Doroteo Zobaran Kalzada Atzera

Osin-beltza
Lehenengo eszena

Txubel eta Klukotsen kezka

(Txubek eta Kulukots Osinean bizi diren igela eta apoa dira, oso kezkatuta dabiltza osinaren inguruan gero eta lagun gehiago dabilelako. Baina ibiltzea baino agertzen dituzten asmoak dira euren arazorik nagusiena. Guztiek uste dutelako osinarenganako eskubidea eurena dela.

Eszena argitzerakoan arratsaldea iluntzerantz eginda egongo da. Igela eta apoen kantak entzungo dira basoko zenbait soinurekin batera ikuslea kokatu bitartean. Halako batean osin barrutik kanpora salto egingo du igela batek. Eta lagunari deika hasiko da.)


Txubel.- (Igelaren antzera hitz eginez mintzatzen da, izaera bizikoa eta oso mugitua da, geldi egoten ez dakiena) Klukots! Klukots! Klukoots! Non sartu zara? Klukots!

Klukots.- (Apoarenaren antzeko hizkerarekin., Txubelek salto batez gainditu duena, berak astiro eta pazientziaz igoko du. Berba ere modu horretan egiten du, horrelakoa da Klukots) Banoa... Entzun zaitut... Hago lasai. Ez hadi hain ipurterrea izan.

Txubel.- (Berekiko) Hau maneatu orduko, ilea ere irtengo zait! (Klukotsi) Zuk, ez duzu ezerengatik arnegurik hartuko!

Klukots.- Beti matraka berdina! Txubel. Gauza bat esango dizut. Moteldu ezazu nerbioa, bestela txarto izan beharko duzu.

Txubel.- Baina, baina... Zelan zaude hain lasai?

Klukots.- Eta zergatik ez?

Txubel.- Ez duzu entzun ala?

Klukots.- Entzun zer?

Txubel.- Bisitariek esan dutena.

Klukots.- Bisitariek? Zein bisitarik?

Txubel.- Baina zuk, non daukazu burua? Ilargiaren adar batean seguru!

Klukots.- Hara Txubel! itxi plantak eta emaiozu atzera zure pelikula horri. Zer da jakin behar dudana?

Txubel.- (Bere burua lasaituz, lagunaren ganora kritikatzen ikusleari berba egiten dio Klukotsek entzuteko moduan) Klukots, Klukots ! Pazientzia luze eta pausua motz. (Klukotsi adarra joz) itzartu eta erne belarriak kontatuko dizut eta.

REW efektua
(ekite partitura)


(Musikarekin batera, flasharen argia jotzen hasiko da eta aurrerantz ikusitako ekite partitura guztia, flash izpiekin atzera egingo du. Klukots eta Txubel putzuan sartuko dira. Eta atze-atzeraka gorbata eta traje ugerdun hiru lagun agertuko dira, eszenaren erdian jarri eta bezperan esandako hitzak jakinaraziko dituzte.)

Hauxe duk hauxe negozioa

(Argi dirdirekin batera, atzerantz ibiliz hiru lagun eszenaratuko dira. Argi dirdirak gelditzen direnean hiru ugerrak lekuan egongo dira eta arazoa aipatzen den une jakin horretatik hasiko dira berbetan... Argi dirdirak gelditu, bost segundo itxaron eta hasi)

Uger I.- Negozio ona izango ote da?

Uger II.- Zalantzarik gabe!

Uger III.- Dagoeneko iragarkia ikusten ari naiz. "ZURE AMETSETAKO OPORRAK..."

Uger I.- Ez dugu arazorik izango ezta?

Uger II.- Arazoa, zergatik?

Uger I.- Ez dakit ba! Lur mokil bat mugitzen dugun bakoitzean hasten direlako protestak.

Uger.II.- Noren protestak?

Uger I.- Badakizu. Ekologistak eta holakoak.

Uger III.- Lasai. Horiek, hasieran arrantza egingo dute. Baina gero, gure bezerorik hoberenak izango dira.

Uger I.- Paperak konpondu dituk, larrearen jabetza eskuratu duk?

Uger II.- Hori konponduta dago. Ez zaitez kezkatu dena dago lotuta.

Uger I.- Eta urarena? Osinaren eskubidea?

Uger II.- Arazorik ez. Inor ez da Osinbeltzaz gogoratzen.

Uger III.- Eta gogoratzen dena ez da hona etortzen ausartzen. Leku hau, madarikatuta dagoela diote.

Uger II.- Lamiak, sorginak, iratxoak, gaueko espirituak... Uuuuuh!

Uger I.- Baina, hala eta guztiz ere, Batzuk ez dira konforme egongo.

Uger III.- Betiko lau txolopito erromantikoak, denari ezetz esaten diotenak. Baina beste guztiak. Ikusiko duzu ze pozik jarriko diren.

Uger II.- Laster isilduko dituzte. Diruak herrenak ere dantzan jartzen omen ditu.

Uger I.- Horrela bada. Zuen eskuetan uzten dut eta hurrengo bilerarako dena lotuta nahi dut.

Uger III.- Patrikerak betetzen hasteko.

Uger II.- Beno, berriketa gutxiago eta goazen. Bihar bertan bidaliko ditugu teknikari eta langileak Neurriak hartu eta ingurua azter dezaten.

Uger.I- Bai, bai. Egitasmoa lehenbailehen jarri behar da martxan.

(Argi dirdirak bueltatuko dira eta dena itzuliko da lehengo une berdinera Txubel eta Klukots berbetan ziren unera.)

Txubel.- Zer? Zer iruditzen zaizu?

Klukots.- Kaka zaharra!

Txubel.- Eta zer egin behar dugu?

Kulukots.- Zuk ez dakit. Baina ni banoa.

Txubel.- Nora?

Klukots.- Neure zulora.

Txubel.- Beste barik? Ez dugu ezer egingo?

Klukots.- Zer esaterako?

Txubel.- Ez dakit ba. Gainontzekoak jakitun jarri edo...

Klukots.- Zertarako, matraka handiagoa sortzeko? Gogoan duzu Neskok agertu ziren eguna?

Txubel.- Bai. Baina ez da gauza berdina. Neskok babes bila etorri dira, euren bizi tokiak suntsitu dizkietelako. Lamiaran, Lamiako, Lamiturri, leku guztietatik bota dituzte.

Klukots.- Badakit. Dagoeneko leku izenetan baino ez dira gelditzen. Baina, zer egitea gura duzu?

Txubel.- Ulerkorragoa izan zaitezke ezta?

Klukots.- Ulerkorragoa diozu? Baina agertu direnetik hona, euren kantuok direla eta ez direla badaezpadakoz bete bazaigu ingurua! (lamien kanta entzungo da) Hara! Zer esan dizut. Hor dabiltza berriro. Euren sasoia ondo zaintzen dute horiek. Goazen geure lekura burua galdu orduko.

(Saltoka eta dandarrez desagertuko dira putzuan, lamien kanta entzuten den bitartean.)