Asel Luzarraga: “Onena, burua borboroka hasi eta istorio berriak zure baitan sortzen hasten direnean da”
Asel Luzarraga Zarrabeitia euskal idazle bizkaitarra da, enpresa ikasketetan diplomatua eta euskal filologian lizentziatua. Horrez gain, Punkamine musika taldeko kide izan zen eta gaur egun Euskal PEN klubeko kide ere bada.
Irati Aizpurua Ubeda
Idazteaz aparte ba al duzu beste afiziorik?
Seguruenik nire afiziorik handiena irakurtzea da, horretan ematen ditut ordu ordu asko, baina horrez gain sukaldaritza ere maite dut, batez ere lagunentzat plater gozoak prestatzea, eta aukera gutxiago izaten badut ere, masaje zalea ere banaiz, noranzko bietan, hartzeko zein emateko, agian horregatik ikasi nituen gauza biak Buenos Airesen emandako urteetan, sukaldari eta masajista. Beti lagun izan dudan beste zaletasuna, noski, musika izan da, baina gehiagotan entzule sortzaile baino.
Zein ikasketa mota egin dituzu iritsi zaren lekura iristeko?
Nire ikasketa ofizialak, esandako sukaldari eta masajista ikasketez gain, Enpresa eta Euskal Filologia izan dira, baina nagoen lekura, zein ere den, azken horrek, Euskal Filologiak, alegia, eta batez ere ikasketa ofizialetatik kanpo bizitzak irakatsitakoek ekarri naute. Kalea, familia, lagunartea, bizitza, norberak aske hautatutako irakurgaiak..., horiek, eskolarik onena.
Auto biografiarik idatzi duzu eta Txilen gertatutakoa kontatu?
Halako zerbait idatzi dut, bai. Erdaraz idatzi dudan liburu bakarra, Los buenos no usan paraguas, egun horietan bizi izandakoaren kronika da, entsegu politikoa izateaz gain. Fikzioan eta euskaraz, Gezurra odoletan eleberria ez da autobiografikoa, berez, baina Txilen bizi izandakoan inspiratuta dago.
Idaztean, zer da gehien gustatzen zaizuna?
Onena, "inspirazioa" esan ohi zaion misterio hori datorrenean da, burua borborka hasi eta mundu eta istorio berriak zure baitan sortzen hasten direnean. Eleberri bat idaztean ez dira une denak berdinak, badaude zati batzuk "derrigorrez" idatzi beharrekoak direnak, "lana" plazera baino gehiago, baina benetan gozatzen dena txinparta uneak dira, ahotsa berez hasten denean paperean bidea egiten. Ez dut ezagutzen halako plazerik sortzen duen beste ezer, sormenak bizirik sentiarazten zaitu, zu zeu, goi-goian.
Zein eragin du musikak zure bizitzan?
Musika lagun etengabea izan da gaztetatik, batez ere hamalau-hamabost urte nituela musikaz harago hitzen garrantzia aurkitu nuenean, punkean. Horrek garrantzi handia izan zuen nire baitan bizi zen anarkistarekin topo egiteko, inguratzen ninduen sistemak sortzen zidan ezinegonaren jatorria hobeto ulertzeko. Gero, literaturan ere, musikak maiz izan du bere tokia, eta aukera izan dudanean punk taldeetan aritu naiz. Lagun asko ere egin ditut musikari esker, batez ere punkak batu gaituenon artean, bai hemen, bai Txilen, bai Argentinan. Lanean nagoenean ere musika daukat beti jarrita. Oso tristea litzateke bizitza musikarik gabe. Gaur egun, noski, askoz zabalagoak dira nire gustu musikalak, den-dena jasaten ez badut ere.
Zeintzuk dira zure idazle gogokoenak?
Zaila da zerrenda mugatu bat egitea, baina saiatuko naiz. Oso maite dut Latinoamerikako literatura, oro har, eta hango idazle handien artean Reinaldo Arenas, Ernesto Sabato, Julio Cortazar, Jose Lezama Lima, Mario Benedetti eta Gabriel Garcia Marquez aipatuko nituzke. Haiez gain, maisu handiak dira, zein bere generoan, Ursula K. Le Guin, Amelie Nothomb, Kafka, Thomas Mann, Orwell, Huxley, Boris Vian, Camus, Orhan Pamuk eta, noski, handienetako bat, Saramago portugaldarra. Euskaldunen artean, Ramon Saizarbitoria, Unai Elrriaga, Asier Serrano, Irati Jimenez... Eta fikzioa idazten ez duten izen handiak ere ezin ahaztu, haiek ere inspirazio iturri handia izan baitira: Bakunin, Kropotkin, Proudhon, Malatesta, David Graeber, Emma Goldman... Eta zenbat geratzen diren kanpoan oraindik, euren tokia merezi dutenak!
Inspirazioa falta zaizunean, zerk inspiratzen zaitu? (Musikan edo idaztean)
Idazleok esango nuke inspirazio iturri nagusi bi ditugula: geure bizitza eta harremanak -horiek dakarten guztiarekin-, eta irakurtzen duguna. Baina inspirazioa falta zaizun egunetan bide bakarra dago: lana, buruari eragitea. Batzuetan, ordea, idaztea une hobe baterako uztea beste erremediorik ez duzu, hitza ezin delako behartu zugana etorri nahi ez duenean