Patxi Ezkiaga
Euskal Idazleen Elkarteko Zuzendaritza taldeak Patxi Ezkiagaren profila GUGAN BEUDE ataletik kentzea erabaki du. Modu sistematikoan eta urte luzetan inpunitate osoz sexu-abusuak egindako pertsona batek ez du ohorezko lekurik merezi aipatutako atalean; hain zuzen ere, ohoretzeko asmoz sortutako atala baita GUGAN BEUDE. Azken asteotan egin diren sexu-abusu salaketak eta irakurri eta entzun ditugun lekukotasunek ohorerako lekurik ez dute utzi. Hogeitaka lagunek EIEren bazkide zen Patxi Ezkiagaren aldetik sexu-abusuak pairatu zituztela aitortu zutenetik, Zuzendaritza batzordeko kideok bueltaka ibili dugu gaia, eta biktimei sinesgarritasun osoa aitortzen diegunez gero, uste dugu salaketa larrien aurrean gure ohoretza lekutik kentzea ezinbestekoa dela, berauei gure babes osoa emateko.
EIEko zuzendaritza batzordeko kideok ez ditugu erasotzaileak babestu nahi eta garrantzitsua iruditzen zaigu horrelako egoeren aurreran jarrera irmoa mantentzea.