<p>Abian da <i>Erbestez erbeste </i>ekimena</p>

Abian da Erbestez erbeste ekimena

 

 

Erbesteaz erbeste izenburuarekin argitaratutako liburuxka aurkezteko bertso-saio literarioa antolatu genuen, azaroaren 22an, Uxue Alberdi eta Miren Amuriza bertsotan, Goizalde Landabaso gai-jartzaile zutela. Birritan egin zuten, eguerdian bat eta iluntzean bestea, publiko desberdina baita gaiak eta doinuak ere, baina helburu nagusia bat eta berbera: ahaztutako emakumeen idatziei argia jartzea, horixe abiapuntua. Entzuleek esku artean zuten ‘Erbestez erbeste’ izeneko liburuxka, zeinetan jaso ditugun ahaztutako hainbat idazleren testuak, Juanra Madariaga idazleak topatu dituenak eta Edorta Jimenezek argitaratzeko moduan atonduak.

Bertsolari biak idazleak dira era berean eta ederki asko agertu zuten, ahaztuak diren emakumeen idatziak jasotzeko beharra. Alberdik kantatu bezala, garai bakoitzeko idazleok aurrekoen bizkar gainean igotzen gara aurrera egiteko eta ezinbestekoa da haiek berreskuratzea gaurkoak nora igo izateko. Hori guztia idolatriarik gabe. Amurizak zioen bezala, bazirela aitortu eta haien lana balioestea da bidea, Maurizia ez zen-eta bakarrik arituko!

Landabaso estrainekoz izan zen gai-jartzaile eta idatzietan egiten duen lez, gai sakonak eta umorea uztartu zituen. Denboran atzera eta aurrera eraman gintuen, nahiz eta hark gogorarazi bezala, zientzialari askoren arabera denbora ez den existitzen. Bilbo zaharrean, Kunako Ganbara berrian, atzokoen arimak eta ezinak eta gaurkoen grinak topo eta topa egin zuten, denboraz gaindi lurrean tokia eginez. Zorionekoak gu!