<p>Galeusca 2025</p>

Galeusca 2025

Galeusca osatzen dugun, Galiza, Catalunya eta Euskal Herriko hiru elkarteok (AELC, AELG, EIE), asteburuan Santiagon de Compostelan elkartu gara, gure jarduera bateratua suspertzen jarraitzeko konpromisoa adieraziz jendaurrean; literatur eta kultura jarduerak partekatzeko eta sozialki garrantzitsuak diren esperientziak trukatzeko egingo dugu lan. Hau da, konexio eta komunikazio-zubiak sortzen jarraitzeko asmoa agertu dugu. Bere garaian, Galeusca sortzeko gure hizkuntza ez hegemonikoen konplizitateek bildu gintuzten, eta gure aliantzari jarraipena emateko helburuari eusten diogu. Asteburuan bildurik barne bilkuran aurrerantzean elkarlanean jarriko ditugun ekimenak adosteko aukera izan dugu. Aurrerantzean jorratu beharreko arloak ugariak dira, tartean, adimen artifizialaren afera eta autore eskubideak. Horri buruzko informazio zehatza eman zuten Sebastiá Portell, Ania Gonzalez eta Rubén Celaren eskutik. Europako European Writers Council erakundearen kide gara Galeusca osatzen dugunok eta bertan jorratzen den gai nagusietako bat dugu aipatu AAri buruzkoa. Bada beraz, aurrerantzean elkartrukatutako dugun lan lerro bat.

Eskarmentu eta bide historiko luzeko literaturak eta kulturak gara, eta ahozko literatura dugu ardatz eta oinarri nagusietako bat. Horregatik Santiago de Compostelan bildu garen honetan, aritu gara ahozkotasunak hizkuntza baten literaturaz duen garrantziaz. Amaiera ekitaldian zuzeneko saio bat antolatu zuten AELGko lagunek. Galizatik Alba Maria eta Lupe Blanco regueifeiras aritu ziren; Miquel Angel Adrover eta Berta Llos trobadors Katalunatik; Oihana Arana eta Amaia Elizagoien bertsolariak Euskal Herritik, norbere hizkuntzan. Elkarbesarkatuz amaitu zuten egileek, entzuleen txalo zaparrada artean.

Munduaren zabaltasunari begiratuz gero, gu bezalako beste asko dago. Ez-hegemonikoak edo eremu urriko hizkuntzak, eta literaturak, asko dira. Ez gaude bakarrik, maiz horrela pentsatzen badugu ere. Eta baldintza horietan, literatura egiten zuten. Egiten dugu. Eta, gauzak ondo, egingo dute. Ekiteko gogoz, maleta eginkizun bete ekarri dugu.

Asteburuan esan eta ikusitakoaren bideoak:

Goizean

Arratsaldean

San Domingos de Bonaval elizan

Jendaurrean irkaurritako manifestua:

Galeusca osotzen dugun, Galiza, Catalunya eta Euskal Herriko hiru elkarteok (AELC, AELG, EIE), 2025eko irailaren 20an Santiagon bilduta, gure jarduera bateratua suspertzen jarraitzeko konpromisoa adierazi nahi dugu; literatur eta kultura jarduerak partekatzeko eta sozialki garrantzitsuak diren esperientziak trukatzeko. Hau da, konexio eta komunikazio-zubiak sortzen jarraitzeko asmoa agertu dugu.

Gure literaturek 3.000 idazle biltzen dituzte, eta, harro esan dezakegu, munduan, 15 milioi hiztun potentzial baino gehiagorengana hel gaitezkeela. Eskarmentu eta bide historiko luzeko literaturak eta kulturak gara, eta ahozko literatura dugu ardatz eta oinarri nagusietako bat.

Mende luzeetako: gutxiespen, jazarpen, errepresioa eta eraso legalak gora-behera, aurrera egiten jakin dugu, eta denboraren joanarekin egokitzen joan gara. Bere garaian, Galeusca sorteko gure hizkuntza ez hegemonikoen konplizitateek bildu gintuzten, eta gure aliantzari jarraipena emateko helburuari eusten diogu.

Sormenaren askatasunetik, eta, giza eskubideen defentsa irmotik, munduko txoko sendo honetatik elkartasuna adierazi nahi diogu herri palestinarrari, eta, Israeleko estatua egiten ari den genozidioa gogor gaitzetsi nahi dugu Santiagotik.