Galeusca jardunaldiak Palman
Palman bildurik 2024ko maiatzaren 29an,
guk, galizieraz, euskaraz eta katalanez idazten dugun idazleok,
ADIERAZTEN DUGU:
1. Hemen elkartu garela GALEUSCA kultur trukerako gunearen oinordeko gisa, gogoan izanik
historian aspaldiko aurrekariak dituela, jada Espainiako Bigarren Errepublikaren garaitik, eta
bere sorreraz geroztikako ibilbidean mugarri dituela urtez urte egindako idazle topaketak,
Pobleteko 1984ko Topaketatik aurrera, bai eta GALEUSCA Federazioaren eraketa ofiziala ere,
2008an. Gure aurrekoek utzitako ondare historiko, kultural eta linguistikoaren lekuko bizia
gara, eta erantzukizuna ez ezik borondatea ere badugu ondare hori orainaldian eta etorkizun
hurbilean proiektatzeko, garaian garaiko beharretara egokituz.
2. Gaur berriz ere ekingo diogula gure Federazioaren jarduera publikoari, 2.800 idazle inguru
ordezkatuz, lanean eta barne-lankidetzan zenbait urtez jardun ondoren, Bartzelonan egin zen
azken Topaketatik hamar urtera eta Pobleteko Topaketatik berrogei urtera.
3. Eusten diogula Galiziako, Euskal Herriko eta Països Catalanseko literaturen arteko ekintza
bateraturako konpromisoari, hainbat arlotan, hala nola idazketaren eta itzulpenaren esparruko
eskubide profesionalen aldeko borrokan, gure hizkuntzen arteko kultura- eta literaturatrukean,
haietan idatzitako literaturaren zabalkundean, adierazpen-askatasunean eta gure
Federazioaren jardunari hurrengo urteetan berriz ere ekiteko eginkizunean.
4. Amaitzeko, eta hemen azaldutako arrazoiengatik, nazioko, estatuko eta nazioarteko
erakundeei exijitzen diegu galizieraren, euskararen eta katalanaren aurkako eraso guztiak
bertan behera uzteko, baita eremu urrikoak edo gutxituak diren estatuko beste hizkuntzen
aurkako eraso oro ere. Era berean, eskatzen dugu haien normalizazioaren eta sustapenaren
garapen osoa, gure hizkuntzetan egindako literatur sorkuntza eta itzulpena hauspotzeko
politika eta programen bitartez, eta gure literatura nazionalen aitortza eraginkorra, hala
beteko bailirateke Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna (1992), Hizkuntza Eskubideen
Adierazpen Unibertsala (1996) eta Eskubide Kulturalei buruzko Friburgoko Adierazpena (2007).
Halaber, hiru literatura-sistemetako (katalanezkoa, euskarazkoa eta galizierazkoa) kulturaerakundeei
galdatzen diegu eskuz esku lan egin dezatela gure hiru kulturen arteko harremanak
normalizatzeko, baita estatuko nahiz nazioarteko esparruetan ere. Itzulpengintza eta literatura
nazioartekotzea izanik hemen elkartu gaituen topaketaren ardatz nagusia, berriz ere agerian
uzten dugu munduko elkarrizketa kulturalaren partaide izan nahi dugula, normaltasun osoz eta
inolako konplexurik gabe, bakoitzaren errealitate linguistiko, kultural eta nazionaletatik
abiatuta.
Palma, 2024ko maiatzaren 29a