Bazkideak > Bazkideak Atik Zra

Juan Maria Lekuona Berasategi

Juan Maria Lekuona Berasategi Sormen-lanak

Oiartzun, 1927- Donostia, 2005.

Teologia ikasketak egin zituen eta meza berria Oiartzunen bertan egin zuen, 1953an. Urte horretan berean Erromara joan zen Teologia Izpirituala ikastera eta han aurkeztu zuen tesia, Ideario ascético-pastoral de Fray Bartolomé de los Mártires (1514-1592) izenburupean. Erroman, hain zuzen ere, idatzi zuen bere euskarazko lehen poema, Mindura gaur izenekoa.

Oso gaztetandik sentitu zuen Juan Mari Lekuonak literaturarekiko zaletasuna: idaztea gustatzen zitzaion eta euskaraz idaztea erabaki zuen, euskal kulturaren egoera zaila ikusita, herriari euskararen arlotik zerbitzua eskainiko ziolakoan. Orixe, Lauaxeta eta Lizardi izan ziren gazteetako lehen poetak, lehendabiziko literatur eraginak. Hamar bat urte idatzi barik egon ondoren, bigarren fase batean sartzen da Lekuona poeta eta Aresti aurkituko du: haren eraginez, batez ere, hasten da poesia sozial eta existentziala egiten.

Zeruko Argia, Olerti, Egan eta El Bidasoa aldizkarietan kolaboratu zuen, bere idazle bizitzaren hastapenetan. 1968. urtean bere doktoretza tesia argitaratu zuen: Ideario ascético-pastoral de Fray Bartolomé de los Mártires, O.P., 1514-1590.

Baina olerkigintzan nabarmendu da, batez ere. Lehenbiziko poema liburua 1966an eman zuen argitara, Mindura gaur, eta 1972an Muga beroak bilduman sartu zuen beste bi libururekin batera. 1981. urtean Espainiako Poesia saria jaso zuen.

Norbanakoaren arazo existentzialak jorratzen ditu bere poesian; ukitu modernistak erantsi izan dizkio bertsolaritzaren neurri tradizionalean landuriko moldeari. Bere poemagintza, urtez urte garatua eta sakondua, euskal literaturaren aldi desberdinen mugarri da. Bere poema
Errota Zahar dugu eredu aipagarria.

Beste alde batetik, ahozko literaturari buruzko artikulugintza jorratu izan du. Euskaltzain osoa 1987az geroztik, Euskaltzaindiko lehendakariordea (1989-95) eta Literatura Batzordeko arduraduna izan zen. Honez gain, EIZIEko lehendakaria izan zen (1987-90).