Julen Gabiria Lara

Julen Gabiria Lara Sormen-lanak

Galdakao, 1973. Soziologian lizentziatua eta Enpresa Zientzietan diplomatua da, eta itzultzailea da Labayru Ikastegian. Nobela bi idatzi ditu: Connemara gure bihotzetan (Elkarlanean, 2000) eta Han goitik itsasoa ikusten da (Elkar, 2004), bai eta biografia bat ere: Iparragirre (Elkar, 2001). Gainera, zenbait ipuin bildumatan hartu du parte: Euskal idazleen ipuin erotikoak (Txalaparta, 1998), Bilbao: ipuin biltegia (Alberdania, 2000), Bero hezeak (Txalaparta, 2001), Marihuanazko bufandak (Txalaparta, 2002) eta Ipuin izugarriak (Elkar, 2004). Itzulpengintza lanei dagokienez, J.M. Barrieren Peter Pan in Kensington Gardens eta Peter and Wendy liburuak itzuli ditu ingelesetik, eta biak daude bilduta Literatura Unibertsala saileko Peter Pan liburuan (Elkar-Alberdania, 2005). Gainera, Shakespeareren sonetoetan oinarritutako L.O.V.E antzerki obra ingelesetik itzuli zuen, eta ipuin bi idatzi zituen Irakurle anbulanteak antzezlanerako. Sariei begira jarrita, hauek dira aipagarrienak: Galdakaoko Ipuin Lehiaketa (1996), Basauriko Ipuin Erotikoen Lehiaketa (1997 eta 1998), Igartza Beka (1998) eta Zazpi Kale Saria (2001) Connemara gure bihotzetan nobelagatik, Basauriko Udaleko Ipuin Lehiaketa (2000), Igartza Beka Han goitik itsasoa ikusten da nobelagatik (2002) eta Literatura Unibertsala Beka (2003) Peter Pan in Kensington Gardens eta Peter and Wendy liburuak itzultzeko. Honez gain, Han goitik itsasoa ikusten da liburua izan zen 2004ko Bilboko Liburu Azokako euskarazko libururik salduena; ondorioz, Zazpikale saria jaso du 2005ean. Kolaborazioak egin ditu Euskal Herriko argitalpen askotan: Berria, Deia, Bizkaie!, Asteon, Egin, Ortzadar, Aizu!, Egunkaria, Argia, Bizkaia Irratia, Bost Axola... 2000-2002 denboraldietan gidoilari aritu zen ETBko Hasiberriak telesailean, eta 2002an Baietz gogoratu saioan. 2003ko urtarriletik hona, Bilboko Irakurlearen Tartea solasaldietako gidaria da. Bestetik, 2002tik hona itzulpengintza literarioko eskolak ematen ditu eta irakasle ari da zenbait literatura tailerretan. 2005eko urtarrilaren 1ean blog pertsonala inauguratu zuen, eta hor idazten zituen bere burutapenak, 2006ko martxoan blogari lana utzi zuen arte. 2015ean Julen Gabiriak euskarara ekarri du Ander Izagirreren Plomo en los bolsillos (Libros del K.O.); Beruna patrikan izenburupean Frantziako tourreko pasadizoak jasotzen dituen liburua dugu.