailtasun handirik alde horretatik, ez dut ere aldarrikatzen, ez da harrotasun bat ere, hartzen dut den bezala...

Itxaro Borda
Amaiur Epher